AEB

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Trumpek Stephen Miller aholkulari polemikoa izendatu du kabineteko buru

Millerrek Susie Wiles ordezkatuko du, kargu hori bete duen lehen emakumea. AEBko presidentearen ondoan egon da bere bigarren agintaldia hartu zuenetik 2025eko urtarrilean. Presidentetzarako hauteskundeetan errepublikanoen estrategia zuzendu zuen berak.

26 May 2026, US, Washington: US Vice President JD Vance (R) and White House Deputy Chief of Staff Stephen Miller host a meeting of States Attorney Generals to discuss fraud in government programs. Photo: Andrew Leyden/ZUMA Press Wire/dpa
Stephen Miller, Donald Trumpen politika eztabaidagarrienen sustatzailea. Artxiboko argazkia: Europa Press

Donald Trump AEBko presidenteak ostiral arratsaldean iragarri duenez, Stephen Miller aholkularia izango da haren kabineteko burua aurrerantzean, Etxe Zuriko kargurik handienetako bat betez. Agintariaren politika eztabaidagarrienen sustatzailea da Miller.

"Atsegin handiz iragartzen dut Stephen Miller jaunak, Trumpen Administrazioaren kabineteko egungo buruordeak eta konfiantza handieneko nire aholkularietako batek, kabineteburu kargua hartuko duela astelehenetik aurrera, 2026ko azaroaren 9tik aurrera", nabarmendu du Trumpek Truth Social sarean.

Millerrek Susie Wiles ordezkatuko du, kargu hori bete duen lehen emakumea. AEBko presidentearen ondoan egon da bere bigarren agintaldia hartu zuenetik 2025eko urtarrilean. Presidentetzarako hauteskundeetan errepublikanoen estrategia zuzendu zuen berak.

Wiles, "lan bikaina egin duena, Trumpen egitura politikoaren parte izatera igaroko da. Kabineteburu gisa egindako zerbitzua eskertu nahi diot; lan handia egin du!", esan du AEBko presidenteak.

Miller 1985ean jaio zen, Kalifornian, eta migrazio eta mugako politikaren arkitekto nagusietako bat izan da; besteak beste, gehiengo musulmana duten herrialdeei betoa jarri die, eta 2012an Barack Obama presidente ohiak sortutako DACA migrazio programarekin amaitzeko ahaleginak egin ditu.

Millerren hautaketa 70eko hamarkadaz geroztik errepublikanoek agintaldi erdiko hauteskundeetan izandako porrot handienaren ondoren jazo da. Hauteskunde horietan, demokratek aise berreskuratu dute Kongresuaren gehiengoa. Dena dela, Trumpek bere agenda defendatzen jarraitu du azken orduotan.

Iranen aurkako gerra defendatu du

Bestalde, Trumpek azpimarratu du Israel eta Ekialde Ertaina "ez liratekeela existituko" berak Irani arma nuklear bat izatea "eragotzi ez balio".

Truth Social sare sozialean zabaldutako mezu batean nabarmendu duenez, "inork esan nahi ez duen iritzia da, baina mundu guztiak daki egia dela". Zehazki, JD Vance presidenteordeak egindako kritiken ostean egin du baieztapen hori.

Asteartean, errepublikanoek agintaldi erdiko hauteskundeak galdu izanaren "arrazoia" Irango gerra izan zela ziurtatu zuen Vancek X sare sozialean. Alderdi Errepublikanoaren barne datuen arabera, arazoa ez zen abstentzioa izan, 2024an Trumpen alde bozkatu zuten askok oraingoan demokraten alde bozkatu zutelako baizik.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X