90eko hamarkada, Sareak harrapatu gintuenekoa
1996an, Julio Ibarrak aurkezten zuen ETB2ko gaueko albistegia, eta Josu Loroñok kirol lehiaketen nondik norakoen berri ematen zuen "El Derby" saioan. "Goenkale" telesailak bi urte zeramatzan Lasa anaien pasadizoak kontatzen. Irratian, Natalia Serranoren (Radio Euskadi) eta Gorka Etxebesteren (Euskadi Irratia) ahotsean heltzen zitzaizkigun azken orduko albisteak.
90eko hamarkadaren bigarren zatian, albisteak egunkari, hertziar uhinen eta hodi katodikoen bidez heltzen ziren etxeetara. Baina bazen ernetzen ari zen zerbait, iraultzailea izango zena eta gure bizimodua aldatuko zuena: internet.
Ingurumari hartan, urte hartako abenduaren 19an, EiTBk bere lehen domeinua erregistratu zuen interneten. Euskal hedabide publikoa aitzindari izan zen horretan, gaur egun hain ezaguna zaigun World Wide Web ospetsua hasiberria baitzen.
Bi hamarkada igaro dira, baina ez da aldaketa gutxi izan 20 urteotan. Garai hartan, @ ikurra teklatuan sartutako arrotz bat zen. Google bilatzailea ez zegoen oraindik kalean (1998an sortu zuten), ezta Facebook eta YouTube ere (2005ekoak dira biak). Sakelakoak ez ziren adimentsuak. Lehen iPhonea 2006an kaleratu zuten. Gailu aitzindari horietako bat, Nokia 9000 Communicator modeloa (faxak bidaltzeko aukera ematen zuen telefonotzarra), 1996ko abuztuan merkaturatu zuten. Hauxe:
Teknologia arloan, 90eko hamarkadan, walkmanak, disketeak eta zintak erabiltzen genituen. Lehen DVDa (Toshiba markakoa) 1996an merkaturatu zuten, baina ordura arte VHS eta Betacam formatuko zintekin moldatzen ginen.
National Geographic aldizkariak egindako ikerketa baten arabera, gazteen % 45ek zuten sakelakoa (gaur egun gazteen % 97k dute). Ia ahaztuta ditugun Motorola, Nokia eta Alcatel markak ziren errege. Batzuek, gutxi batzuek (% 5), "bilagailua" zuten, eta modernoenek (gaur egun geek izenaz ezagutzen ditugu) PDA gailua (patrikako ordenagailua).
Nolakoak ziren 90eko webguneak?
Gatozen berriro EiTBren jaiotza digitalera. Gogoratzen al duzu nolakoa ote zen gure lehen webgunea? Burua neka ez dezagun, etxeko lanak egin ditugu. Hauxe zen jaioberria:

eitb.com-ek 1996an zuen itxuraren kopia bat. Iturria: archive.org
Web estatiko eta zurrun horrek gaur egungo diseinatzaile grafikoak beldurtuko lituzke. Garai horretan, ordea, horrelakoak ziren denak: testu ugari zutabe eta taulatan antolatuta, argazki gutxi (eta horietako batzuk, erdizka, konexio arazoen ondorioz), eta, asko jota, GiF animaturen bat. Webgune batzuek, Geocities bidez sortutakoak gehienbat, bisiten kontagailua zuten goialdean.
Gogoan ez dutenek edo, adina dela eta, ezagutzerik izan ez zutenek interneten artxibora (archive.org) jo dezakete. 1996tik webguneek urteetan izan duten itxuraren kopiak ditu atari honek, nostalgikoen gozagai. Bertan topatu ditugu Etxe Zuriaren edota NASAren lehen atariak (1993an sortutakoak biak ala biak).


Argazkiak faltan? 90eko hamarkadako webguneek oso argazki gutxi zituzten; Etxe Zuriarenak edo NASArenak kasu. Iturria: archive.org
Ba al zenekien Ebay eta Amazon denden webguneak garai hartan (1995ean, hain zuzen) sortu zituztela? Hori bai, 2001era arte ez zuten etekinik eman.

