Bilboko Euskal Museoko sarrera doakoa izango da abuztuaren 22tik 30era, Aste Nagusia dela eta
Bisitariek erakusketa erdi iraunkorra ikusi, Ra Asensiren "Uhinak" proposamen garaikidea ezagutu eta "Bilboko erraldoiak" erakusketa tradizionalaz gozatu ahal izango dute.
Aste Nagusiarekin bat eginez, abuztuaren 22tik 30era Euskal Museoko sarrera doakoa izango da. Bisitariek erakusketa erdi iraunkorra ikusi, Ra Asensiren "Uhinak" proposamen garaikidea ezagutu eta "Bilboko erraldoiak" erakusketa tradizionalaz gozatu ahal izango dute; azken ekimenaren kasuan erakusketako protagonistak goizero aterako dira kalejiran Zazpi Kaleetan zehar.
Museoak jakinarazi duenez, espazioa astelehenetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik (abuztuaren 28an, ostirala, eta 30ean, igandea, 10:00etatik 14:00etara).
Azaldu dutenez, erabaki horrekin "Aste Nagusiaren ospakizunarekin bat egiten du" Museoak eta sarrera doan eskaintzen die publiko guztiari abuztuaren 22tik 30era. Aldi horretan, "bilbotarrak eta bisitariak gonbidatzen ditu beren proposamen museografiko berritua ezagutzera eta tradizioa eta garaikidetasuna biltzen dituen erakusketa-programazioaz gozatzera".
Bisitaria euskal historiara, ondarera eta kulturara hurbiltzea xede duen erakusketa erdi-iraunkorraz gozatzeaz gain, uda honetan Museoan martxan diren aldi baterako bi erakusketa ezagutu ahal izango dituzte bisitariek.
Alde batetik, Ra Asensi artistaren Uhinak erakusketak, Kukula gunean kokatuta dagoenak, Euskal Museoa Bilbaoren bildumaren berrinterpretazio garaikidea proposatzen du euskal buztingintzaren tradizioari lotutako emakumeen ahotsei, oroimenari eta ondareari buruzko gogoeta egiten duen instalazio eskultorikoaren bidez.
Bilboko erraldoiak
Bestetik, klaustroan Bilboko erraldoiak erakusketa egongo da, hiribilduko tradiziorik maitatuenetako bati eskainia.
Aste Nagusian zehar erakusketak izaera are bereziagoa hartzen du, izan ere, goizero erraldoiak Euskal Museoa Bilbaotik irtengo direlako Zazpi Kaleetan zehar euren ohiko kalejira egiteko.
Kalejira amaitu ondoren Museoko klaustrora itzuliko dira, eta bertan berriz egongo dira ikusgai egunaren gainerako orduetan. Hala nahi duenak, eskura du erakusketa hauosatzen duen beste bat ere, San Frantzisko aztarnategian (Mirasol kondearen kalea, 2) dagoen erraldoien beste belaunaldi batez osatua.