Sergio Monedero: 'Erretratua egitea bi pertsonaren arteko borroka da, boxeoa bezala'
1. Zergatik boxeolariak? Zerk erakarri zintuen?
Gaia bera interesgarria eta erakargarria iruditu zitzaidan, gaur egun boladan dagoen kirola delako. Horrekin batera, kirol gogorra zela ikusi nuen, eta filosofia berezia zeukala. Nik ere urteetan borroka-arteak praktikatu ditut, eta horrek ere aukeraketa horretan zerikusia izan zuela uste dut. Koktel horren emaitza da 'Boxeolariak'.
Egun batean ezagutzen ez nuen gimnasio batera joan nintzen, sartu eta hango lau hormen (eta lau soken) artean gertatzen zena dokumentatzen hasi nintzen. Handik gutxira erretratuak egiteko aukera nuela ikusi nuen, eta pausoa eman nuen.
2. Boxeoaren inguruan topiko asko daude, eta oso hedatuta. Zuk bi urte eman dituzu proiektu honetan, boxeolariekin harremanean, zein topiko hautsi dituzu beraiek sakonean ezagututa?
Egia da, beste kirol askotan gertatzen den bezala, boxeoari lotuta topiko ugari daudela, eta topiko guztiekin gertatzen den bezala, ezjakintasunetik sortutakoak direla. Kanpotik ikusita gauza batzuk imajinatzen dituzu, eta gero, mundu horretan murgiltzean, errealitatea ezberdina dela ikusten duzu. Nik ere banituen nire topikoak, eta bi urte hauetan, 100 pertsona baino gehiagorekin harremanetan egon ostean, usteak ustel geratu zaizkit; boxeolariak pertsona bortitzak zirela, gogorrak… eta ez da horrela. Egia da denetarik dagoela, eta jendeak motibazio ezberdinak bultzatuta praktikatzen duela boxeoa, baina askok eta askok unibertsitatean ikasi dute, lanean daude eta boxeoa eguneroko estresari aurre egiteko erabiltzen dute. Pertsona oso sentiberak eta umilak ezagutu ditut… Hau da, profil erabat ezberdina, pertsona borrokazalea eta beti liskarretan sartuta dagoenarekin oso aldenduta.
3. Erretratua (profesionala, sakona, ondo egindakoa) jarduera psikologikoa da neurri handi batean, ez da bost minututan egiten den gauza bat.
Erretratua bereziki interesatzen zaidan generoa da. Zein zaila den… eta zein erakargarria! Nire ustez, erretratua borroka txiki bat da, bi pertsonaren artekoa, boxeoa bezala, baina kasu honetan modeloaren eta argazkilariaren artekoa. Kamera baten aurrean gaudenean interesatzen zaigun irudia eman nahi dugu, eta argazkilaria, berriz, benetako erretratua lortzen saiatu behar da, erretratu psikologikoa. Eta ni horretan saiatu naiz. Ez da gauza bera pertsona batekin 5 minutu egotea edo 30-40 minutu. Denborak argazkilariaren alde jokatzen du. Erretraturako denbora hartu behar duzu eta aurrean duzun pertsona era zintzoan ezagutzen saiatu. Ez dakit lortu dudan, baina niretzako ezinbesteko formula da hori.
4. Nola "biluzi" dituzu zure kameraren aurrean jarri diren boxeolariak?
Argazkiak egiten hasi aurretik nola jokatu pentsatu nuen: 'Pertsona bakoitzarekin beharrezkoa dudan denbora egongo naiz pertsona hori hobeto ezagutzeko, horma psikologikoa apurtzen saiatzeko, konfiantza hartzeko eta ea horrela bere benetako izaera ateratzea lortzen dudan, edo behintzat horretara hurbiltzea lortzen dudan'.
Nortzuk ziren eta boxeoa zergatik egiten zuten kontatzeko eskatzen nien, zer bilatzen zuten… Kamerari beldurra gal ziezaioten saiatzen nintzen; azken finean, ni euren entrenamenduetan kamera batekin bat-batean sartu zen tipo arrotza nintzelako. Argazkia egiteko oso hurbil jartzen nintzen eta oso erraza da horrek jendea atzera botatzea. Eta hori da normalean erabiltzen dudan formula, lan honetan eta beste guztietan.
5. Erretratuari zuku gehiago ateratzeko, argazkilariak ere bere burua biluzi behar du?
Bai, argi eta garbi. Lehen esan dut erretratua dema edo lehia bat dela, baina elkarbanatzea ere bada. Pertsona bati zer edo zer emateko eskatzen badiozu, zuk ere, trukean, zer edo zer eman behar diozu. Ezinezkoa da konfiantza sortzea zuk ez baduzu ezer ematen. Orduan, bai, aurrean duzuna biluzteko zuk ere gauza bera egin behar duzu. Nola lortu hori? Bada, konfiantzaren bidez, benetako konfiantza transmititzen jakin behar duzu.

6. Lehen boxeoaren topikoez aritu gara, goazen orain argazkilaritzarekin lotuta dagoen galdera topiko eta tipiko batekin: zergatik aukeratu duzu zuri-beltza eta ez kolorea?
Hasieratik oso argi izan nuen argazkiak zuri-beltzean egingo nituela, nik transmititu nahi nuena zuri-beltzak koloreak baino askoz hobeto adierazten duelako. Sentimendu ezberdinak, egoerak… Gainera, estetikari dagokionez, oso kontraste garbia sortzea nahi nuen, argia eta itzalaren artekoa, eta hasierako planteamendu horiek zuri-beltzean bideragarriagoak ziren.
7. Zer adierazi nahi izan duzu erretratu horien bitartez, zein da ikuslearengan sortu nahi izan duzun hausnarketa edo zer helarazi nahi izan diozu?
Sentimendu arruntak adierazten saiatu naiz, guztiok ditugun sentimenduak: kezka, ardura, harrotasuna, beldurra… Gizakiak mugitzen dituen sentimenduak. Pertsona bakoitzarekin hitz egin eta hobeto transmititzen zuen sentimendua harrapatzen saiatu naiz. Egia esateko, ez zait gustatzen argazki bakoitzarekin zer transmititu nahi dudan esatea, ez naiz argazki-oin zalea. Erretratu batzuekin askatasun handiagoa dago interpretazioak egiteko orduan, eta beste batzuekin, aldiz, interpretazioa mugatuagoa da. Baina proba egin dut eta ikusi dut argazkiak interpretatzeko orduan erretratuari begiratzen dion pertsonaren izaerak eta bizitzako esperientziak eragina duela. Bakoitzak sentimendu ezberdinak ikusiko dituela bere ‘motxila’ edo bizipenen arabera.
8. Gaur egun, argazkiak egitea ohiko bihurtu da. Ondorioz, erreparo gutxiago al dago kamera baten aurrean jartzerako orduan, ala besteen begiradapean egoteak nolabaiteko ezinegona sortzen digu oraindik?
Kamera baten aurrean jartzeko orduan denetarik dago; batzuek arazorik gabe egiten dute, eta eroso sentitzen dira, eta beste batzuei, berriz, pilo bat kostatzen zaie. Gainera, uste dut hor faktore psikologiko bat ere badagoela; ez da gauza bera telefono bat ateratzea edo reflex kamera handi bat. Kontuan izan behar duzu ere zer-nolako begirada duzun eta nola egiten dituzun argazkiak. Nik, adibidez, badakit asko gerturatzeko ohitura dudala, eta horrek jende askori beldurra ematen dio, urduri jartzen dira. Hala ere, azkenean lasaitzea eta eroso sentitzea lortzen dut, asko harritu egiten dira.
9. Gaur egun ematen du denok garela argazkilariak, denok daramagu argazki kamera eskura, gure telefonoetan.
Egia da gero eta kamera gehiago daudela eta gero eta argazki gehiago egiten direla, azken finean, gaur egun denok omen gara "argazkilariak", denok dauzkagu kamerak gure telefonoetan. Orokorrean, egia da gure pribatutasuna saldu dugula sare sozialetan eta selfieak pentsatu barik egiten ditugunean, edo zer bazkalduko dugun erakusten dugunean… Baina nik ez dakit hori argazkigintza den, edo hori egiten duen pertsonari "argazkilari" dei diezaiokegun. Nire ustez, argazkiak egiteak badauka hausnarketa puntu bat, hau da, zer atera nahi dugun pentsatzea, nola atera nahi dugun, zein begiradarekin… Horregatik, selfieak eta momentuko argazkiak egitea, pentsatu gabekoak, niretzat ez da argazkigintza; hausnarketa bat egon behar du prozesu horretan, zalantzarik gabe.
