Beste lurrikara bat izan da Venezuelan, 4,6 gradukoa
Jorge Rodriguez Venezuelako Parlamentuko presidenteak adierazi duenez, ez du kalterik eragin.
Venezuelarrak 4,6 graduko lurrikara batek astinduta esnatu dira astelehen honetan, iparraldean, baina ez du kalterik eragin herrialdean. Bost egun baino ez dira pasa lurrikara bi izan zirenetik, eta orain arte 1.719 hildako utzi dituzte.
Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak (USGS) adierazi duenez, dardara horrek 10 kilometroko sakonera izan du, eta epizentroa Caraballeda herritik iparraldera 27 kilometrora izan da, La Guairan, asteazkeneko lurrikarek gehien kaltetu duten estatuan.
Ikerketa Sismologikoen Venezuelako Fundazioak (Funvisis), bestalde, 4,2ko magnitudea izan duela esan du.
Nolanahi ere, Jorge Rodriguez Venezuelako Parlamentuko presidenteak Telegram bidez adierazi duenez, ez du kalterik eragin lurraldean.
Erreskate lanek jarraitzen dute
La Guairako biztanleek eroritako eraikinetan harrapatuta dauden senideen bila jarraitzen dute, eta funtzionario eta makineria gutxi daudela salatu dute.
Igandean, Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteak adierazi zuen erreskate lanek aurrera jarraituko zutela, jende gehiago erreskatatu behar zutelako.
Lurrikaren ondorioz kalteak jasan zituzten etxebizitzak ikuskatzeko batzorde bat berehala sortuko zela iragarri zuen, eta eskolak bertan behera utzi zituen astebetez. Presidentzia-batzordea arduratuko da, halaber, bestelako azpiegiturak ebaluatzeaz.
Zifra ofizialen arabera, 1.719 pertsona hil dira, eta 3.150 zauritu.