Trumpen gobernuak Nazioarteko Zigor Auzitegia zigortu du, bertako epaile ohi bati Nobel saria eman ostean
Nazioarteko Zigor Auzitegiak AEBn dituen ondasun eta interesen blokeoa iragarri du Marco Rubiok. Auzitegiak, berriz, "neurri zehatzak" hartzeko eskatu die 125 kideei.
Donald Trump eta Marco Rubio, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Donald Trump AEBko presidentearen gobernuak Nazioarteko Zigor Auzitegiari zigorrak ezarriko dizkiola iragarri du ostiral honetan, Bakearen Nobel saria Navi Pillay hegoafrikarrak (auzitegi horretako epaile ohia) jaso duela jakin eta ordu gutxira. Estatu Batuak ez dira Auzitegia sortu zuen Erromako Estatutuaren parte, eta AEBko Gobernuak ez du begi onez ikusten estatubatuarrak edo euren aliatuak (Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa kasu) ikertzea eta epaitzea.
Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak sare sozialetan argitaratutako bideo batean azaldu duenez, "herrialdea defendatzen duten militarrak, nazioa babesten duten mugako patruilako agenteak eta gure segurtasun nazionala bermatzen duten buruzagi hautetsiak" auzipetzea errefusatzen dute. Hala, "legez kanpoko auzitegi horrekin transakzioak egitea" debekatuko dutela gaineratu du, "euren baliabideak moztuz eta gure kontra egiteko gaitasuna geldiaraziz".
Hala ere, zigorrak ezarri arren, "irtenbide diplomatikoa" espero duela esan du Rubiok.
Washingtonek iragarritako neurriak dira, besteak beste, Auzitegiak Estatu Batuetan edo AEBko herritarren eta enpresen kontrolpean dituen ondasun eta interesak blokeatzea eta erakundearekiko transakzioak murriztea.
Halaber, aldi berean, Altxorraren Departamentuak zenbait salbuespen onartu ditu Auzitegiaren zenbait jarduera berehala etetea saihesteko; besteak beste, 180 eguneko lizentzia orokorra, funtzionamendurako beharrezkoak diren eragiketa jakin batzuk ahalbidetzeko.
Washingtonek Auzitegia bera sartu du oraingoan bere zigor erregimenean, baina aurretik hainbat neurri hartu ditu erakundearekin lotutako 17 pertsonaren aurka (epaileak eta fiskalak, tartean).
Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen 2025eko otsailean, AEBko edo herrialde aliatuetako herritarren aurkako ikerketa edo prozesuetan parte hartzen zuten arduradunak zigortzeko atea ireki zuena, eta berariaz adierazi zituen 2024ko azaroan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohiaren aurka emandako atxilotzeko aginduen ondorioz egin zuela.
Nazioarteko Zigor Auzitegiak neurriak hartzeko eskatu du
Nazioarteko Zigor Auzitegiak "irmoki" errefusatu ditu AEBk bere aurka ezarritako zigorrak, eta ohartarazi du Zigor Auzitegiaren funtzionamendua "asaldatzea" eta bertan lan egiten duten pertsonak "beldurtzea" helburu duen "zuzenbide estatuaren aurkako erasoa" dela.
Genozidioagatik, gizateriaren aurkako krimenengatik eta gerrako krimenengatik gizabanakoak ikertzen eta epaitzen dituen Gorteak ohartarazi duenez, "inork ez luke zigorrik jaso behar Justiziaren auzian aritzeagatik", eta Zigor Auzitegiko kide diren 125 herrialdeei "neurri zehatzak" hartzeko eskatu die, Auzitegiak lanean jarraitu ahal izatea bermatzeko.
"Gorteak bere agindua erabat betetzen jarraituko du, independentziaz eta inpartzialtasunez, eta soilik eskubideetan eta frogetan oinarrituta, krimen larrien biktima ugarien onerako", esan du Tomoko Akane epaile japoniarrak, Trumpek zigortutako Auzitegiko kideak.
"Kolpe gogorra" nazioarteko justiziari
Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Anton Guterresek, zigorrak gaitzetsi ditu, eta nazioarteko krimenak jazartzeko Auzitegiaren gaitasunean izango duten eraginaz ohartarazi du. "Kolpe gogorra da" justiziarentzat, deitoratu du.
NBEk Nazioarteko Zigor Auzitegiaren "independentziaren aldeko babes irmoa" berretsi du, eta estatu "guztiei" eskatu die "Nazioarteko Zuzenbidearen arabera hartutako konpromisoak" errespeta ditzatela eta "nazioarteko komunitatea kezkatzen duten delitu larrienengatik kontuak ematera bideratutako ahaleginak" babes ditzatela.