SUTEAK FRANTZIAN

Guardar
Quitar de mi lista

Lau pertsona atxilotu dituzte Girondan, suteak eragitea leporatuta

19 eta 21 urteko bi gizoni autobiara eta kirol-gune batera su artifizialak jaurti izana leporatzen diete, eta 33 urteko beste bati "zuhaixkei nahita su ematea". Baso-eremu batean barbakoa egiten harrapatu zuten laugarren gizon bat ere atxilotu dute.

bomberos-franceses-cerca-burdeos

Frantziako suhiltzaileak Bordeletik gertu. Argazkia: EFE

Lau gizon atxilotu dituzte larunbat honetan Gironda eskualdean, Frantziako Estatuko hego-mendebaldean, suteak eragitea leporatuta. 

Asteazkenean hasi ziren suteek 40.000 hektarea erre dituzte jada eta 167.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte.

Franceinfo kate publikoak Bordeleko Fiskaltzaren datuak aipatuz, jakitera eman duenez, atxilotuetako bi ostalaritzan aritzen diren 19 eta 21 urteko bi gizonezko dira. Goizaldean atxilotu dituzte La-Teste-de-Buchen, Arcachongo badia turistikoaren hegoaldean, Girondako sua piztu zen lekuan.

Autobiarantz eta kirol-gune baterantz su artifizialak jaurti izana leporatzen diete.

Hirugarren atxilotua 33 urteko gizon bat da, eta Bordeleko kanpoaldean atxilotu dute, Lormonten, "zuhaixkei nahita su ematea" leporatuta.

Bordeleko Fiskaltzaren arabera, laugarren gizon bat epaituko dute ostiralean baso-eremu batean erretzen eta barbakoa egiten harrapatu ostean, suteen larrialdi betean. Agintariek argitu dutenez, oraingoz ez dute loturarik aurkitu gertakari horren eta Girondan piztutako sute handiaren artean, baina haren jokabideak segurtasun publikoa arriskuan jarri zuela uste dute. 

Fiskaltzak, gainera, gogorarazi du sute-boladaren testuinguruan arriskuzko jokabideen aurrean erantzun judiziala gogortu egin dela.

Aurten 98.000 hektarea erre dira jada Frantzian, historiako kopuru handiena, eta Girondakoa da inoizko okerrena.

Erre diren hektarea kopuruaz gain, 200.000 lagun atera behar izan dituzte euren etxeetatik: 167.000 Girondan eta 37.000 Landetan.

Frantzia hego-mendebaldeko horiez gain, Var departamentuan, Alpe Garaietan, Korsika Garaian eta Ekialdeko Pirinioetako departamenduetan ere sute aktiboak daude une honetan.

Te puede interesar

Cargar más
Publicidad
X