Zabalik dago Durangoko Azokan erakusmahaia jartzeko izen-ematea
Irailaren 30a arteko epea daukate argitaletxe, diskoetxe, elkarte, erakunde eta gainerako interesatuek. Azokaren webgunean dago abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo den azokaren inguruko informazio guztia.
Astearte honetan zabaldu da Durangoko Azokaren 61. edizioan erakusmahaia jarri nahi dutenek izena emateko epea. Irailaren 30era arte egin ahal izango dute eskaria azokan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile zein ekoizleek.
Horretarako, Durangoko Azokaren webguneko Intraneta atalean sartu behar da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, behin erregistratuta, partaideek webgunean bertan izango dute informazioa eskuragarri; alegia, azokako araudia, izena emateko epeak, maiz egiten diren galderak eta tarifen inguruko informazio guztia.
Urtero bezala, beste ataletan izena-emateko aukera aurrerago zabalduko da, hala nola egitarauaren barruan proposamenak egiteko aukera eta ikasle goizean parte hartzeko aukera.
Abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo da aurten Durango Azoka. Gerediaga elkarteak prestaketa lanak martxan ditu.