Ebayk 90eko hamarkadan jarri zituen lehen produktuak enkantean. Iturria: archive.org

Internet: geldoa, garestia eta… zaratatsua!
Webguneak ugaritu bai, baina interneten ibiltzea ez zen horren ohikoa. Etxe gehienetan zegoen ordenagailua (% 62k zuten, National Geographic-en ikerketaren arabera), baina interneteko konexioa gutxiengo baten esku bakarrik zegoen (% 1ek baino ez zuen modema). Hartara, gehienek unibertsitatean eta erakunde publikoen egoitzetan eman zituzten euren lehen urrats digitalak. KZguneak eta ziberkafetegiak 2000. urtean hasi ziren ugaritzen.
1995ean, Estatu espainiarrean 50.000 internet erabiltzaile zeuden (gaur egun, 35 milioi gara). Sarean zebiltzanak pribilegiatuak ziren; "xelebreak", zenbaitzuren ustez, eta "laster gaindituko zen moda baten morroiak", aditu kontserbadoreenen aburuz.
Interneten nabigatzea, garai hartan, abentura zen. Konexio gehienak modem bidez egiten ziren, eta honek deia egiten zuen telefono linea erabilita. Dei hark zarata egiten zuen... eta ez makala!
Soinu-banda berezi haren bidez hasten zen bidaia. Ondoren zetorrena ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Konexio abiadura segundoko 56 kilobytekoa zen (gaur egun, 300 megabyte darabiltzagu; baliokidea bilatuta, segundoko 360.000 kilobyte izango lirateke). Dena dela, nabigatzearen balentria ezerezean gera zitekeen baten bati telefonoz deitzea bururatzen bazitzaion edota konexioak kale egiten bazuen (maiz gertatzen zen).
Hori guztia nahikoa ez eta, internet garestia zen oso. 90eko hamarkadan ez zegoen tarifa finkorik. Internet hornitzaileek tarifa bat kobratzen zuten sarera konektatzearren, eta telefonoa erabiltzearren Telefonicak ordainarazten zuena batu behar zitzaion horri. Zuetako batzuek Infovia izango duzue gogoan, Telefonicak 1995ean sortutako zerbitzua. Edozein hornitzailerekin (izan bertokoa zein Estatukoa) konektatzeko aukera ematen zuen, dei lokal baten prezioan. Hori gorabehera, zerbitzua ez zen merkea, eta batzuetan sorpresa desatsegina izaten zen hilabete amaiera. Mende aldaketarekin hasi zen merkatzen, konpainiek interneterako konexioagatik kobratzeari utzi ziotenean (telefono linearen kostua ordaindu behar da harrezkero).
Txatak eta foroak, errege
Baina zer demontre egiten genuen interneten Google, sare sozialik eta bideorik gabe?
Bilatzailerik bazen, ez pentsa! Altavista erabiltzen zuten askok. 1995ean sortu eta gerora Yahook erosi zuen bilatzaile hori erabilitakoena izan zen. 1997rako, 80 milioi orrialde zituen indexatuta (300.000 edukitzeko abiatu zen). Altavistaz gain, baziren beste batzuk: Excite, infoseek.com, Lycos, Ask Jeeves...

