Frantziako protesten ondorioak: pertsona bat hil da, 1.800 atxilotu dituzte eta txikizioa dago nonahi
Parisen pertsona bat hil zen atzo bihotz-biriketako geldialdiak jota, eta ehunka zauritu daude. 800.000 lagun atera ziren kalera bizitzaren garestitzearen kontra protesta egiteko. Kalteak nabarmenak dira. Limogesko udaletxea erabat suntsitu dute garrek.
Urriaren 17ko protesten biharamun garratza dute gaur Frantzian. Aspaldiko protesta jendetsuenek balantze iluna utzi dute: pertsona bat hil da, ehunka zauritu dira, 1.000tik gora dira atxilotutakoak, eta kalte materialak, ugariak bezain larriak. Manifestarien haserrea indarkeriarekin nahastu zen, eta kalapita sortu: hiriko altzari eta eraikinak kaltetuta, barrikadak, arpilatzeak... Gertakari larriena akaso Limogesen (hego-mendebaldea) jazotakoa: sutea piztu zen eta XIX. eraikina erabat kiskalita geratu da. Suhiltzaileek gaur lortu dute garrak mendean hartzea.
Parisko Prefeturak gaur jakinarazi duenez, atzo pertsona bat zendu zen hiriburuan bihotz-biriketako geldialdia izanda. Gainera, gazte batek besoa galdu zuen Saint Etiennen (hego-ekialdea) Poliziak jaurtitako granada bat zartarazita. Ehunka pertsona zauritu dira, tartean 500 agente, jendarme eta suhiltzaile.
Atxilotutakoak gehiago dira, ia 2.000. Laurent Nuñez Barne ministroak eman berri du eguneratutako datua: 1.800 pertsona atxilotu dituzte; Parisko metropolian 855 eta Lyonen, 160.
Bart Sebastien Lecornu lehen ministroak adierazitakoa gogorarazi du gaur Parisko Prefeturak: "Atxilotutakoek egindakoa ordaindu beharko dute, eta zigorra jaso".
Barne ministroaren arabera, "milaka ultraeskuindarrek" eragin zuten triskantza, eta gerora, "gaizkileak" batu zaizkie hainbat hiritako dendak arpilatzera. Nuñezek gogorarazi duenez, "protesta egitea oinarrizko eskubidea da, desordenak eragitea eta indarkeria modu antolatuan erabiltzea, ez".
Hainbat eragilek deituta egin zituzten protestak. Frantzia osoan 50 manifestazio baino gehiago egin ziren, eta era guztietako manifestariak izan ziren: ikasleak, langileak, erretirodunak, 'txaleko horiak', nekazariak, klimaren aldeko ekintzaileak eta baita militante antifaxistak ere. Antolatzaileen arabera, 800.000 herritar baino gehiago atera ziren kalera (500.000, Barne ministroaren arabera).
Ipar Euskal Herrian ere oihartzuna izan zuten protestek. Baionako manifestazioa oso jendetsua izan zen. Martxaren ondotik, A63 autobidera jo zuten manifestariak, eta hainbat orduz blokeatu zuten errepidea. Ondoren, istiluak izan ziren Baionako suprefeturan.
Biharamunean, hondamendi itxura dute kaleek. Dendetako kristalak hautsita, pintaketak, hiriko altzariak barrikada gisara lurrean botata, eta kalteak Marseillako (hegoaldea) eta Lilleko (ipar-mendebaldea) udaletxeetan.
Limogesko udaletxea, garrak kiskalita
Bart Limogesko udaletxean piztutako sutea kontrolatzea lortu dute gaur suhiltzaileek, Vienne Garaia Departamentuko prefetak jakinarazi duenez.
Bertako agintarien arabera, hirian izandako manifestazioaren ondotik, hainbat lagunek atea indarrez zabaldu zuten eta su eman zioten eraikinari. Garrak arin zabaldu ziren, eta kanpandorrea behera etorri zen.
Guillaume Guerin Limogesko alkateak gogor gaitzetsi du erasoa. "Oso maitatua den eraikina suntsitu dute, baina zerbitzu publikoa ez dago etenda", aldarrikatu du.