Zea Mays: 'Gure ibilbideaz eta gure azken diskoaz harro gaude'
Zea Mays talde sendoa da, gihartsua, baina ez hargatik zurruna edo immobilista, ezta gutxiago ere. Datorren urtean 20 urte beteko dituen taldea sortu zuten kideek osatzen dute hasieratik –abentura abiatu zuten lau musikariek jarraitzen dute egun agertokiz agertoki eta lokalean lanean–, eta sorturiko akorde eta erritmoen helburua ere ez da aldatu hasieratik bertatik: oilo-larrua jartzen duten kantuak bilatu, bidea edozein dela, sintetizadore batek marraztutako melodia soila edo gitarra riff gogorrak, tonaka.
1997an taldeak Gaztearen maketa lehiaketa irabazi zuenetik, Rubenek eta Asierrek baxuan eta baterian proposatzen dituzten oinarri erritmiko sendo eta dotoreen gainean (musika-tresnak jotzeko maisutasuna eta trebezia kantuaren mesedetan erabiltzeko ikastaroa da beraien nota eta danbor-kolpe bakoitza) kulunkatzen diren melodiak marrazten jarraitu du Piti Imazek gitarran, diskoen joan-etorrian zortzigarren urratsera heldu diren honetan, Aiora Renteriaren ahots sakonak beste maila batera eraman eta, azkenaldian, sintetizadore eta teklatu zipriztinek biribiltzen dituzten kantuetan.
Rockaren eta poparen arteko lurraldera, Zea Mays eroso bizi den eremura, jo dugu, Aiora Renteriarekin solasean "Harro" lanaz gehiago jakiteko.
Zertaz dago "harro" Zea Mays?
Oso pozik eta harro gaude gure ibilbidearekin, taldekideekin, laguntzen diguten adiskide guztiekin, gure publikoarekin eta, noski, gure azkenengo diskoarekin. Urte hauetan guztietan taldekide berberek jarraitzea eta zortzi disko eder izatea harro egoteko modukoa da.
"Da" zuen aurreko diskorako erabili zenuten ekoizle berberarengana, Dave M. Allenengana, jo duzue berriz disko honetarako. Zer ematen dio zuen soinuari Allenek?
Aurreko diskoarekin oso pozik geratu ginen, eta formula horrekin jarraitzea adostu genuen. Daverekin berriro lan egiteko aukera genuen, eta argi geneukan disko honetarako ere pertsona egokiena zela.
Davek diskoaren prozesu osoa gidatzen du, eta, arrastotik irteten garenean, berak bideratzen gaitu berriro.

David Gonzalez (Berri Txarrak) arduratu da diskoaren diseinuaz
Nola lantzen dituzue kantuak berarekin?
Abestiak nahiko landuta, egitura osoa itxita dugula, bidaltzen dizkiogu Londresera. Gero, grabatzen hasi baino lehen, lauzpabost egunez, estudioan bertan berarekin jotzen ditugu, eta orduan aldatzen ditugu abestiak.
Davek prest gaudela uste duenean, grabatzen hasten gara.
"Pozesu luze eta gogorra"
Zergatik aukeratu dituzue Tio Pete estudioa eta Londres, hurrenez hurren grabatu eta masterizatzeko?
Tio Pete oso estudio profesional eta erosoa da: hurbil daukagu eta ekipamendu aproposa du. Gainera, guk Euskal Herrian proposatutakoen artean, Davek Tio Pete aukeratu zuen.
Urdulizen grabatu ostean, Davek lan guztia Londresera eramaten du, eta nahasketak han egiten ditugu, bere estudioan. Gero, masterizazioa Metropolis Londresko estudioetan egiten dugu.
Oso prozesu luze eta gogorra da, baina merezi du. Azkenean, emaitza ezin hobea izaten da.
"Enbata" eta "Orain" aurrerapen kantuetan sintetizadoreak entzuten dira, "Era"ko hainbat kantutan igartzen ziren bezala. Zer garrantzi ematen diezue?
