Agustin Ibarrola margolari eta eskultorea hil da
Dolua, euskal artean. Agustin Ibarrola zendu da, Basaurin jaiotako margolari eta eskultore ezaguna, 93 urte zituela, Galdakaoko Ospitalean. Asteazkenean erorikoa izan zuen, eta, ordutik, ospitalean egon da ingresatuta, gaur hil den arte.
Bere lan esanguratsuenen artean Omako Basoa dago, bere baserritik gertu dagoen baso bateko pinudian margotutako lana. Hain zuzen ere, duela aste gutxi ireki dute berriro lan hori, beste leku batean, semeak, EHUk eta Bizkaiko Aldundiak egindako zaharberritze lanari esker.
Bizitza osoa arteari lotuta, senideek azaldu dute azken egunera arte jardun duela inspirazio iturri emankorrarekin, lanean, Omako baserrian.
Hain zuzen ere, gaur Durangoko Museoan irekitzekoak ziren bere azken lanetako batzuk jasoko dituen erakusketa bat. 'Papera ardatz' erakusketan 1997tik 2022ra arte laborategian egindako tamaina ertain eta txikiko saioak bildu dituzte, baina, museotik adierazi dutenez, erakusketaren inaugurazioa bertan behera geratu da "bere memoria eta familiarekiko errespetuagatik". Erakusketa azaroaren 18an irekiko da, eta urtarrilaren 28ra arte egongo da zabalik. "Hau da Agustin Ibarrolari egin diezaiokegun omenaldirik onena" adierazi dute Museotik.
AGUSTIN IBARROLARI BURUZKO DOKUMENTALA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Radio Euskadiko mikrofonoetan azpimarratu du "euskal kulturaren erreferentzia bat galdu" dela, nahiz eta artistak "artelanetan jarraituko duen". Gainera, gogorarazi du "ideologikoki konprometitua" izan zela: "Jarrera horixe erakutsi zuen gizarte honetan gertatzen ari ziren gauzen aurrean, lehenik diktaduraren aurka eta gero terrorismoaren kontra".
PCEko kide izan zen frankismoan, eta ondoren Ermuko Foroaren eta Aski Da!-ren sorkuntzan parte hartu zuen. Gainera, Rosa Diez babestu zuen UPyD alderdia sortu zuenean.
ETAren aurkako jarrera horren ondorioz jazarria izan zen, eta bere lanek erasoak jaso zituzten.
Ibilbide artistikoa
Oso gazterik, 50eko hamarkadan, arte garaikideari lotu zitzaion, eta orduan jaso zuen Arantzazuko basilikan parte hartzeko deia, baina, azkenean, bere murala ez zen gauzatu.
Equipo 57 taldearen sortzaile, Arte Ederren Merituaren Urrezko Domina jaso zuen 1993an, taldekide guztiekin batera.
60ko hamarkadan, Euskal Arte Eskolaren sustatzaileetako bat izan zen, eta Gaur, Emen, Orain eta Danok mugimenduetan ere aritu zen.
Omako Basoko enborretan margotutako lana izan zen, hala ere, sona handiena eman ziona. 1982tik 1991ra bitartean egindako lanak jende andana erakarri du Kortezubira.
Bere lanen katalogoa zabala da, baina, eta ezagunak dira Llaneseko (Asturias) portuko Memoriaren Kuboak, Bottropen (Alemanian) Ruhrreko trabesak eta abar, tartean ETAren terrorismoaren biktimen omenez egindako lanak.
Heriotzari errekazioak
Eusko Jaurlaritzak, Bingen Zupiria Kultura sailburu eta bozeramailearen bitartez, bere atsekabea adierazi du Agustin Ibarrola artistaren heriotzagatik. Haren "konpromiso soziala" nabarmendu du. Zupiriak Radio Euskadin adierazi duenez, Euskal Herriko hainbat lekutan instalatutako artistaren obra publikoek "Ibarrola konprometituena gogoraraziko digute". "Hala agertu izan zen beti gure gizartean gertatzen ari ziren gauzen aurrean, lehenik diktaduraren aurrean eta gero indarkeria terroristaren garaian", nabarmendu du sailburuak.
Oskar Matute EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen ondokoak Agusin Ibarroal euskal gizartean "maila askotan" izan duen presentzia aipatu du, bere izaera "poliedrikoa" medio. Koalizio subiranistaren ordezkariak aitortu du Ibarrolak "presentzia esanguratsua" izan zuela "ETAren aurkako borrokan", eta azpimarratu du "60ko hamarkadan langile-mugimendua sortu zenean eta frankismoaren aurkako militantzia nabarmenean" ere izan zuela presentzia hori. "Pertsona poliedrikoa zen, seguruenik artista guztiak bezala", gaineratu du.
Euskadiko CCOOk Agustin Ibarrola margolari eta eskultorearen heriotza deitoratu du, eta "bere konpromisotik frankismoaren aurkako langile erresistentzian, demokraziaren sendotzean eta terrorismoaren aurkako borrokan" lagundu zuela nabarmendu du.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak azpimarratu du Agustin Ibarrolak "hutsune handia" uzten duela artearen munduan, baita "balio zibikoei eta konpromiso demokratikoari" dagokienez ere.
Biktimen hainbat elkartek ere atsekabea agertu dute artistaren heriotzagatik.
Terrorismoaren Biktimen EAEko Elkarteak (Covite) ETAren aurkako borrokaren "erreferente" gisa gogoratu du Ibarrola sare sozialetan. Euskal artista Coviterekin lotuta zegoen sortu zenetik. Hark diseinatu zuen elkartearen 'Txiribita' logoa, eta Gasteizko terrorismoaren biktimen monumentua sortu zuen. "Atseden hartu bakean, adiskide eta erreferente maitea. Eskerrik asko guztiagatik. Ez zaitugu inoiz ahaztuko ", argitaratu du Covitek sare sozialetan.
Fernando Buesa Fundazioak ere agur mezua idatzi du, "bere ibilbide artistiko handi eta baliotsua" gogoratuz, eta "ETAren aurka beti argi eta ozen hitz egin zuen demokrata" zela ere nabarmendu du, "benetako erresistentea izan baitzen".
Terrorismoaren Biktimen Fundazioak Ibarrolak askatasunarekin eta biktimekin izandako "konpromiso iraunkorra" azpimarratu du sare sozialetan.
Miguel Angel Blanco Fundazioak ere gogoan izan du artista, nabarmenduz beti egon zela terrorismoaren biktimekin eta beti borrokatu zela askatasunaren alde .
Zure interesekoa izan daiteke
“Bakoren Burua” ikusgai jarri dute Arabako Bibat Arkeologia Museoan
1976an aurkitu zuten I. mendeko marmolezko eskultura ezaguna, Arkaiako parrokia elizaren inguruan. 13 cm-ko altuera, 9,5 cm-ko zabalera eta 6,5 cm-ko sakonera duen pieza 46 urtez egon da desagertuta, Jon Buesa EAJk Arabako Batzar Nagusietan zuen bozeramaileak epailearen eskariz itzuli zuen arte. Irailaren 30era arte ikusi ahalko da Gasteizko Bibat Arkeologia Museoan.
Carla Filipe eta Taxio Ardanaz artisten lana batu du "Kooperatiba" erakusketak, Tabakaleran
Ángel Calvo Ulloak komisariatutako erakusketak Carla Filipe eta Taxio Ardanaz artistek lengoaia grafikoen eta irudikapen politikoaren inguruan egindako lana biltzen du. Uztailaren 3an irekiko da, Donostiako zentroan, eta urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai.
Bonnat-Helleu museoak 100.000. bisitaria hartu du
Birmoldatu eta azaroan berriz ireki zuten arte ederren museoko 100.000. bisitaria 8 urteko baionar neskatoa da. Urte osoan doan sartzeko baimena emango dion txartel bat jaso du Barthélémy Etchegoyen museoko zuzendariaren eskutik.
“Harri biguna” dokumental sailak artearen irakurketa “kritiko eta garaikidea” proposatzen du ikuspegi feministatik
Primeran eta ETB ON plataformetan izango da ikusgai, ekinaren 30etik aurrera, Tamara Garcíak idatzi eta zuzendu duen sei ataleko lana. Elkarrizketen eta artxiboko materialaren bidez, ikusezin bihurtu diren narratibak azaleratzen ditu, collagean oinarritutako proposamen estetikoa erabilita.
Arte Ederren Bilboko Museoak Placido Arango omenduko du fase berriaren inaugurazioan
Placido Arango izango da Arte Ederren Bilboko Museoaren berrirekitzearen protagonista nagusia, seme-alabek utzitako eta Pradoko Museoarekin batera antolatutako erakusketa bati esker. Erakusketa urriaren 5ean inauguratuko da Arte Ederren Bilboko Museoan, eraikina handitzeko lanak amaitu ondoren.
Euskal Museoaren klaustroa, musika, dantza, zirku, herri kirol eta bertsolaritzaz beterik barikuetan
Plazara ekimeneko jardueretarako sarrera 3 euroan dago salgai, Bilboko museo zaharberrituaren webgunean. Aukeran konpainia eta Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariak arituko dira, besteak beste.
“Gorputz geometrikoak” erakusketak Nora Aurrekoetxea eta Larry Bell gonbidatu ditu, Chillida intepreta dezaten
Chillida Lekuko erakusketa berria Estela Solana komisarioak gidatu du, eta ibilbide bat proposatzen du Eduardo Chillidaren obraren aroetan zehar, lehen lan figuratiboetan hasi eta hiru dimentsioko espazioak sortzen dituzten arkitektura kutsuko azken lanetaraino. Chillidaren obrak Nora Aurrekoetxearen eta Larry Bellen pieza banarekin lagunduta ageri dira. Ekainaren 25etik urriaren 26ra egongo da bisitagai.
Guggenheimek Philippe Parrenoren eta Carmen Herreraren atzera begirako erakusketak egingo ditu 2027an
Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioaren Patronatuak bilera egin du bart museoan, eta datorren urteko programazio artistikoa aletu dute bertan. 30. urteurrena dela eta, bilduma propioaren aurkezpen berri bat ere lantzen ari dira.
Publikoak asteazkenean ikusi ahal izango du Arte Ederren Bilboko Museoko atari berria
Museo zaharberritua urriaren 5ean ireki aurretik, publikoak asteazkenean, ekainak 24 (10:00-20:00), ikusi ahalko du, salbuespen gisa eta hitzordua hartu beharrik gabe, eraikinaren atari berria. Francisco de Durriok Arriagaren omenez egin zuen eskultura berriz jarri dute, eta ikusgai daude, halaber, Topalekua, Eduardo Chillidarena, eta Bilbao, Richard Serrarena.
David Hockney britainiar artista zendu da
Margolariak, Erresuma Batuko pop artearen izen handietako batek, 88 urte zituen.