Trumpek esan du Ormuzko itsasartea AEBko lurraldetzat joko duela "laster"
Iran "garaitu" ostean egingo duela eta Washingtonen baimenik gabe itsasontziek ezingo dutela itsasartea zeharkatu adierazi du. Teheranen hitzetan, "ezin da txioak, hegazkin-ontziak, dekretuak edo hauteskundeetako hitzaldiak baliatuta bereganatu".
Donald Trump AEBko presidenteak adierazi du Ormuzko itsasartea AEBko lurraldetzat joko duela "laster", Iranekin duen gerra amaitu ondoren. Bi aldeen arteko negoziazioek aurrera egiteko zailtasunak izaten ari direnean egin ditu adierazpen horiek. Teheranek berehala baztertu ditu Trumpen hitzak, eta itsasbide estrategiko horren gaineko kontrola aldarrikatu du.
AEBk Ormuzko itsasartea kontrolatuko duela esan du Trumpek
"Iran garaitzen amaitzen dugunean, porrot izugarria jasaten ari baita, Ormuzko itsasartea AEBko lurraldetzat joko du laster. Funtsean, hori da", esan du Trumpek hiltzaldi batean.
AEBko presidenteak itsas blokeoa ere aipatu du, eta "guk baimentzen ez badugu, ez da ontzirik igarotzen", erantsi du.
Washingtonen eta Teheranen artean tentsio handia izaten ari denean egin ditu adierazpenok Trumpek, bi aldeek negoziazio-mahaian esertzeko zailtasunak dituztenean.
Iranek Trumpen mehatxuak baztertu ditu
Iranen erantzuna berehala heldu da. Kazem Gharibabadi Atzerri ministrordeak AEBko presidentearen hitzak gaitzetsi, eta honakoa erantsi du: "Ormuzko itsasartea ezin da txioak, hegazkin-ontziak, dekretuak edo hitzaldiak erabiliz eskuratu".
Gharibabadik gaineratu duenez, "Iran ez da mehatxuen beldur eta ez da botere-erakustaldien aurrean kikiltzen", eta "errealitatea behingoz onartzeko" eskatu dio Trumpen administrazioari.
Teheranek itsasartearen gaineko kontrola aldarrikatu du
Irango Atzerri ministrordearen arabera, AEBk "porrot estrategiko larriak" jasan ditu, eta Ormuzko itsasartea "irandarra zen, irandarra da eta irandarra izango da", erantsi du.
Gharibabadiren hitzetan, itsasartea "Irango agintaritzapean soilik ireki eta itxiko da", eta ohartarazi du Iranek blokeoa mantenduko duela Washingtonek "porrota onartu eta ilusioak alde batera uzten ez dituen bitartean".
Ormuzko itsasartea hidrokarburoa garraiatzeko munduko itsasbide nagusietako bat da, eta Persiar golkoa Omango golkoarekin eta Arabiako itsasoarekin lotzen du.