Diana Krall eta Gloria Gaynor Donostiako Jazzaldian izango dira
Donostiako 51. Heineken Jazzaldia uztailaren 20tik 25era izango da aurten, eta karteleko lehen izarrak iragarri ditu gaur. Diana Krall, Gloria Gaynor, Branford Marsalis Kurt Ellingekin; Brad Mehldau, John Scofield eta Mark Guilianarekin; Jan Garbarek; Steve Coleman; Marc Ribot and The Young Philadelphians; Ibrahim Maalouf eta Christian Scott igoko dira Donostiako agertokietara aurtengo udan.
Jazzaldiaren programa osoa otsailaren azken aldera iragarriko da, eta orduan jarriko dira sarrerak salgai.
Diana Krall jazzaren egungo abeslaririk azpimarragarrienetakoa da, eta Donostiara itzuliko da 2016 honetan, laukote baten buruan.
Gloria Gaynor disko-musikaren erreginetakoa da, baina esparru hori txiki geratu zaio, eta musika beltzaren mito bizietako bat bilakatu da. I Will Survive himno bilakatu da belaunaldi askorentzat.
Branford Marsalis egungo jazzeko saxo tenor nagusietakoa da, eta gonbidatu berezi bat aurkeztuko du bere laukotearekin batera: Kurt Elling abeslaria.
John Scofield gitarristaren groove-ak Brad Mehldau piano jotzailearen musikaltasunarekin eta Mark Guilianaren erritmoarekin uztartuko da Donostian. Guiliana jazzeko bateriaren berritzaile handietako bat da, eta David Bowie zendu berriaren azken diskoan (Blackstar) parte hartzen duelako egin da ezagun.
Jan Garbarekek, besteak beste, Keith Jarrettekin egin du lan, eta, berorrez gain, Steve Coleman saxofonista Marc Ribot gitarrista, Ibrahim Maalouf eta Christian Scott ere arituko dira Donostian, esan bezala, uztailaren 20tik 25era.
Zure interesekoa izan daiteke
BIMEk musika arloko ehunka profesional bildu, eta 70 kontzertu eskainiko ditu Bilbon
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da