Landetako suteak hobera egin du, baina oraindik ez dute kontrolpean
Suak 1.700 hektareari eragin dio jada eta 550 suhiltzaile inguru ari dira itzaltzeko lanetan. 650 lagun atera behar izan dituzte euren etxeetatik eta kanpingetatik eta 50 pertsonak gaur gauean itzultzeko baimena jaso dute.
Ostegunean Frantziako hego-mendebaldeko Landetako basoetan piztutako suteak bilakaera ona izan du igande honetan, itzaltze-lanetarako egokiagoak diren eguraldi-baldintzei esker. Hala ere, sugarrek toki batzuetan indartsu eta oraindik kontrolatu gabe jarraitzen dute. 1.700 hektarea kaltetu dira jada.
Landetako prefetak, Gilles Clavreulek, igande goizaldean adierazi du egoerak "bilakaera ona" izan duela, gauean sugarrak ez baitira nabarmen berpiztu.
Gauean erabilitako droneei esker ikusi dute bi fokuk bat egin dutela. Agintariek kaltetutako eremuaren inguruko datuak eman dituzte: larunbat arratsaldean 1.600 hektarea zirela kalkulatu zuten, baina dagoeneko 1.700 direla esan dute.
Prefetak argitu duenez, kaltetutako eremua handiagoa dela esateak ez du esan nahi suteak gauean aurrera egin duenik; kaltetutako eremuaren perimetroa berriro ebaluatzearen ondorio da.
Hori buak ez du aurrera egin gehiago, KORTEA baina toki batzuetan indartsu eta kontrolatu gabe segitzen du.
550 suhiltzaile eta aireko baliabideak
Itzaltze-lanetan 550 suhiltzaile inguru ari dira lanean, eta airetik lau Canadair hidrohegazkin, bi Dash ur-hegazkin eta Australiak utzitako Chinook helikoptero bat ari dira laguntzen.
Suteak bilakaera ona izan badu ere, agintariek zuhurtziaz jokatzen jarraitzen dute, eta, aurreikuspenen arabera, ebakuatutako 650 lagun etxera itzuli ezinik daude oraindik.
Bizilagunak eta turistak ebakuatuta
Sutea ostegunean piztu zen Luglon udalerrian, eta inguruko bizilagunak ez ezik, kaltetutako eremutik hurbil zeuden kanpinetako turistak ere ebakuatu behar izan zituzten.
Guztira 650 lagun inguru atera zituzten euren etxeetatik baina 50 bizilagunek etxera itzultzeko baimena jaso dute gaur.
Gauean berriz pizten ez bada edo aurrera egiten ez badu, bihar bizilagun gehiagori emango diote itzultzeko baimena.