Haize zakarraren ostean, zirimiriak hartuko du lekukoa asteburuan
Abisu horia bertan behera geratuko da eta giro epel-hezeak hartuko du lekukoa, larunbatean eta igandean zirimiri eta hodei gehiago espero baitira.
Hego-haize bortitzak ostiralean gorabeherak eragin ostean, egoera asteburuan zehar baretuko da. Larunbatean giro lasaiagoa hasiko da, nahiz eta zirimiria protagonista izango dugun, berriro ere.
Larunbat goiza hego-haizearekin esnatuko da, tarteka bizi samar ibiliko bada ere. Hala ere, orduak igaro ahala indarra galduz joango da. Ostarteak agertuko dira goizean, baina hodeiak ugaritzen joango dira. Arratsaldean, ordea, zerua estali egingo da. Egunaren lehen partean, zaparradaren bat edo beste egin dezake, eta euri apur gehiago espero da arratsaldean, bereziki barnealdean. Gainera, tenperaturak behera egingo du pixka bat.
Igandean, tenperaturak are gehiago jaitsiko dira, nahiz eta giroa ez den desatsegina izango. Euria egiteko aukera izango da egun osoan, eta haizeak hegotik joko du, baina ostiralean baino askoz ere leunago.
Ostiraleko haize-boladak
Ostiraleko hego-haizeak muturreko erregistroak utzi ditu zenbait tokitan. 180 km/h-ko boladak Gorramendin eta 160koak Aralarren, besteak beste, baina oso bolada gogorrak izan dira kostaldean zein barnealdean: 136 km/h-koak Zarautzen, 124koak Donostian, 116koak Mallabian, 102koak Iurretan, eta 92koak Bilbon, esaterako.
Haizeak zenbait arazo ere sortu ditu, tartean Bilboko aireportuan. Agintariek zuhurtziaz ibiltzeko eskatu dute zuhaitz ezegonkorrak eta objektu higikorrak egon daitezkeen eremuetan.