Tenperaturen gorakadak ez du etenik, eta abisu horia ezarri dute Araban eta Nafarroan
Tenperaturak 2 eta 3 gradu artean igoko dira, eta maximoak 35 graduren bueltan kokatuko dira.
Egun eguzkitsua kostaldean. Argazkia: EFE
Tenperaturek gora egiten jarraitzen dute, eta asteazken honetan 35 graduak gaindituko dituzte Euskal Herriko barnealdeko hainbat tokitan. Hori dela eta, beroari dagokion abisu horia ezarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak Araban, eta Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET), Nafarroako erdialdean eta Erriberan.
Abisua 13:00etatik 19:00etara egongo da indarrean Araban eta 13:00etatik 21:00etara, Nafarroako erdialdean eta Erriberan.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, asteazken beroa izango da, bereziki barnealdean. Tenperaturak 2 eta 3 gradu artean igoko dira, eta 30 eta 35 gradu arteko balioak izango dira nagusi barnealdean; kostaldean, berriz, 30 gradutik behera geratuko dira.
Zerua oskarbi edo hodei gutxirekin agertuko da, nahiz eta goizaldean eta lehen orduetan lainoa eta behe-lainoa sortu. Arratsaldean, garapen bertikaleko hodeiak ugarituko dira, eta baliteke barnealdean ekaitz bakan batzuk izatea. Hasieran ekialdeko haizea nagusituko da; arratsaldetik aurrera, iparraldera egingo du.
Ostegunean, bero handiagoa
Ostegunean tenperaturek gora egiten jarraituko dute, eta beroa kostaldera ere zabalduko da. Gehieneko tenperaturak 30 gradutik gorakoak izango dira ia lurralde osoan, eta 35 gradu ingurura irits daitezke barnealdeko zenbait tokitan. Gutxieneko tenperaturak ere igo egingo dira, eta leku batzuetan 20 gradutik gorakoak izan daitezke.
Zerua oro har hodei gutxirekin egongo da; kostaldean behe-hodei batzuk ager daitezke, eta barnealdean garapen bertikaleko hodeiak. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da nagusiki, eta Kantauri isurialdean tarteka ipar osagaiko haizea nagusituko da.
Ostegunean Euskalmetek egun osorako abisu horia aktibatuko du Araban eta Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, tenperatura altu iraunkorrengatik. Halaber, toki horietan muturreko tenperatura oso altuengatik abisu horia indarrean egongo da 13:00etatik 20:00etara. Horrez gain, baso-sute arriskuagatik abisu horia ezarri du egun osorako lurralde osoan.
Nafarroan, beroagatik abisu horia egongo da lurralde osoan, ipar partean izan ezik, 13:00etatik 21:00etara.
Ostiralean, tenperaturek zertxobait behera
Ostiralera begira, zeruak hodei gutxirekin jarraituko du, nahiz eta tarteka hodeigune batzuk agertu. Arratsaldean garapen bertikaleko hodeiak sortuko dira, eta ezin da baztertu barnealdean ekaitz zaparrada isolaturen bat izatea.
Kostaldean haize ahul eta aldakorra ibiliko da, eta eguerditik aurrera ipar osagaikoa nagusituko da. Gainerako lekuetan, hego osagaiko haize ahul edo ahul-bizia izango da, mendialdean bolada gogorrekin, bereziki ekialdean. Arratsaldean, haizeak iparrera egingo du, Arabako Errioxan izan ezik; han hegoaldekoa nagusitzen jarraituko du. Tenperaturek behera egingo dute zertxobait, neurri apalean, kostaldean. Nolanahi ere, giro bero eta udatiarrak asteburuan ere jarraituko du.
Zure interesekoa izan daiteke
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere