Gasteizek Elurteen Jarduera Planaren aurrelarrialdi fasea aktibatu du
Eguraldi-iragarpenaren arabera, bihar eta etzi elur-kota 500 metrora jaitsiko da, eta prezipitazioa oso ugaria izango da.
Gasteizen izandako elurte baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Datozen orduotarako iragarrita dagoen elur-denboralea dela eta, Gasteizko Udalak Elurteen Jarduera Planaren larrialdi aurreko fasea aktibatuko du bihar. Iragarpenen arabera, elur-kota 500 metrora jaitsiko da ostegunean, eta 400era, ostiralean. Gainera, prezipitazioa oso ugaria izango da, eta 10-30 zentimetro pilatu daitezke 1.000 metrotan, eta 2-15 zentimetro, 600 metrotan.
Elurteen Jarduera Planaren helburua da elurrak eragin ditzakeen arazoen aurrean, “herritarren segurtasuna bermatzea”, horretarako, "udal-baliabideak koordinatuta eta antolatuta".
Udalak gogora ekarri duenez, planaren lehen fasean, prestaketa-lanak abian jarriko dira; besteak beste, gatz stocka eta elurra kentzeko makinak zein bestelako erremintak gainbegiratuko dira.
Horrekin batera, hiriko hainbat gunetan arreta berezia jarriko da, plana aktibatzen denean: osasun-zentroetarako, industria guneetarako, eskoletarako eta erakunde ofizialetarako sarrera-irteerak garbitzeak du lehentasuna.
Halaber, joan den astelehenean elur-denboraleei buruzko bandoa zabaldu zuen Udalak. Bertan, herritarren elkarlanaren garrantzia nabarmentzen da; hala, elurteetan bizilagun-komunitateen ardura da euren eraikinetako atariak garbitzea.
Ibilgailuak beharrezko joan-etorrietarako bakarrik hartzea eta garraio publikoa erabiltzea ere eskatzen da bandoan.