Tenperaturak gora egingo du, baina euriak jarraituko du
Datozen egunetan tenperatura epelak izango dira otsail parterako, baina prezipitazioek bere horretan jarraituko dute eta haize zakarrak joko du astean zehar.
Hainbat lagun, itsasoari begira, Sopelan. Argazkia: EFE
Euria egingo du tarteka, mardul gainera, baina tenperaturak epelak izango dira otsaila izateko. Horixe izango da joera datozen egunotan zehar. Asteburuan, berriz, hobera egingo du eta giro eguzkitsuagoa izango da.
Gaur, asteartea, tenperaturak nabarmen egingo du gora. Beroenak 20 ºC ingurukoak izango dira Kantauri isurialdean, eta 13-15 ºC-koak barnealdean. Euskalmeten arabera, zerua lainotu samar egongo da eta goizean tantaren bat edo beste egin dezakeen arren, ezer gutxi izango da.
Egunaren bigarren zatian, berriz, fronte berri sartu eta euritara joko du. Horrela, Kantauri isurialdeko zenbait tokitan baliteke trumoi-zaparradak eta euri mardulak egitea, bereziki kostaldetik gertu. Egunaren amaieran, berriz, atertzera egingo du. Mendebaldeko eta hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, zakar samar zenbait momentutan.
Asteazkenean, euria eta haizea
Asteazkenean, berriz, fronteak iritsiko dira, eta zaparradak botako ditu egunean zehar, baina baliteke egunaren hasieran ateri eustea.
Gainera, egunean zehar haize bizia ibiliko da, hego-mendebaldetik hasieran eta mendebaldetik egunaren amaieran, bereziki kostaldean.
Ostegunean, euri gutxiago
Ostegunean, Euskalmeten arabera, haizeak gogor joko du eta tenperaturak behera egingo du. Mendebaldeko haizeak kostaldean joko du gehienbat, egunaren lehen partean.
Prezipitazioak ez dira handiak izango ostegunean, eta arratsaldean haizeak indarra galduko du. Gauean hego-mendebaldetik egingo du. Hodeiak agertuko diren arren, urdingune ederrak ere izango dira.