Drone bidezko eraso batek Errusiako ontzi bat kaltetu du Finlandiako golkoan
120 metroko luzera duen ontziari bi dronek eraso diote Kaliningradora zihoala, Baltikoan dagoen Errusiako enklaberantz. Iraganean, Errusiako armak garraiatzeko erabili izan dute, eta ontzian 16 tripulatzaile zeuden.
Errusiako merkataritza-ontzi bati su eman diote Finlandiako golkoan. Argazkia: Europa Press
Sparta II Errusiako zamaontzia ainguratuta geratu da gaur, larunbata, Finlandiako golkoko uretan, drone bidezko eraso baten ondoren. Erasoak sutea eragin du ontzian, eta Moskuk Ukrainari egotzi dio erasoa. Helsinkik, Ukrainaren eraso-eskubidea babestu du, herrialdeak bere burua defendatzeko duen eskubidearen baitan.
120 metroko luzera duen ontziari bi dronek eraso diote Kaliningradorantz zihoala, Baltikoan dagoen Errusiako enklaberantz. Hala jakinarazi du Alexandr Drozdenko Leningrad eskualdeko gobernadoreak.
Errusiako eskualdeko gobernadorearen arabera, erasoa "Finlandiako golkoko ur neutroetan" gertatu da, "Errusiako Federazioaren mugatik hiru itsas miliara".
Finlandiako Mugako Guardiako komandante Ilja Iljinek, ordea, adierazi du Ukrainako droneek Errusiako uretan jo dutela ontzia.
Erasoaren ondoren, ontzia "nazioarteko uretatik Finlandiako lurralde-uretara noraezean iritsi da, Finlandiako golkoaren ekialdean", azaldu du Finlandiako Mugako Guardiak ohar batean.
Finlandiako agintarien arabera, egoerak "ez du arriskuan jartzen gainerako itsas trafikoa". Hala ere, segurtasun-arrazoiak direla eta, Sparta II ontziaren inguruan eremua mugatu dute.
"Ez da ingurumen-kalterik atzeman", jakinarazi du Finlandiako Mugako Guardiak. Tripulazioa ebakuatu aurretik geratu da ontzia ainguratuta. Guztira, 16 tripulatzaile zeuden.
Sparta II ontzia Errusiako armak garraiatzeko erabili izan dute iraganean.
Petteri Orpo Finlandiako lehen ministroak ere egoeraren berri eman du X sare sozialean. Haren esanetan, Finlandiako agintariak gertatutakoa kudeatzen ari dira. Ontzian piztutako sutearen kea, gainera, "gure inguruko eremuetara zabaltzen ari da".
Orpok Ukrainaren defentsarako eskubidea ere aldarrikatu du, Sparta II ontziaren aurkako erasoa hizpide hartuta: "Ukrainak erasotzailearen aurka defendatzeko eskubidea du".