Instrumentu berriak erabiltzen ikasi ahala, sortzeko prozesuan sartzen ditugu. Musika asko entzuten dugu, eta denetarik probatzea gustatzen zaigu.
Garrantzitsuena abestiak onak izatea da. Gero aukera asko egoten da abestiak janzteko: teklatua, sintetizadore gehiago edo pandero bakarra.
Batzuetan, sintetizadoreak abesti berri bat sortzeko balio izan digu, eta gero abestia sintetizadore barik joan da. Eta aldrebes ere bai: abesti bat gitarrarekin sortu, eta, azkenean, gitarra xume bat sartuta, kantua sintetizadorez beteta bukatzea.
Aurrerapen kantu biei pop alaiaren kutsua darie gehienbat, baina rocka ere izan da zuen musika izaeraren erakusgarri orain arte. Zer aurkituko du musika aldetik "Harro"ra gerturatzen denak?
15 abestiz osaturiko diskoa da, eta, Zea Maysen disko guztietan bezala, denetarik dago: abesti basatiagoak, xumeagoak, ilunagoak eta alaiagoak, bizitza den bezalakoa.
Rockeroagoak edo poperoagoak izatea, bost axola. Besoetako ileak tente jartzea da guri inportatzen zaigun gauza bakarra.
Hitzek, bestalde, zer gai jorratzen dituzte?
Ez dago gai zehatzik: eguneko sentimenduei eta bizitako esperientziei buruz hitz egiten dugu, batzuetan modu zehatzago batean eta besteetan ez hain zuzenean.
Gustatzen zaiguna da pertsona bakoitzak hitzak berea egitea.
"Era" diskoak hartu zuen tamainak eta "Negua joan da ta" kantuaren oihartzunak taldeak gainean duen arreta maila aldatu zuten. Konposatzeko orduan hori alboratzea posible da ala zama igartzen da?
"Negua joan da ta" kantua presio barik eta modu naturalean sortu genuen: horrela egin ditugu abesti guztiak orain arte, eta horrela jarraituko dugu.
Sorturiko abestiarekin pozik egotea da guretzat garrantzitsuena. Gero publikoarengana heltzea kristoren saria da.
Santi Balmes Love of Lesbianeko kantaria duzue lagun "Orain" kantuan. Zergatik aukeratu duzue?
Oso gustuko dugu Love of Lesbian taldea. Beraiekin lan egiten duen lagun bat daukagu, eta berari esker lortu genuen Santi gure diskoan izatea. Santiren hitz-jokoak eta hitzak oso onak dira, eta bere abestiak oso garrantzitsuak izan dira guretzat azken bolada honetan.
Oso ahotsa samur eta sakona du, eta oso ondo nahasten da Aioraren ahotsarekin. Kristoren esfortzua egin du Santik euskaraz abesteko, eta emaitza ezin hobea da.
15 kantu batu dituzue "Harro"n, talde askok maxi-ak eta kantu bakarrak argitaratzen dituzten garaian. Album formatua aldarrikatzen duzue edo konposatzaile neurrigabeak zarete?
Lan eskerga egin dugu 15 abesti osatzeko. Bakoitzak izaera ezberdina du, eta ezin izan dugu bat ere ez baztertu.
Hortik aurrera, ez dugu ezer aldarrikatzen. Baliteke hurrengo lana bost abestiz osaturiko diskoa izatea… (kar-kar)
"Agertokira igotzeko gogo handiz"
Nola merkaturatuko duzue diskoa?
Zigilu berri bat sortu dugu, Garden Records izenekoa. Autoekoizpen hutsa da, eta horrela jarraituko dugu modu hoberen bat lortu arte.
Azaroaren 3tik aurrera, denda guztietan egongo da salgai, baita plataforma digitaletan ere.
