Lehen emaitza ofizialek garaipen argia ematen diote Serbiako Ikasleen Zerrendari
Vucicek porrota onartu du eta hauteskundeetako emaitzak "atzerriko herrialdeek oposizioari eman dioten laguntzari" egotzi dizkio. Festa lehertu da hiri nagusietan.
Ilija Srdanovic, Ikasleen Zerrendako liderra. Argazkia: EFE
Ilija Srdanovic kardiologo eta Novi Sadeko irakaslea buru duen Ikasleen Zerrendak irabazi ditu igande honetan Serbian egindako hauteskunde aurreratuak, botoen % 52rekin, 750 hauteslekuren zenbaketari dagozkion emaitza partzialen arabera.
Datuak baieztatuz gero, Ikasleen Zerrendak Batzar Nazionala osatzen duten 250 eserlekuetatik 138 lortuko lituzke, eta Aleksandar Vucic-Serbia Batua zerrendak 104 ordezkari, botoen % 39,3 eskuratuta.
Beste inongo alderdikez du ordezkaritza lortzeko legezko gutxiengoa gainditu, Hungariako eta Albaniako gutxiengoen alderdiek izan ezik.
Emaitzak aurreratu dituen lehena Aleksandar Vucic Serbiako Alderdi Aurrerakoiaren (SNS) zerrendaburua bera izan da. Ikasleen Zerrendak 135 eta 140 eserleku arten lortu dituela eta eurek 105 adierazi du.
"Ez ditugu behin betiko emaitzak. Asko harritu egingo dira. Esan nahi dizuet lagin estratifikatu baten arabera, argi dagoela hauteskunde hauek galdu ditugula", esan du Vucicek bere alderdiaren egoitzatik.
Vucicek Ikasleen Zerrendak irabazi dituela hauteskundeak aitortu du. "Beste inork ez du ordezkaritzarik lortu... Beno, Vojvodinako hungariarrek hiru eserleku dituzte, eta albaniarrek", gaineratu du.
Nolanahi ere, ohartarazi du "borroka" egingo dutela. "Badakit askorentzat une zaila dela (...). Batzuek alde batera utziko gaituzte, baina gure egitura oso sendoa da. Oposizioarengandik ikasi dugu, beraz, ez zaitezte haserretu", esan die jarraitzaileei.
Vucicek salatu duenez, emaitza hori "atzerriko herrialdeen laguntzarekin" martxan jarri duten "iraultzaren" ondorio da. "Zorionak ematen dizkizuet, nahiz eta beste batzuek diseinatutako lan zikin baten egileak izan", adierazi du. Eta martxoan edo apirilean Errusiaren aurkako zigorrak onartuko dituztela iragarri du: "Natasa Kandic zoriondu nahi dut. Bere politikak irabazi du", esan du, Jugoslaviaren haustura bultzatu zuen ekintzaileetako bati erreferentzia eginez.
Berehala hasi dira ospakizunak herrialdeko hiri nagusietako kaleetan.