Uxue Apaolaza: "Gutaz kontatzen dutena ez da anekdotikoa, ezta guk kontatzen duguna ere"
Idazleak ezinbesteko betebehar nagusi bat du literatura egiteko, horrek dakarren guztiarekin: zintzotasunez jokatzea, irakurlearekiko gupidarik eta gurasokeriarik gabe. Eta prestutasun etiko horretatik zuzentzen zaio narratzailea irakurleari "Bihurguneko nasa" (Susa) Uxue Apaolaza idazlearen (Hernani, 1981) ipuin bilduma berrian, bekoz beko.
Hitz-mailuz eta hanpadurarik gabe, prekarietatearen alanbrean orekan ari diren klase ertaineko gizon-emakume protagonisten bidez, inguratzen gaituzten armadura ahulak atertu gabe kolpatzen ditu idazleak, berezkoak ditugun kontraesanei itzuri egin gabe; are gehiago, kontraesanak erdiz erdi joz, irakurlearen hausnarketen bizkorgarri.
Ironiaz blaitutako orrietatik pasatuko dira prozesionariak, eskaleak, zernahiren kaptatzaileak (zoriona deritzogun horrenak ere bai), beldurren gatibuak (nor ez da?), arrotz sentitzen direnak, bizirauleak eta eguneroko miseria-jasa etengabearen aurrean behin-behineko aterpea eskainiko dien kontakizun eta oroitzapen dirdiratsu bezain ustel eta maskalen bilatzaileak. Ez espero laztan hutsal eta merkerik orriotan; aitzitik, koldarrek, gaiztoek edo inozoek egiten duten ez bezala, eusten diguten hariak zein hauskorrak diren gogorarazten digute ipuinok, adiskide onek bezala, segurtasunen aurkako manifestu honetan.
Apaolazarekin hitz egin dugu lan honetaz.
Ipuingintzara itzuli zara "Mea culpa" eleberria idatzi ondoren. Lurralde literario atseginena duzu ipuinena?
Bai, ipuinak dira gehien estimulatzen nauen generoa, zalantzarik gabe. Ez dakit hitza zehazki hori den, baina esango nuke horrek naramala ipuinetara, anekdota hutsean gera daitekeen momentu labur bateko elementuetatik abiatuta arnasa sakonagoko artifizio bat sortzeak; edo alderantziz, ikusteak nola anekdota hutsean gera daitekeen istant bateko elementuek agerian uzten dituzten hainbat botere harreman, joera, kontraesan...
Nire bizimodua ere izango da agian. Ipuina errazagoa da gogoan eramaten alde batetik bestera zabiltzanean. Eta ez da nobela bezain posesiboa.
Hamar urtean banaka landutako piezak dira "Bihurguneko nasa"n bildutako bederatzi ipuinak. Libururako orrazteko orduan, alde handirik topatu duzu garai ezberdinetan idatzitako aleen artean?
Egia esan, desberdintasunak bai topatu ditut, baina ez zentzu kronologikoan: momentu bakoitzean zerk obsesionatzen ninduen igartzen zen ipuinetan.
Zer elementuk lotzen ditu denak, zure ustez? Berridazketa lan handia egon da liburuko ipuinak batasunez janzteko? Ipuin batzuetan, beste batzuetarako keinuak ere egin dituzu…
Lotzen ditu narratzaileak, hiriak eta begiratzeko modu batek, egonkorregia ez den batek, egia esan, arrotza sentitzen dena kalean, etxean, lagunekin, familian, bere buruarekiko...
Berridazketa lana handia izan da, baina ez bateratze lan horretarako. Ipuinak banaka landu ditut, nahiz eta baten batean narratzailea aldatu dudan, liburuan sartzeko. Berridazketak ipuin bat sortzeko prozesua bera dira, berridazketetan irekitzen dira bide berriak. Ipuin bat idaztea lehen zirriborroa berridaztea eta berridaztea da niretzat.
Ipuinen arteko keinuak gerokoak dira, nahiko amaierakoak, eta asko testuek berek "eskatu" zizkidaten, behin bata bestearen ondoan jarrita.
Kontalaria buruz buru zuzentzen zaio irakurle inplizituari, zintzotasunez, eta zenbaitetan testura ere ekartzen du. Nor irudikatzen duzu paperaren edo pantailaren bestaldean, idazten ari zarela?
Momentuaren arabera. Batzuetan, pertsona oso adimentsu eta jakintsua, dena kritikatzen didana; beste batzuetan, konplize bat, dena ulertzen didana. Beti da ni baino askoz azkarragoa.
Babestuko dituzten oroitzapen eta kontakizunen bila ari dira liburuko zenbait pertsonaia. Zein neurritan gara gutaz kontatzen duguna eta gutaz kontatzen dutena?
Gutaz kontatzen dutena ez da anekdotikoa, ez da txutxu-mutxu hutsa, ezta guk kontatzen duguna ere.
Kontakizun hori gizarteak kontatzen dizu, botereak kontatzen dizu mila modutan, eta oso argi adierazten dizu zure zer bertsio komeni zaizun ateratzea.
"Normaltasuna" deitzen zaion edo deitzen dioten babesleku ahul hori eraisten edo jotzen du liburuak hitz kolpeka. Errealitatea astindu eta ikuspegi berriak eskaintzeko borondatea nabari da liburuan… Badago literaturarik, hori gabe?
Ui, bai, horrelako literatura asko dago. Gehien irakurtzen den literatura da gainera, ez?
Ikuspegi berririk ez dut uste egongo denik, Lurrek -oharra, kontakizunen narratzailea- ematen duen ikuspegia ere nonbait ikasitakoa izango da, irakurritakoen, ikusitakoen, entzundakoen, bizitakoen nahasketa eta irakurketa jakin bat.
Uste dut diskurtso kolektiboen azpian, makroegituren azpian, dabilen eta horietan ondo moldatzen ez den banako baten ikuspegia dagoela. Eta ondo ez moldatze hori bideratzen ere ez dakiena. Bere burua behartu behar du egokitzeko, baina oso noizean behin baino ez dauka ez egokitzeko indarra, eta ez asko. Badago indar kolektiboen eta horien azpian altxatu nahian dabilen indibiduoaren arteko talka bat.
Fikzioa dira, noski, ipuinak, baina Lur protagonista Madrilen bizi den "klase ertaina" deritzonaren 40 urteko pertsona zuri euskal herritarra da, zeuk zenbait elkarrizketatan esan duzun bezala, idazlea bezalatsu. Zer muga jartzen dizkiozu zeure buruari narratzaile bezala?
Elkarrizketaren batean eta aurkezpenean ere, mozorro moduan hitz egin nuen ipuinez. Eta badira nahi gabe edo nahita janzten ez ditugun mozorroak. Ñabardurarik gabe arbuiatzen dugun zerbait adierazten duelako, adibidez.
Berriki ohartu naiz, liburuari buruz hizketan, adibidez, liburuan arrazismo adierazpen bortitzenetan protagonista ez dela Lur, eta orain pentsatzen ari naiz baduela horretatik. Muga moduan aipatu nuen nire pribilegioen biktima direnez ez mozorrotzea ere, obszenoa izateko aukera guztiak ditu.
Hamaika kultur erreferentzia agertzen dira liburuan zehar, literarioak ere tartean: Mrozek, Rosalía de Castro, Paul Auster, Galdós… Zer irakurtzen du Uxue Apaolazak? Zerk eman dizu arreta azkenaldian zure irakurketetan?
Azkenaldian, ez daukat ia denborarik irakurtzeko. Eta azkenaldi hori ama naizenetik da, kar, kar, kar.
Azkena irakurri ditudanak Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren eta Itziar Ugarteren Gu gabe ere izan dira. Eta zorte handia izan dut irakurtzeko dudan denbora gutxian horiekin topo egin dudalako: bi ikuspegi indartsu.
Zer etorkizun opa diozu liburuari?
Opa diot konplizeak aurkitzea. Eta konplize izatea, nire konplize izan diren liburuen moduan.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Zure interesekoa izan daiteke
Joxe Azurmendiri aitortza ekitaldia egin diote Durangoko Azokaren azken egunean
Jakin Fundazioko eta Gerediagako kideek aitortza omenaldia egin diote gaur Joxe Azurmendiri. Pentsalari, idazle eta euskaltzaleari eskainitako Jakin aldizkariren azken zenbakia izan du abiapuntu ekitaldiak. Horrekin batera, Azurmendiren Manifestu atzeratua errezitatu dute hainbat poetak Durangoko Azokako azken egunean.
Euskadi Literatura sariak banatu dituzte, Donostian
Irabazleen izenak iragarrita zeuden arren, gaur banatu dituzte, Donostiako San Telmo museoan, Euskadi Literatura sariak. Zazpi aitortza banatu dituzte, horrenbesteko ataletan. Euskarazko Literaturan, Unai Elorriaga saritu dute; gaztelaniazkoan, Garazi Albizua. Karmele Mitxelena, Maite Rosende, Koldo Biguri , Markos Zapiain eta Itxaso del Castillo izan dira beste arloetako sarituak.
Jon Arretxe: "Aldatzeko beharra sumatzen nuen"
Jon Arretxe idazleak Toureren istorioak alboratu, eta Txerriak eta loreak eleberri beltza argitaratu du. Durangoko Azokan izango da salgai.
Karmele Jaio: "Errealitatearen definizio intimo bat egin dut"
Gasteiztar idazleak Harrizko bihotza liburua aurkeztu du, denetariko testuak (hausnarketak, oroitzapenak, aforismoak, poemak...) Atik Zra sailkatuta biltzen dituen lana edo "taupaden alfabeto bat".
Jon Kortazarrek "Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea" liburua idatzi du
Irakasle eta ikertzaileak Bilboko poetari eskaini dio bere lan berria (Pamiela, 2025), aurten bertan Lauaxetari buruzko beste liburu bat argitaratu eta gero.
Mikel Santiagok "La chica del lago" eleberria aurkeztu du Bilbon
Istorioa Arabako herri txiki batean girotuta dago. Gai orokorrak landu ditu idazleak, ahalik eta irakurle gehienengana iristeko. Jende asko bildu da liburua aurkezteko ekitaldian, eta, ondorioz, guztiak ezin izan dira aretora sartu.
Idazleak, Gabriel Arestiren ispiluari begira
Ostiralean, azaroak 14, Edorta Jimenezek, Sonia Gonzalezek, Tere Irastorzak, Harkaitz Canok, Iñigo Astizek eta Leire Vargasek galdera honi erantzungo diote, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan: “Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?”.
Bakardadea eta nortasuna hartuko ditu hizpide Literaktum letren jaialdiak
Donostiako literatura jaialdiak Juan Jose Millas, Eider Rodriguez, Javier Cercas, Laura Chivite, Arantxa Urretabizkaia, Juan Manuel de Prada, Julen Apella, Belen Gopuegui, Harkaitz Cano eta Ignacio Martinez de Pison gonbidatu ditu, besteak beste.
Anjel Lertxundi sarituko dute Irun literatura sarietan
Azaroaren 22an, Irun literatura sarien 46. edizioko banaketa ekitaldian, omenduko dute Lertxundi. Sariok Garazi Kamio Anduagak, Karlos Linazasoro Izagirrek, Mario Marínek eta Marina Casadok jasoko dituzte.
Bernardo Atxaga: "Pertsonaiarik gabe ez dago nobelarik"
Bernardo Atxaga idazleak Enarak eleberria (Pamiela argitaletxea) aurkeztu du gaur Arte Ederren Bilboko museoan.