EGURALDIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hotzaldiak lehen elurteak utzi ditu Urduñan eta Belaguan, eta dispositiboak indartu dituzte Euskadin eta Nafarroan

Elurrak eta euriak kezka eragin du errepideetan, eta tenperaturak behera egingo du gaur arratsaldean. Elur-kota 500 metrora jaitsiko da ostiralean (batzuetan 400 metrora), prezipitazio iraunkorrekin batera.

CICLISTA NIEBLA FRIO HOTZA VITORIA GASTEIZ EFE
Hotza eta lainoa Gasteizen. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia mantenduko du ostegun eta ostiral honetan, 1.000 metrotik beherako elurragatik eta etengabeko prezipitazioengatik.

Nafarroan lehen elur-malutak erortzen ari dira dagoeneko, Belaguako portuko webguneetan ikus daitekeenez.

Gasteizen hiru gradurekin esnatu dira, Iruñean bezala (-3 Izaban); 7 gradu Bilbon (10 Berriatuan) eta 7 Donostian. Baionan termometroek lau gradu markatu dituzte.

Ostegun honetan, kota 800-1.000 metro inguruan kokatu da goizaldean, eta 600-900 metrora jaitsiko da eguerdian, gauean 500-700 metrora iritsiko dela iragarri dute. Zaparrada txiki-ertainak bota ditu, oso ugariak Kantauri isurialdean eta egunaren bigarren partean ekaitzak eta txingorra egin dezake. Prezipitazio iraunkorren abisuak indarrean jarraitzen du, eta 24 ordutan metro koadroko 60 litro baino gehiago pila daitezke.

Ostiralean iritsiko da txarrena: elur-kota 500 metro inguruan geratuko da egunaren lehen partean, eta 400 metrora jaitsi daiteke. Arratsaldean 600-800 metrora igoko da, eta 700-900 metrora iritsiko da azken orduetan. Eguerdira arte indarrean jarraituko du prezipitazio iraunkorrengatik ezarritako abisuak.

Gasteizen Elurteen Planaren aurrelarrialdi fasea aktibatu dute

Gasteizko Udalak Elurteen Udal Planaren aurrelarrialdi fasea aktibatu du , kota 500 metrora jaitsiko delakoan gaur eta bihar. 10-30 zentimetroko lodierak espero dira 1.000 metrora eta 2-15 zentimetrokoak 600 metrora.

Hasierako fase honetan, prestaketa lanak jarri dira abian: gatza hiriko 33 tokitan berrikusi eta banatzea, elurra kentzeko makinak eta barreiagailuak prest jartzea eta lehentasunezko ibilbideak aktibatzea, osasun, industria eta hezkuntza zentroetarako eta eraikin ofizialetarako sarbidea bermatzeko. Udalak gogorarazi du etxebizitzen komunitate bakoitzak garbitu egin behar duela fatxadaren aurreko espaloia, eta ibilgailu pribatuan alferrikako joan-etorriak saihesteko eskatu du.

350 tona gatzekin prestatzen ari da Iruñea

Iruñeko Udalak ere martxan jarri du 2025-2026ko Elurteen Jarduera Plana. Trinitarioen udal biltegiak 350 tona gatz gordetzen ditu dagoeneko, tenperaturak nabarmen jaitsi direlako eta ostegun eta ostiralerako elurra eta izotza espero direlako.

Siloez gain (200 tonarako edukiera dute), Udalak 15.000 kilo gatz ditu 624 zakutan, ikastetxeetarako, osasun-zentroetarako eta kiroldegietarako, eta etxerik gabeko pertsonei arreta emateko protokolo bat, tenperatura 3 gradutik jaisten denean edo eguraldi bereziki txarra gertatzen denean aktibatzen dena.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago kargatu
Publizitatea
X