Asteburu euritsu eta haizetsua, eta hobekuntza nabarmena igandean EAEn
Euria eta haizea izango dira nagusi gaur eta larunbatean, bereziki isurialde atlantikoan. Igandean, aldiz, giro lasai eta eguzkitsuagoa espero da, eta tenperaturak apur bat gora egingo du.
Asteburu hasiera gorabeheratsua izango da eguraldiari dagokionez Euskadin. Euria eta haize bizia izango dira fronte baten ondorioz. Igandean, ordea, hobera egingo du.
Gaur, ostirala, hodeiak eta ostarteak izan dira egunaren hasieran, baina zerua estaliz joan da goizean zehar. Euria egingo du egunean zehar, eta sarriago eta ugariago egingo du gauean, baita ekaitzak ere. Haizeak hegoaldetik edo hego-mendebaldetik joko du, bolada gogorrak izango dira tarteka, eta mendebaldera edo ipar-mendebaldera egingo du arratsaldearen amaieran. Eguneko tenperaturak ez dira ia aldatuko, baina apur bat jaitsiko dira.
Tenperatura 10 eta 17 gradu artekoa izango da Donostian, 11 eta 18 artekoa Bilbon eta 6 eta 14 artekoa Gasteizen.
Larunbata egun goibel eta euritsua izango da, batez ere isurialde atlantikoko iparraldean eta ekialdean. Hegoaldean, prezipitazioak gutxituz joango dira goizean zehar, eta ostarteak zabalduko dira; Ebroko ibarrean, eguzkia agertuko da tarteak. Haizeak mendebaldetik edo ipar-mendebaldetik joko du, eta tenperaturak 2 eta 3 gradu artean jaitsiko dira aurreko egunekoekin alderatuta.
Igandean, aldiz, barealdia iritsiko da. Goizean, lanbroa eta behe-lainoa espero dira, eta zaparrada txikiren bat botako du goizean goiz Gipuzkoan. Gainerako orduetan, egonkorragoa izango da, zerua hodei gutxirekin egongo da, eta tenperaturak gora egingo du.
Astelehenean, lanbroa eta lainoa izango dira, hodeiak tarteka, eta mendebaldeko haize ahula. Tenperaturan ez da aldaketarik izango, edo apur bat egingo du gora.