Getxo Jazzeko lekukoa Nettwork supertaldeak hartuko du gaur
Uztailaren 5ean jaialdia Madeleyne Peyrouxek itxi arte, jazz doinuak izango dira Getxon, 39. jazz jaialdiaren kariaz. Gaur, Nettwork taldeak, Maciek Wojcieszuk Quintetek eta Víctor de Diego Triok joko dute.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, taldekideen birtuosismoa du ezaugarri nagusi Nettwork laukoteak. Charnett Moffett kontrabaxu-jotzaile bikainak, esaterako, 200 disko baino gehiago grabatu ditu taldeko buru eta kolaboratzaile gisa. Stanley Jordan gitarra-jotzailea ospetsua da jazzaren eta jazz-fusioaren arloan, eta tapping teknika gehien garatu duen musikarietako bat da munduan.
Plater nagusi horrez gain, beste jazz mokadu batzuez gozatu ahalko da, baina, Bizkaiko itsasertzeko herrian. Taldeen Lehiaketan, Maciek Wojcieszuk Quintet banda jardungo da. Poloniako talde gazte honen lana jazzaren arloan eta beste genero batzuetan, hala nola rockean, folkean eta Balkanetako musikan, duen esperientziaren emaitza da.
Aurretik, 19:00etan Algortako Geltoki Plazan, Víctor de Diego euskal saxofoi-jotzailearen hirukotea izango da protagonista.
Programa indartsua
Getxo Jazzen harira, uztailaren 23a arte Antonio Porcar Canoren "Phocuzz" jazz argazkien erakusketa izango da ikusgai Algortako Torrene aretoan. Artista ospetsuen zuri-beltzezko 25 argazki bildu dira bertan, esaterako, Bruce Barth, Scott Hamilton eta Benny Golsonenak, baita jazzaren giro garbienetik ateratako eszenenak ere.
Ondorengo egunetan, Joe Lovano jazz munduko saxofonista interesgarrienetakoak ostiralean, Stanley Clarke baxu-jotzaile mitikoak (Art Blakey, Dexter Gordon, Stan Getz eta Chick Corearekin jo du) larunbatean eta, uztailaren 5ean jaialdia ixteko, ikusmin handiena piztu duen artistak, Madeleyne Peyrouxek, joko dute.
Kontzertu nagusi guztiak Algortako Biotz Alai plazan egingo dira, eta 10 eta 23 euro artean balio dute sarrerek. Jazzaldi osorako bonuak, berriz, 65 euro balio du.
Zure interesekoa izan daiteke
BIMEk musika arloko ehunka profesional bildu, eta 70 kontzertu eskainiko ditu Bilbon
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da