Juana Doloresek '*HIT ME IF I'M PRETTY* o la princesa moderna' lana estreinatuko du Bilbon
Juana Dolores kataluniar poeta eta antzerkigileak *HIT ME IF I'M PRETTY * o la princesa moderna antzezlana aurkeztuko du asteburuan, Bilbon. Bi emanaldi egingo ditu, larunbatean eta igandean, La Fundición aretoan.
Espazio horrek ohar batean azaldu duenez, artistaren bigarren obra da, bera da protagonista eta "misoginia estrukturalari buruzko manifestu feminista komunista" da. 18 urtetik gorakoei bideratuta dago ikuskizuna, "indarkeria, sexu-eduki esplizitua, hitz iraingarriak eta gogaikarriak izan daitezkeen soinuak" baititu.
Emanaldian, Doloresek "printzesa moderno bat" gorpuzten du "emakumeen gaitzespena, indarkeria eta matxismoa salatzeko", La Fundición espazioak azaldu duenez.
Doloresek bi poesia liburu argitaratu ditu, Bijuteria (2020), Maider Ramirez Martinek Girgileria (Katakrak) izenburuarekin euskaratua, eta Rèquiem català. I si una nacida desfilant per una catifa vermella (2023).