10. Zein da zure kasuan argazkigintzak duen magia edo xarma?
Magia eta xarma berezkoak ditu argazkigintzak. Ni aitarekin hasi nintzen, bera oso zalea zen. Gogoan daukat nola itxaron behar nuen argazkiak errebelatzeko eta paperean zer zegoen ikusteko. Horrek, berez, magia zuen. Gaur egun nik ondo pasatzen dut, disfrutatu egiten dut, pilo bat. Zaletasun bezala zoragarria da eta momentu asko eman dizkit: jende asko ezagutu dut, egoera bereziak bizi izan ditut… eta gezurra badirudi ere, argazki kamera bat eskuetan izateak leku batzuetan sartzeko bidea ematen dizu, eta gauza asko bizitzeko aitzakia da. Gainera, eta serio esaten dut, argazkilariok super botere bat daukagu: denbora geldiaraztearena. Horregatik gustatzen zait hainbeste argazkigintza dokumentala; berriro errepikatuko ez dena dokumentatzeko aukera dugulako. Eta ideia hori buruan daukat bueltaka beti.
Zure interesekoa izan daiteke
“Gorputz geometrikoak” erakusketak Nora Aurrekoetxea eta Larry Bell gonbidatu ditu, Chillida intepreta dezaten
Chillida Lekuko erakusketa berria Estela Solana komisarioak gidatu du, eta ibilbide bat proposatzen du Eduardo Chillidaren obraren aroetan zehar, lehen lan figuratiboetan hasi eta hiru dimentsioko espazioak sortzen dituzten arkitektura kutsuko azken lanetaraino. Chillidaren obrak Nora Aurrekoetxearen eta Larry Bellen pieza banarekin lagunduta ageri dira. Ekainaren 25etik urriaren 26ra egongo da bisitagai.
Guggenheimek Philippe Parrenoren eta Carmen Herreraren atzera begirako erakusketak egingo ditu 2027an
Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioaren Patronatuak bilera egin du bart museoan, eta datorren urteko programazio artistikoa aletu dute bertan. 30. urteurrena dela eta, bilduma propioaren aurkezpen berri bat ere lantzen ari dira.
Publikoak asteazkenean ikusi ahal izango du Arte Ederren Bilboko Museoko atari berria
Museo zaharberritua urriaren 5ean ireki aurretik, publikoak asteazkenean, ekainak 24 (10:00-20:00), ikusi ahalko du, salbuespen gisa eta hitzordua hartu beharrik gabe, eraikinaren atari berria. Francisco de Durriok Arriagaren omenez egin zuen eskultura berriz jarri dute, eta ikusgai daude, halaber, Topalekua, Eduardo Chillidarena, eta Bilbao, Richard Serrarena.
David Hockney britainiar artista zendu da
Margolariak, Erresuma Batuko pop artearen izen handietako batek, 88 urte zituen.
Zabalik dago Euskal Museoa
Bilboko museo zaharberrituaren ateak gaur goizean ireki dituzte, hainbat urteko lanen eta 20.397.401,53 euroko inbertsioaren ostean. Hamar egunez, sarrera doakoa izango dute herritarrek.
Xabier Paya Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendari nagusi izendatu dute
Sorkunde Aiarza Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendari kudeatzailearekin batera jardungo da Paya Euskal Museoa Bilbao, Bilboko Berreginen Museoa eta San Frantziskoko komentuko aztarnategia kudeatzen dituen erakundea gidatzen.
Bilboko Euskal Museo berritua ekainaren 10ean irekiko dute eta sarrera doakoa izango da hamar egunez
Zaharberritze arkitektoniko zein museografiko sakon baten ondoren, ekainaren 21era arte herritarrak doan sartu ahalko dira Euskal Museora, Bilbon. 50.000 piezako bilduma erakusteko espazioan 20.397.401,53 euroko inbertsioa egin dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, eta proiektuak 5.000 m2 baino gehiagoko erakustokia irabazi du.
Jasper Johnsen 134 lan bildu ditu Guggenheimek
Estatubatuar artistak zazpi hamarkadako ibilbidean eginiko lanaren atzer begirako erakusketa antolatu du Bilboko museoak. Urriaren 12ra arte, "Night driver"bildumak pinturak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, liburu bat eta eszenografia bat eskainiko dizkio bisitariari.
Bilboko Euskal Museoaren inaugurazioa
Jarraitu zuzenean Bilboko Euskal Museo berrituaren inaugurazio ekitaldia.
Iruñeko Katedralak Valentinoren 25 pieza ezezagun ditu ikusgai
'Indito Valentino' erakusketak diseinatzaile italiarraren goi-mailako 25 pieza ezezagun bildu ditu lehen aldiz Iruñeko Katedralean. Inoiz erakutsi ez den bilduma baten parte dira lanak, eta Valentinoren nortasun-ezaugarri ezagunenetako batzuk erakusten dituzte eta erakusketa ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.