Landetako baso-sutea berpiztu egin da eta 1.600 hektarea erre ditu
Luglon udalerriaren hegoaldean hasi zen sua, Mont-de-Marsanetik 30 kilometrora, eta Garein ingurura zabaldu da. 700 pertsona inguru ebakuatu dituzte prebentzioz.
Landetan ostegunean piztutako sutea larunbat goizaldean berpiztu egin da, eta 1.600 hektarea inguru erre ditu orduz geroztik, Gilles Clavreul prefetak jakitera eman duenez.
Luglon udalerriaren hegoaldean hasi zen sua, Mont-de-Marsanetik 30 kilometrora, eta Garein ingurura zabaldu da. Ondorioz, ehun pertsona inguru ebakuatu behar izan dituzte Luglonetik.
Aurrez, ostegunetik ostiralerako gauean, Luglongo kanpineko zenbait biztanle eta turista ere ebakuatu behar izan zituzten.
700 lagun ebakuatu dituzte, guztira, prebentzio modura.
Une honetan 550 suhiltzaile ari dira tokian bertan lanean, eta Philippe Sartre Garein herriko alkateak eguerdian esan duenez, "egoera zaila da, baina gero eta kontrolatuagoa dirudi".
Arratsaldean, sutearen ingurutik hedabideen aurrean egindako agerraldian, Frantziako Gobernuak Landetan duen ordezkariak azaldu du suak ez duela egunean zehar aurrera egin, eta 1600 hektarearekin jarraitzen dutela. Arratsaldea "aurreikusitakoa baino mesedegarriagoa" izan dela ere azpimarratu du eta gauerako euria espero bada ere, zuhurtzia eskatu du.
1949. urtetik Frantzian izan den suterik handiena kontrolatu eta astebetera piztu da sutea.