Udazkeneko eguraldi bete-betearekin abiatu dugu urria
Aurreko egunekin alderatuta, tenperaturek behera egingo dute eta ez dute 20 ºC-en langa gaindituko. Euria han-hemenka botako du eta, astebururako, joera horri eutsiko diogu.
Udazkeneko giro bete-betearekin hasi dugu urria, tenperatura freskoekin eta euri arinarekin, Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera. Joera horri eutsiko diogu astelehenera arte gutxienez.
Ostegunean iparraldeko haizea nagusituko da eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira; maximoak 20 ºC-ren bueltan egongo dira. Zerua estalita egongo da egunaren lehen partean, euri apur batekin, batez ere ipar partean. Arratsaldetik aurrera haizea ipar-ekialdekoa izango da, euria gutxituz joango da, batez ere barnealdean, eta ostarte batzuk irekiko dira.
Lehen orduko eguraldi nahasiak zirkulazioa zaildu du euskal errepideetan ostegun goizean.
Ostiralean, behe-hodeien hondarrekin hasiko gara, eta agian euri pixka bat egingo du kostaldean. Goizean zehar ostarteak zabalduko dira eta eguerdi eguzkitsua izango da, baina zerua ez da erabat garbi geratuko. Arratsaldean hodeiak nagusituko dira berriro, kasu honetan bero-hodeiak. Egunaren bigarren partean, gainera, baliteke zaparrada batzuk botatzea. Ekialdeko haizea nagusituko da. Eguneko tenperaturak nabarmen igoko dira.
Astebururako iragarpena
Larunbatean eta igandean tenperatura epelekin jarraituko dugu, 23-25 ºC inguruko maximoekin, baina eguraldia apur bat grisagoa izango da. Hodeiak ugariak izango dira eta euria eta zaparrada bakanen bat edo beste izango dugu, batez ere egunaren bigarren partean. Goizean baliteke euririk ez egitea. Ekialdeko haizea nagusituko da, kostaldean ipar ukitua izango du, eta hegoaz joko du barnealdean.