Eguraldi egonkorra

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hodei gutxi eta tenperaturak goranzko bidean, asteburu honetan, Euskal Herrian

Goizeko lehen orduetan behe-hodeiak eta behe-lainoa agertuko dira ohiko lekuetan. Orduak igaro ahala, ordea, desagertu egingo dira, eta eguraldi atsegina izango dugu orokorrean. Tenperatura maximoak igotzen joango dira egunez egun: igandean eta astelehenean 25 ºC ingurura iritsiko dira kostaldean eta 30 ºCak gaindituko dituzte barnealdean.

Aizkorri. Argazkia: Cesar Urien

Asteburu honetan eguraldi egonkorra eta eguzkitsua izango dugu orokorrean eta tenperaturek goranzko bidea hartuko dute. Igandea eta astelehena izango dira egun beroenak: barnealdean 30 graduak gaindituko dira eta kostaldean 25en bueltan geldituko dira.

Ostiralean izango dugunaren antzera, larunbatean ere eguraldi eguzkitsua izango dugu. Lehen orduan, behe-hodei batzuk agertuko dira ipar partean, eta behe-lainoa sortuko da barnealdeko haranetan. Hala ere, goizean zehar desegiten joango dira, eta egun argi eta eguzkitsua geldituko da. Tenperatura maximoak aurreko egunetan baino 2 edo 3 gradu altuagoak izango dira. Kostaldean 22 edo 23 ºC-ra iristea espero da, eta barnealdean 28 edo 29 ºC inguruan ibiliko dira. Haizea ahul ibiliko da ipar-ekialdetik eta iparraldera egingo du arratsaldean.

Igandean ere Atlantikoan dagoen antizikloiaren eraginpean jarraituko dugu. Lehen orduan hodei eta behe-laino batzuk ikusi ahal izango dira berriro ohiko lekuetan, baina berehala desagertuko dira, eta egun oso argitsua izango da. Haizea aldakor ibiliko da. Tenperaturari dagokionez, minimoak freskoak izango dira, barnealdean 9 edo 11 graduren bueltan. Maximoek, berriz, koxka bat gora egingo dute, 30 ºC-tik gora, eta beraz, tenperaturen arteko aldea handia izango da. Kostaldean, ostera, 25 ºC-ra iritsiko dira termometroak. 

Euskalmeten iragarpenaren arabera, astea joera berarekin hasiko da. Astelehenean zerua oskarbi egongo da orokorrean eta tenperatura maximoak aurreko egunetakoak baino apur bat altuagoak izango dira.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X