Aurtengoa mende honetako irailik lehorrena izan da
Zenbait estaziotan iraileko serie historikoetako baliorik txikiena erregistratu da. Pilatutako kantitate defizitarioena Arabako Lautadan izan da; gutxien Moredan egin du (4 mm).
Bukatu berri den iraila oso lehorra eta oso beroa izan da, Euskalmeten datuen arabera. Izan ere, mende honetako lehorrena izan da, eta 1970etik izandako hirugarren beroena.
Prezipitazioak oso urriak izan dira Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta horrek XXI. mendeko lehorrena bihurtu du 2026ko iraila. Neurri handi batean, zaparrada sakabanatu eta noizbehinkakoetan egin du euria, eta oso modu desberdinean eragin dio lurraldeari. Bizkaia mendebaldea kenduta, espero zitekeenaren erdia baino gutxiago egin du; Arabako zati batean, berriz, normalean baino % 20 gutxiago.
Zenbait estaziotan, iraileko serie historikoetako baliorik txikiena erregistratu da. Pilatutako kantitate defizitarioena Arabako Lautadan izan da, eta Moredan egin du gutxien (4 mm).
Irailaren 8tik 9ra bitartean izan zen gertakaririk nabarmenena, Kantauri itsasoan kokatutako depresio txiki bati lotutako fronte baten ondorioz, baita hilaren 30ean ere, fronte hotz bat iritsi ostean.
Tenperaturari dagokionez, oso hilabete beroa izan da. Batez beste normalean baino 2,6 gradu gorago egon dira termometroak, 19-20 gradu inguruan. 1987ko eta 2023ko irailen atzetik, aurtengoa izan da 70eko hamarkadatik beroena.
Irailaren 4a eta 6a bitartean egin zuen bero gehien, Afrika iparraldetik etorritako aire-masa bero eta lehor baten ondorioz. Maximoak 35-40 gradukoak izan ziren barnealdean. Espejon, adibidez, 40,4 graduko tenperatura neurtu zen irailaren 4an. Kostaldean, berriz, hego haizearen ondorioz, irailaren 6a izan zen egunik beroena: 34,6 graduko marka erregistratu zen.