Musika Hamabostaldiak 70 proposamen plazaratuko ditu, hamar ziklotan
Donostiako Musika Hamabostaldiaren 77. edizioak 70 proposamen taularatuko ditu abuztuaren 4tik 31ra, hamar ziklotan. Besteak beste, English Baroque Soloistsek, Budapest Festival Orchestrak, Balthasar-Neumann-Ensemblek eta Frankfurteko Irratiko Orkestrak joko dute Kursaalen.
Wolfgang Amadeus Mozarten ekarria oso agerian dago aurtengo edizioaren programan: “Don Giovanni” eskainiko dute, esaterako, kontzertu dramatizaturako bertsioan, abeslarien zerrendan, besteak beste, Christopher Maltman baritonoa eta Irina Lungu eta Nicole Cabell sopranoak daudela.
Donostian ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat udalerritan, Araban, Nafarroan eta Lapurdin ere gozatu ahalko da Hamabostaldiaz.
400 interprete
Itxiera kontzertuak Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa batuko ditu, jaialdiaren historian lehenengoz, abuztuaren 31n. Gainera, “Te Deum” XIX. mendeko oratorio garrantzitsuenetakoa interpretatzeko, Donostiako eta Iruñeko orfeoiak, Easo Eskolania, Arazo Gazte Abesbatza eta Christian Elsner tenorra batuko zaizkie orkestroi.
Guztira, 400 bat interprete arituko dira batera Kursaaleko agertokian, emanaldi horretan. “Te Deum” Berliozen lanaz gain, euskal konposatzaileen piezak ere joko dituzte: “Aita Gurea” (Madina) eta “Gernika” (Sorozabal).
Ziklo paraleloak
Bestalde, Musika Hamabostaldiak ohikoak dituen zikloak ere egongo dira programazioan: antzinako musika, musika garaikidea, organoa, interprete gazteak, Umeentzako Hamabostaldia eta Hamabostaldi Ibiltaria…
Hamabostaldiaren Lagunek bihar, apirilak 22, arte dute bonu eta sarrerak erosteko epea. Salmenta orokorra, bestalde, ekainaren 3an hasiko da, jaialdiaren webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugeniako txarteldegietan.
Zure interesekoa izan daiteke
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da