Udari 'agur' eguzkitsua egingo diogu
Udazkena eguraldi eguzkitsu eta egonkorrarekin hasiko da, uda amaierako ohiko tenperaturarekin, egunez epel eta gauez fresko.
Uda bereziki bero baten ondoren, udazkenari atea ireki zaio, oraingoz eguraldian aldaketarik gabe, eta egun eguzkitsuekin.
Uda beteko eguraldiarekin agurtuko dugu gaur uda; azken egunetako joerari eutsiko dio. Goizeko lehen orduetan lanbroa edo behe-hodei batzuk ager daitezke kostaldetik gertu, eta barnealdean behe-lainoa batzuk sortuko dira eta giroa freskoa izango da. Egunaren gainerako orduetan, ordea, zerua ia oskarbi egongo da, goi-hodei fin batzuekin, batez ere goizean. Eguerditik aurrera haizea iparraldetik ibiliko da, indar handirik gabe. Tenperatura maximoetan ez da gora-beherarik espero eta aurreko egunetako balioak errepikatuko dira.
Giro eguzkitsuarekin emango diogu hasiera udazkenari asteazkenean. Ez da ia aldaketarik espero eta, aurreko egunetan bezala, eguzkia izango da protagonista. Tenperatura maximoak aurreko egunetako maila berdintsuan edo graduren bat gorago geldituko dira. Baliteke goizean haizeak hego ukitu txiki bat izatea eta eguerditik aurrera iparraldetik finkatuko da.
Ostegunean tenperaturak gora egingo du eta asteko egunik beroena izango da. Goizean haizea hegoaldetik edo hego-ekialdetik ibiliko da eta bultzada ederra emango dio tenperaturari, batez ere Kantauri isurialdean; kostaldeko zenbait tokitan 28-30 ºC ingurukoak izango dira maximoak eta barnealdean 30 ºC-tik gora geldituko dira. Arratsaldean brisa sartuko du Kantauri isurialdean. Gainerakoan, ez da aldaketa handirik espero eta goizean goizetik eguzkitsu egongo da.
Ostiraletik aurrera lainoak ugaritu eta tenperaturak behera egingo duela espero da.
Zure interesekoa izan daiteke
Asteon, eguzki epela egunez eta freskoa gauez
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere