Mixel Aire bertsolari eta artzaina zendu da
Mixel Aire Xalbador II.a bertsolari eta artzaina, Xalbador bertsolariaren eta Leonie Etxebarrenen semea, zendu da gaur, 80 urte zituela.
23 urte zituela zapaldu zuen lehen plazan Airek, Hazparnen, aitaren ondoan. Bost urtez bizi izan zen Kalifornian, artzain, eta "Ameriketan bakarrik" bertso sorta saritua idatzi zuen bertan.
Euskal Herrira itzuli zenean, hainbat bertsolari txapelketatan parte hartu zuen. Euskal Herriko txapelketan hirutan aritu zen, eta Nafarroako txapelketa hirutan irabazi zuen, 1980an Lesakan, 1985ean Leitzan eta 1988an Iruñean. 2010ean, plaza utzi zuen.
1976an, Mari Michel Betartekin ezkondu zen, eta hiru alaba izan zituzten: Miren, Amaia eta Paxkalin, Aire Ahizpak abeslari hirukoteko kideak.