Euria bueltan daukagu, eta aste hasiera desatsegina izango dugu
Tenperatura maximoak barnealdean igoko dira eta kostaldean mantenduko dira; minimoak nabarmen igoko dira eta izotza egiteko arriskurik ez da egongo. Gainera, egunaren amaieran elur-kota 1200-1400 metrora jaits daiteke.
Euria, Gasteizen. Argazkia: EFE
Astelehen honetan, euria lurralde osora itzuliko da, eta, beraz, beharrezkoa izango da aterkia eskura izatea, batez ere eguerditik aurrera, prezipitazio iraunkorrak egingo baititu. Horren harian, Aemetek abisu horia ezarri du Nafarroan, euriagatik. Ipar-mendebalak aginduko du egunaren bigarren zatian, eta gogotik joko du kostaldean.
Tenperatura maximoak barnealdean igoko dira eta kostaldean mantenduko dira; Baionan 16 gradu izango direla nabarmentzekoa da, eta Bilbon eta Donostian 15 ºC-ra eta Gasteizen 11 ºC-ra iritsiko dira. Minimoek nabarmen egingo dute gora, eta ez da egongo izotza egiteko arriskua. Gainera, elur-kota 1.200-1.400 metrora jaitsi daiteke egunaren amaieran.
Asteartean eguraldi txarra izango dugu, euria eta haize zakarra. Zaparradak ugariak izango dira ipar partean, eta batzuetan ekaitzak ere jo dezake. Euria barnealdeko eskualdeetara ere iritsiko da.
Euriarekin batera ipar-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, tenperatura baxuekin. Gasteizen, esaterako, maximoa 8 graduraino jaitsiko da; Bilbon, berriz, 12 ºC-ra, Donostian 11 ºC-ra, Iruñean 9 ºC-ra eta Baionan 12 ºC-ra. Halaber, elur-kota 1.200 metro ingurukoa izango da eta arratsaldean 1.000 metrora jaitsi daiteke.