EAEko kultur sarea: bizia, baina asimetrikoa
2024an, ia 20.000 ekitaldi inguru erregistratu ziren hiru lurraldeetan, Kulturklik atariaren arabera. Beste era batera esanda: egunean, batez beste, 55 kultur saio izan ziren EAEko udalerrietan.
2024an, 20.000 ekitaldi inguru erregistratu ziren Kulturklik atarian, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta lurraldeko kultur programazioa biltzen duen plataforman. Beste era batera esanda: egunean, batez beste, 55 kultur saio izan ziren EAEko udalerrietan. Hala ere, uzta emankor horren atzean errealitate konplexuago bat dago: kultura ez da berdin iristen txoko guztietara. Ekitaldi ugari izan arren, lurralde-banaketak agerian uzten ditu sarbidean, aniztasunean eta hurbiltasunean eragina duten egiturazko desberdintasunak.
Eskuragarri dauden datuek programazio bizia islatzen dute. Kontzertu, antzezlan, jaialdi, erakusketa, berbaldi eta bestelakoen artean, EAEk kultur jarduera etengabea du urtean zehar. Musika da nagusi: kontzertuek programazio osoaren % 31,8 hartu zuten 2024an (6.342 ekitaldi); ondoren datoz antzerkia (% 21,3) eta ikus-entzunezko proiekzioak (% 11,8). Gainontzekoa beste diziplina batzuek osatzen dute, hala nola dantza-ikuskizunek, erakusketek eta bestelako askotariko jarduerek.
Ekitaldi gehienak udalerri gutxi batzuetan pilatzen dira, jendetsuenetan pilatu ere: hiru hiriburuek –Bilbok, Donostiak eta Gasteizek– ekitaldi guztien % 48 hartu zuten, eta urtean 3.000tik gora antolatu zituzten, batez beste. Hiriburuak kenduta, 36 udalerrik bakarrik gainditu zituzten 100 ekitaldi-urteko langa, eta horien artean nabarmentzekoak dira Getxo (557), Tolosa (338), Barakaldo (335), Durango (334) eta Zarautz (277). Gainerako programazioa 190 udalerritan banatu zen: 3.727 ekitaldi guztira, herri bakoitzeko 19, batez beste. Arrakala horrek ez dio populazioari edo eskura dagoen azpiegiturari soilik erantzuten; instituzioek programatzeko, baliabideak erakartzeko eta kultur agenda egonkor bati eusteko duten gaitasunak ere badu eragina.
Gipuzkoa da dentsitate kultural handiena izan duen lurraldea: mila biztanleko 11,1 ekitaldi. Atzetik datoz Araba (9,7) eta Bizkaia (7,5), eta azken horrek izan du ekitaldi bolumen handiena (8.662). Aldea, beraz, ez dago kantitateari lotuta soilik, biztanle-kopurua ere kontuan hartu behar da. Gipuzkoako zenbait eskualdetan, hala nola Tolosaldean, Urola Kostan, Debagoienan edo Donostialdean, mila biztanleko 10 ekitaldi baino gehiago egin ziren 2024an. Bizkaiko Arratia-Nerbioi eta Enkarterrin, aldiz, ez ziren 7ra iritsi. Lurralde beraren barruan ere, desberdintasunak nabarmenak izan dira.
Ekitaldi motari dagokionez, aurretik esan bezala, musika izan da nagusi,: 6.342 kontzertu (% 31,8). 4.239 antzerki-emanaldi egin ziren (% 21,3); ikus-entzunezko proiekzioek guztizkoaren % 11,8 hartu zuten; hitzaldiek eta jardunaldiek, % 11,5; erakusketek, % 6,9; eta dantza-emanaldiek, % 4,3. Gainerako jarduerek –azokak, ikastaroak, tailerrak, lehiaketak...– agendaren % 12,5 hartu zuten.
Lau ekitalditik hiru eremu itxietan egin ziren, bereziki Donostialdean, Arabako Lautadan eta Bilbo Handian; bertan, formatua % 76tik gorakoa izan da. Gainera, hamar ekitalditik zortzi egun bakarrekoak izan ziren.
Euskara gehiago hauspotu beharra?
Euskal kulturaren panoraman, euskararen erabilera funtsezko elementua da. 2024an, ekitaldien erdiak inguru euskaraz edo ele bietan egin ziren. Batez besteko hori, ordea, aldatu egiten da lurraldetik lurraldera eta eskualdetik eskualdera. Gipuzkoan, zazpi eskualdeetatik seik gainditu zuten % 50eko langa, eta Debagoienan eta Urola Kostan programazioaren erdia baino gehiago euskara hutsean izan zen. Bizkaian, aldiz, zazpitik bostek gainditu zuten muga hori, eta Durangaldea eta Markina-Ondarroa izan dira euskaraz gehien programatu zutenak (% 58,4 eta % 61,5, hurrenez hurren).
Araban, berriz, eskualde bakar bat ere ez da proportzio horietara iritsi; Aiaraldea hurbildu zen gehien (% 38,3 euskaraz, eta % 11,6 ele bietan). Alde horrek agerian uzten du euskarak aurrera egin duela kultur arloan, baina lurraldearen hegoaldeko zenbait eremutan oraindik ere gabeziak daudela. Kultura, zalantzarik gabe, hizkuntza-normalizaziorako bide bat da, baina euskarak oraindik ere bidea urratu beharra du kultur sare osoan erabateko presentzia izateko.
Urteroko jaialdiak, musikalak gehienak
Aparteko kapitulu bat merezi dute urtero-urtero egin ohi diren jaialdiek. 2024an 677 jaialdi egin ziren EAEn, eta horietatik erdiak musikalak izan ziren. Ondoren datoz zinema eta ikus-entzunezko jaialdiak (88), antzerkia (70) eta dantza (49). Gainera, ia ehun jaialdi misto antolatu ziren –musika eta dantza elkartuta, esaterako–, eta 64 hainbat diziplinatara bideratuak, literatura, poesia, argazkilaritza, bideo-jokoak eta modari begirakoak, esaterako.
Eskaintza askotarikoa bada ere, kontzentrazio geografikoa ekitaldi guztiekin dagoen joera errepikatu egiten da: 21 udalerrik hartu zuten jaialdien % 70. Hiriburuak dira berriz buru: Bilbok 134 jaialdi antolatu zituen; Gasteizek, 86; eta Donostiak, 71. Parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, aipagarrienak dira Zinemaldia, Jazzaldia eta BBK Live, 100.000 lagunetik gora izan zituzten, nahiz eta ez den neurtzeko sistema ofizial bateraturik existitzen.
Jaialdien formatuari dagokionez, % 25 aire zabalean egin ziren (ekitaldi guztien % 16,5 soilik izaten da aire zabalean). Dantza (% 48,5) eta musika (% 30,1) dira kanpoko espazioetan nagusi. Gainera, jaialdien % 68k egun bat baino gehiago irauten zuten.
Antzinatasunari dagokionez, dantza-jaialdien erdiek 25 edizio baino gehiago dituzte. Musika-jaialdiak, berriz, gazteagoak dira: % 18,4k baino ez dituzte 25 urte baino gehiago. Denen artean, Donostiako Musika Hamabostaldia da beteranoena, 85 edizio bete baitzituen iaz, Zinemaldiaren aurretik (72 edizio).
Ekipamenduen banaketa: gorabeheratsua
Kultur ekitaldi horiek guztiek azpiegitura fisiko bat behar dute. EAEko udalerriek 3.757 kultur ekipamendu dituzte: 1.189 publikoak dira (liburutegiak, kultur etxeak, museoak, aretoak...) eta 2.568 kultur industriari lotutakoak (produkzio-etxeak, argitaletxeak, konpainiak, dendak, akademiak...).
Banaketa asimetrikoa da: Bizkaiak ekipamendu horien guztien % 49,1 du; Gipuzkoak, % 36,2; eta Arabak, % 14,7. Ez da kasualitatea, hartara, azpiegitura gehien dituzten eremuak ere programazio handiena dutenak izatea.
Eremu batzuentzako zail samarra izaten da kulturarako sarbidea bermatzea: urtean 10 ekitaldi baino gutxiago dituzten udalerriak, euskarazko programaziorik ia ez duten eskualdeak, edo, besteak beste, zinema eta horren gisako jarduerarik eskaintzen ez duten txokoak. Kultur arrakala ez da beti agerikoa, baina existitu egiten da. Kulturklik erabilgarria da argazki orokorra egiteko, baina muga bat du, borondatezkoa da eta ez ditu ekitaldi guzti-guztiak jasotzen. Bereziki zirkuitu alternatiboek eta tokiko eragileek antolatutako jarduerak kanpoan gelditzen dira. Horrek iradokitzen du errealitatea datuek erakusten dutena baino are desorekatuagoa izan daitekeela.
Beraz, EAEko kultura sarea bizia, finkatua eta askotarikoa bada ere, baditu argi-itzalak. Oinarri sendoa dago: ekitaldi andana, jaialdi sare zabala, azpiegitura sendoa eta euskararen aldeko apustu gero eta handiagoa. Baina badira premiazko erronkak ere: eskaintza lurraldez lurralde orekatzea, herri txikiei ikusgarritasuna ematea, jaialdien iraunkortasuna bermatzea eta eskualde guztietan euskararen presentzia indartzea.
Aurreko lerroetan aipatutako datuak batuta, galdera argia da: Zer egin daiteke kultura pertsona guztiengana iristeko, baldintza berdinetan? Baliabideen zentralizazioa indartu ala udalerri txikien protagonismoa bultzatzen duen deszentralizazioa lehenetsi? Eredua edozein dela ere, funtsezkoa da kultura eskubide bat dela ez ahaztea, eta, beraz, herritar guztientzat bermatuta egon behar du, non bizi diren kontuan hartu gabe.
Zure interesekoa izan daiteke
Olatu zuri gorriak Iruñea hartu du
Txupinazoarekin, lehertu da festa Iruñean eta ez du atsedenik hartuko datorren uztailaren 14ra arte. Urteroko ohiturei, gaur beste protagonista bat batu zaie: beroa. Festazaleek 40 graduko tenperaturekin abiatu dituzte 2026ko sanferminak.
Antzuola eta Urretxu artean piztutako baso-sutea kontrolpean dago
Gipuzkoako hiru parketako suhiltzaileak aritu dira Antzuolan 13:45ak aldera deklaratutako sutea itzaltzen. Sugarrak ordu batzuk geroago kontrolatu dituzte.
Kontrolatu dute Imarkoainen piztutako sutea
Lizarra, Azkoien eta Tafallako suhiltzaile etxeetako brigadek 15:30ak aldera lortu dute sutea kontrolpeak hartzea. Guztira 80 hektarea baino gehiago erre dira baso eta, batez ere, laborantza artean.
ELAk arreta euskaraz bermatzeko eskatu dio Osakidetzari
Oraindik hizkuntza ez dakiten langileak euskalduntzeko plana aldarrikatu du sindikatuak Osakidetzaren Gasteizko egoitzan.
Lesakako sanferminak hasi dira
Txupinaren jaurtiketak eman die hasiera Lesakako San Fermin jaiei astelehen honetan, 12:00etan. Jai-egitarauak 50 kultura-, kirol- eta jolas-jarduera baino gehiago biltzen ditu, datozen 6 eguneton burutuko direnak. Gaita jotzaileen, musika-banden eta txarangen ohiko soinuek herriko kaleak alaituko dituzte uztailaren 11ra arte, larunbata.
Arrautza frijituak, txistorra eta zapi gorria: Hasi da festa Iruñean
Urtero bezala, ohiko hamaiketakoak izaten dira uztailaren 6ko goizean, festei hasiera emateko zain. Mokadu sendoak beti ere, hau izango baita seguraski, eguneko otordu bakarra.
40 ikasleri ez diete, kautelaz, USaPen Euskarako nota zenbatuko
Auzitegiek arrazoia ematen ez badiete kasuaren funtsari buruz, nota horiek kontuan hartuko dira azkenean.
Asiron eta Chivite: "Jendeak asko goza dezala, baina errespetuz"
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak 2026ko sanferminetara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei, jaiez eta hiriaz gozatzeko, baina "beti errespetuz".
Txistulari eta Gaiteroen Bandak dantzan jarri du Iruñeko Udaletxe plaza
Gaur eguerdian Iruñeko Udaletxeko plaza bete duten milaka pertsonek Txistulari eta Gaitarien Bandaren doinuekin dantzan egin ahal izan dute.
3I/ATLAS izarrarteko kometa "Eguzkia baino askoz zaharragoa" dela ondorioztatu du astronomo talde batek
Aztarna kimiko espezifikoak neurtuz iritsi dira ondorio horretara, eta segur aski Eguzki sistematik kanpo sortu zela ere uste dute. Izarrarteko kometak eguzki sistemaren kanpoan sortu eta noizean behin eguzki sisteman sartzen diren izoztutako objektuak dira.