Gazteei eta segurtasunari buruzko doktrina gogortu du Italiak, herrialdeko istiluak geldiarazteko
Adin txikikoak modu prebentiboan atxilotzeko aukera onartu du eta protestetan indarkeria erabiltzea delitu gisa tipifikatu du.
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Italiako Ministroen Kontseiluak azken egunetan herrialdea astintzen ari diren protestei erantzun die gazteen eta segurtasunaren arloko neurriak indartuz. Astearte honetan oposizioak gogor kritikatu duen dekretu berri bat onartu du eta horren arabera, aurrerantzean, posible izango da adin txikikoak modu prebentiboan atxilotzea –orain arte helduei soilik aplikatzen zitzaien–. Horrez gainera, manifestazioetan indarkeriaz parte hartzearen delitua sortu du.
Italiako Gobernuak hilabeteak zeramatzan atxiloketa prebentiboa adingabeei zabaldu nahian. Giorgia Meloni lehen ministroak iragarri duenez, "gaurko dekretuarekin, araudia berehala sartuko da indarrean". Hala, segurtasun indarrek 18 urtetik beherako pertsonak 12 orduz atxilotu ahal izango dituzte polizia-etxeetan, baita deliturik egin ez badute ere, betiere arriskua adierazten duten frogak baldin badaude.
Sortu duten delitu berriari dagokionez, bost pertsona edo gehiagoko talde bateko edonork harriak, makilak edo jendea arriskuan jartzen duen edozer gauza botatzen badu, bost urte arteko kartzela-zigorra eta 20.000 euro arteko isunak jasoko ditu.
Melonik esaera batean laburbildu ditu hartutako neurri horiek: "Egiten duenak ordain dezala, eta bestela, gurasoek ordain dezatela". Manifestarien kexak ulertzen dituela esan duen arren, bere "deserosotasunak" ezin direla "indarkeriarentzako koartada" izan gaineratu du.