Migrazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

"Carne y arena" murgiltze esperientzia, gaurtik aurrera EITBren Bilboko egoitzan

Berez, joan den astean zen zabaltzekoa baina, arrazoi teknikoak tarteko, atzeratu egin behar izan dute. Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagileak instalazioa bisitatzeko sarrerak EITBren webgunean eskuratu ahal dira. 

"Carne y Arena" Alejandro González Iñarrituren instalazioa

"Carne y arena"

Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikar zinemagilearen Carne y arena murgiltze esperientzia bizigai dago, gaurtik hasita, EITBren Bilboko egoitzan, instalazioaren funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak izan diren azken doikuntza teknikoak egin ondoren.

Bisitariak mexikar eta erdialdeko amerikar migratzaile eta errefuxiatuek egindako bidaiaren zati baten erdian kokatzen ditu errealitate birtualeko lanak. Guztira, 15 minutuko esperientzia bat proposatzen du lanak, errealitate birtualeko 6 minutu eta erdiko emanaldia barne, eta “bisitariak ez du migrazioa ikusten: zeharkatu egiten du”. Iñarrituren hitzetan, obra hau "enkoadraketaren diktadura apurtzeko" eta zuzeneko esperientzia bat ahalbidetzeko nahitik sortu zen, "migratzaileen oinekin ibiliz, haien azalaren azpian eta bihotzaren barruan".

Instalazioa joan den astean zen irekitzekoa, baina arrazoi teknikoak tarteko, atzeratu egin zuten. Hala, azken egunotan, talde teknikoek lan handia egin dute beharrezko doikuntzak egiteko. Esperientzia hori prestatzeko, erronka tekniko handiari egin behar izan diote aurre, eta baldintza tekniko zehatzak eskatzen dituen gailu berri bat erabili behar izan dute.

Sarrerak, 11,21 euroan

Instalazioa bisitatzeko sarrerak EITBren webgunean eskuratu ahal dira, 11,21 euroren truke. Bisitariek erreserbatutako ordua baino 15 minutu lehenago iritsi behar dute, gutxienez.

90_20 ekoiztetxeak ohar bidez jakinarazi duenez,  ostiralean, martxoaren 20an, ekitaldi instituzionala egingo da, Alejandro Gonzalez Iñarritu bertan dela.

Zuzendariaren ustez, bira Euskal Herrian hastearen dimentsio sinbolikoa ukaezina da, eta gogorarazi du nolako elkartasuna erakutsi zien Mexikoko herriak Espainiako Gerra Zibilaren osteko euskal erbesteratuei, eta nola berak ere familia-loturak dituen herriarekin. 

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK Banku Fundazioaren eta EITBren bitartez iritsi da instalazioa Bilbora. Carne y arena 2017an estreinatu zen, Cannesko 70. jaialdian, eta Hollywoodeko Akademiak Oscar sari berezia eman zion urte horretan bertan, “esperientzia narratibo aparta” dela iritzita.

 

18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X