Altavistaren diseinua arras sinplea zen. Iturria: archive.org
Baina sarean errege-erreginik bazen, txat eta foroak ziren, zalantza izpirik gabe.
Internet hornitzaileek eta ordenagailu fabrikatzaileek (AOL estatubatuarra eta Microsoft, berbarako) bazekiten erabiltzaileen internet ohituretan eragin zezaketela, eta hala, txaten arrakasta ikusita, zerbitzu propioak sortu zituzten. Horrela jaio ziren AIM (AOL Instant Messenger) 1997an; Yahoo Messenger, 1998an, eta MMS (Windows Live Messenger), 1999an.
Messenger bat-bateko mezularitzan aritzeko aplikazioak, 'WhatsApp ospetsuaren aitak', belaunaldi baten ohiturak aldatu zituen; galdetu bestela garai hartan nerabe zirenei. Hain justu, horientzat da soinu sorta hau:
Agian oharkabean, baina Messenger aplikazioak erabiltzaile nerabe horiek Hotmail edo Yahoo enpresen posta zerbitzuei bultzada eman zieten. Izan ere, txat kontu bat irekitzeko beharrezkoa zen helbide elektronikoa sortzea. Gmail ahalguztiduna 2004an sortu zuen Googlek, eta ordura arteko eredua hankaz gora jarri zuen. Horrek, baina, beste erreportajea bat idazteko adina ematen du, ezta?
Zure interesekoa izan daiteke
Teslak Cybercab aurkeztu du, robotaxi autonomoen aldeko apustua
Teslak Cybercab aurkeztu du ostegun honetan, robotaxi autonomo gisa funtzionatzeko diseinatutako bi plazako ibilgailu elektrikoa. Autoak ez du bolanterik, ezta pedalik ere, eta konpainiak garatutako gidatze sistema autonomoaren mende dago erabat. Teslak 45 ibilgailuko lehen serie bat merkaturatu du (Texasen eta Floridan zerbitzua eskaintzen ari dira jada), baina konpainiak robotaxia pixkanaka zabaltzea aurreikusten du, AEBko beste eremu batzuetara heltzeko.
Robotak, neurrira: adinekoentzat beren-beregi diseinatutako teknologia garatu dute Nafarroan
Robotika Erronkak izeneko egitasmo aitzindariaren atzean Nafarroako Gobernua eta ADACEN daude. Helburua da desgaitasuna duten adinekoen autonomia eta bizi-kalitatea hobetzea, robotika erabilita. Berritasun nagusia: erabiltzaileak eta euren familiek gidatzen dute robotaren garapena. Horrela, teknologia pertsonari egokituko zaio, eta ez alderantziz.
Instagramek mugatu egingo ditu adimen artifizialaz sortu diren eta identifikatu gabe dauden erabiltzaileen profilak
"AA sortzailea" etiketaren ordez "AAk sortutako profila" etiketa erabiliko du aurrerantzean aipatu sare sozialak. Neurriak ez die eragingo edukia sortzeko edo editatzeko orduan adimen artifizialaren tresnak erabiltzen dituzten erabiltzaileei.
Gure eguneroko bizitzan txertatuko den robotikarik garatuena Txinako nazioarteko biltzarrera iritsi da
Azken erakusketetan ping-ponga jokatzen, dantzatzen eta borrokatzen aurkeztu dituzte robotak. Oraingoan, ikuskizuna emateaz harago, robotak lan egiteko gai dira, etxean zein fabriketan. Roboten salmentak nazioartean lau bider handitu dira; Unitree enpresa Shanghaiko burtsan estreinatu da aste honetan. Urte gutxi barru gure egunerokoaren parte izango direla ziurtatzen dute.
"Aura farmeatzea", sare sozialetako lehiaketa birala
“Aura farmatzea” zerbait behin eta berriz edo neurriz gaindi egitea da, “aura” irabazi eta pilatzeko; hau da, besteen aurrean presentzia, estiloa edo errespetua erakusteko. Lehiakide bakoitza saiatzen da ahalik eta ekintzarik ikusgarriena egiten edo presentzia handiena erakusten, aurkariak baino “aura” gehiago lortzeko. Hala ere, alderantziz ere funtzionatzen du: eroriko batek, huts egite batek edo une lotsagarri batek “aura” galtzea ekar dezake. Eta zuk... ezagutzen al zenuen moda berria?
Adimen artifizialarekin egindako kartel gehienek antzeko itxura dute
Kartelgintza sektorean ere gero eta ohikoagoa da tresna hori erabiltzea, merkea eta erraza baita. Publizitate adituen arabera, ordea, adimen artifiziala erabiltzea kaltegarria izan daiteke markentzat.
Sonyk 2028a baino lehenagoko diskoen ekoizpena mantenduko du, baina fabrikazio-mugekin
Konpainiaren azalpenen arabera, garatzaileek lehendik editatutako bideojokoen disko fisikoak eskatzen jarraitu ahalko dute, lantegiek euren fabrikazio-gaitasuna asko murriztuko duten arren.
Eusko Jaurlaritzak ordenagailu kuantikoa enpresen eskura jarri du: "Ilara luzea daukagu"
Basque Quantum (BasQ) aliantzak gidatuta, sarbide protokolo bat zehaztu dute enpresa eta erakunde publikoen sarbidea errazteko.
Europako Justiziak Googleri ezarritako 4.125 milioi euroko isuna berretsi du
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezetsi egin du Googlek jarritako errekurtsoa, eta zigortu egin du konpainia Android sistema eragilearen bidez nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
PlayStationek bideojoko berrien disko fisikoak ekoizteari utziko dio 2028an
Enpresak kontsumo-joera berrietara egokitu nahi du, eta "baliabide digitalen aldeko joera disko fisikoena baino askoz handiagoa" dela adierazi du.