Ohi baino epelagoa eta zertxobait hezeagoa dator udazkena
Gauerdian iritsiko da urtaro aldaketa. Egunak laburtzen joango dira urte bukaera iritsi bitartean, eta baso eta mendiak kolorez aldatuko dira. Eguraldian ere nabarituko da udazkenaren etorrera, nahiz eta gutxienez datorren astera arte itxaron beharko dugun uda giroa atzean uzteko.
Iragarpenen arabera, ohi baino epelago dator urtaro berria, eta litekeena da ohi baino zer edo zer hezeagoa izatea. Oro har, ez dirudi oso euritsua izango denik; bai, ordea, aurreko udazkenak baino zertxobait bustiagoa.
Ohikoa da, dena den, urritik abendura arteko hilabeteak euritsuak izatea, bereziki azaroa.
Esan bezala, udazkenean sartu arren, uda beteko aroa izango dugu oraindik aste osoan. Ostegunean, adibidez, termometroek 30 graduko langa gaindituko dute toki askotan, haizeak hegotik joko baitu.
Datorren astean, aldiz, baliteke fronteren batek Euskal Herria zeharkatzea, eta horrekin eguraldia nabarmen aldatzea.
1970etik izandako udarik beroena
1970etik izandako udarik beroena izan da aurtengoa. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak duela egun batzuk jakinarazi zuenez, beroa eta lehorra izan da uda.
Ekainean, uztailean eta abuztuan ohi baino tenperatura altuagoak neurtu zituzten. Lehen hilabete biak oso beroak izan ziren.
Abuztuan ere tenperatura berok izan dira, eta bigarren abuzturik beroena izan da, 2003koaren atzetik.
Udazkenaren iritsiera
Irailaren 23an hasiko da udazkena, 02:05ean. 89 egun eta 21 orduko iraupena izango du, abenduaren 21ean amaituko delako.
Dagoeneko erabakita daude goi geruzetako depresio isolatuak izendatuko dituzten izenak. Aurreikusi dutenez, urritik azarora, "Adametik Kevinera" helduko dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Udari agur eguzkitsua egingo diogu
Asteon, eguzki epela egunez eta freskoa gauez
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere