“Itzalaldia”, “soldadutza”, “flotilla” eta 2025ean “desiraungi” diren beste hitz batzuk
Global Sumud flotilla, Tunisian. Argazkia: Efe.
Hizkuntzak etengabe egokitu behar du, eraginkorra izan nahi badu; atergabe mudatu behar du, mundu berriak dakarguna azaltzeko eta beste mundu batzuk proiektatzeko.
UZEI terminologia eta lexikografia zentroa gure hizkeraren aldaketa horien kronista saiatua da, eta aurten ere, hitzorduarekin zintzo, bukatzear den urtean “hedabideetan eta sare sozialetan zeresana eman duten gaiez hitz egiteko ibili ditugun 25 hitz” bildu ditu.
Joan den astean, “muga-zerga” aukeratu zuten 2025eko hitz gisara UZEIk berak eta Euskaltzaindiak, eta terminologia eta lexikografia zentroak zerrenda zabaldu du gaur, astelehenarekin.
Lexikoa
“Muga-zerga” izan da aurtengo hitza Euskaltzaindiarentzat eta UZEIrentzat
“Norobirus”ari buruz berbetan hasi genuen urtea, zerrendari begiratuz gero ikusten denez, eta “alu zikin”ei buruz hizketan bukatu dute batzuek, Birgitte Macron Frantziako presidentearen emazteak hitz horiek erabili baitzituen protestari feminista batzuen aurka.
Bien bitartean, nolanahi den, gerra hotsak nagusitu dira ostera ere lexikoan, eta elkarrizketa publikoan sarri entzun dira “Gazako Riviera” Trumpen asmakeria doilorra, “berrarmatu”, “bizirauteko kit”, “soldadutza, “pogrom”, Hernaniko eta Murtziako pertsona ehizaldien harira, “flotilla” eta “narkotxalupa”, AEBk Karibe itsasoan hondoratu dituzten ontziak izendatzeko.
EKIMEN MILITARRA
Macronek iragarri du 10 hilabeteko borondatezko soldadutza ezarriko duela, gazteentzat, 2026tik aurrera
Hamar hilabeteko iraupena izango du eta datorren udan hastea aurreikusten da, 18-19 urteko gazteei zuzenduta. Programa Frantzian garatuko da, eta hiru mila parte-hartzailerekin hasiko da.
Odol zipriztinetatik libro diren hitz gutxi batzuk ere jaso dituzte zerrendan, hala nola “ajoarriero”, Euskaltzaindiak urte hasieran hiztegiratu zuela eta; “Harausta” L’Alegresse izenez bataiatu duten Biarrizko auzoaren jatorrizko euskal izena; “itzalaldia”; "EHU", euskal unibertsitateak euskarazko siglak soilik erabiliko baititu aurrerantzean bere burua izendatzeko; “mitoaroa”, Zetak taldearen emanaldi eta emanaldi iragarpen arrakastatsuen ondorioz; eta “desiraungi”, duela 13.000 urte desagertutako otso bat berriro sortzea lortu omen dutelako.
Iraungiko al dira, inoiz ez “desiraungitzeko”, gerra hotsak zabaltzen dituzten hitz horiek, UZEIri datorren urteko zerrenda egiteko ordua iristen zaionerako!