Dena prest, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako
Otsailaren 7an Iruñean hasitako Nafarroako Bertsolari Txapelketa martxoaren 28an bukatuko da, larunbatarekin, Elizondoko Baztan pilotalekuan, 17:00etatik aurrera jokatuko den finalean.
Guztira 33 bertsolari aritu dira finalera bitarteko 9 saioetan lehian, eta zortzi heldu dira azken Xabier Silveira 2013ko irabazlearen lekukoa hartzeko azken urratsera; Julio Soto (Gorriti, 1987), Xabier Terreros (Lesaka, 1981), Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Aimar Karrika (Auritz, 1988), Ander Fuentes “Itturri” (Zubieta, 1979), Eneko Fernandez (Lesaka, 1977), Oskar Estanga (Gaintza, 1978) eta Julen Zelaieta (Bera, 1980).
Iruñeko Anaitasunan egindako azken finalarekin alderatuta, egiturari dagokionez hainbat aldaketa izango ditu Elizondoko finalak, eta Fernando Anbustegi eta Alaitz Rekondo aurkezleek gidatuko dute.
Finalerako sarrera hemezortzi eurokoa da; hamabi eurokoa, Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat.
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaren ostean triki-poteoa izango da Elizondoko tabernetan zehar eta afaria ere eginen da Elizondoko Trinketean.
Juanjo Atxa almandoztarra izango da txapeldunari txapela jantziko diona, eta “Hitzetik Hortzera” ETBko saioak laburpen zabala emango du igandean, 15:00etan hasita.