Ur murrizketak Arabako hainbat herritan, lehorteak eta eskasiak eraginda
Arabako Ur Partzuergoak ur murrizketak ezarri ditu Agurain edo Alegria-Dulantzi bezalako udalerrietan. Zuian, berriz, ura zisterna-kamioietan eramaten hasi dira hornidura bermatzeko.
Zuia. Artxiboko argazkia: Zuiako Udala
Uda beroa eta lehorra izaten ari da Euskal Herrian, eta Arabako hainbat udalerri eta kontzejutan ur murrizketak ezarri dituzte hornidura bermatzeko. Hori gertatu da, esaterako, Agurain, Alegria-Dulantzi, Elburgo, Urkabustaiz edo Zuian. Azken udalerri horretan ura kamioi-zisternatan eramaten hasi dira, lauzpabost kamioi-zisterna egunero.
Zuiaren kasuan, Baias ibaitik hartzen dute ura. Lehortea tarteko, haren emaria nabarmen jaitsi da eta horregatik ari dira arazoak izaten. Hori dela eta, Udala lanean ari da Zadorrako urtegiaren sarera lotu eta hornidura bermatzeko.
Urkabustaizen ere Baias ibaiaren menpe daude, eta atzo Udalak berriro ere herritarrei dei egin zien kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko.
Arabako Ur partzuergoak murrizketak ezarri ditu hamabost bat herritan
Urbide Arabako Ur Partzuergoak murrizketak ezarri ditu Arabako hamabost bat herri edo kontzejuren ur horniduran.
Partzuergoak zabaldutako aginduaren arabera, neurriak indarrean Agurainen, Puentelarra kontzejuan edota Elgea mendilerroko hainbat gunetan.
Azken horien artean daude Alegria-Dulantziko eta Burgeluko udalerriak, eta Gauna, Trokoniz, Txintxetru, Añua, Arbulu, Argomaniz, Gazeta, Ixona, Egileta, Mendijur eta Oreitiako kontzejoak.
Agindu berririk eman ezean, toki horietan debekatuta dago igerileku pribatuak betetzea, lorategiak edo baratzeak ureztatzea edota ibilgailu partikularrak garbitzea horretarako berariaz baimendutako establezimenduetan salbu.
Halaber, iturri eta instalazioetan ezingo da ura helburu "apaingarri hutsetarako" erabili.