Guk egiten dugu prozesu guztia, eta hori luxua da, sekulako poza ematen digu, baina denbora asko eskatzen du eta, askotan, lan asko menderatu behar dituzu musikatik kanpo. Ondokoen laguntza handi-handia behar izaten da.

Zuzenekoei begira, zer asmo dituzue orain, diskoa kalean dela?
Bada, urtebete jo barik egon ondoren, gogo handiz gabiltza agertokira igotzeko eta, nola ez, gure abesti berriak jende guztiarekin partekatzeko. Azaroaren 12an, Bartzelonan egongo gara; abenduaren 16an, Madrilgo FNACen; azaroaren 26an, Iruñean; abenduaren 1ean, Gasteizen; abenduaren 3an, Durangon; abenduaren 10ean, Baionan; eta abenduaren 15ean, Donostian.
Durangoko Azokan aurkeztuko duzue lana, eta euskal kulturaren egoeraren gaineko begirada orokorra egiteko aukera izaten da, askotan, hitzordu hori. Zelan ikusten duzue euskal musikaren panorama, artearen eta negozioaren ikuspegitik?
Gero eta musika talde gehiago daude euskaraz abesten eta musika mota ezberdinak egiten. Oso garrantzitsua da horrelako ekimenak bermatzea eta bultzatzea.
Ahotseneari esker, Durangoko Azoka berpiztu egin da, eta orain kristoren azoka kulturala da, ispilua ondoko lurralde askorentzat.
Musikazale sutsu eta aktiboak zaretenez gero, test labur bat egingo dizuet. Esan azkenaldian arreta eman dizuen kantu, disko, talde eta zuzeneko bat…
Kantua, "Track sei", Belako taldearena; diskoa, "El poeta Halley", Love of Lesbianena; taldea, Marmozets; eta zuzeneko bat, Kasabian taldearena.
Zure interesekoa izan daiteke
Bruce Springsteenek ICE Minneapolisen zabaltzen ari den indarkeriaren kontrako abestia argitaratu du
Streets of Minneapolis bi egunean idatzi eta grabatu du New Jerseyko musikariak, “hiria suntsitzen ari den Estatu-izuaren” aurrean, eta “bizilagun migratzaile errugabeei eta Alex Pretti eta Renee Goodi”, AEBko Immigrazio Kontrolerako eta Aduanetarako Zerbitzuaren esku hildako herritarrei, eskaini die.
Neil Youngek bere musika doan jarri du groenlandiarren eskura
Kanadar musikariak bere katalogoa Amazon Music plataformatik aterako duela ere iragarri du, eta kantu horiek eta hainbat film Groenlandiako herritarrei urririk lagatzea erabaki du, AEBren anexio mehatxuaren aurrean.
Elkar argitaletxea zigortu dute, Hertzainak taldearen kantuak baimenik gabe ustiatzeagatik
Donostiako merkataritza epaitegi batek 21.473,05 euroko kalte-ordaina aitortu die taldeko hiru kideri, “kalte ekonomiko eta moralagatik”. Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez daiteke Gipuzkoako Auzitegian.
Zea Mays disko berria grabatzen hasi da, Ingalaterran
Errekaldeko taldeak hainbat kantu landu ditu Dave Izumi ekoizlearekin batera, eta grabazioa datozen hilabeteetan osatuko du, hainbat estudiotan, urte amaieran disko berri bat argitaratzeko helburuarekin. Laukoteak Dave Izumi ekoizlearekin (Billy Bragg, Natalie Imbruglia, James Bay...) lan egin du grabazioaren lehen fase honetan. Taldeak aurreratu duenez, lan berriak "etapa berri bat markatuko du taldearen ibilbidean, 30 urteko ibilbidera hurbiltzen ari baita".
Abian da Euskal Herriko Orkestra Barrokoa
Euskal Herriko eta kanpoko musikariez zein musika barrokoaren interpretazioan formatzen ari diren gazteez osatuta dago taldea. Otsailaren 26an Arriaga antzokian (Bilbo) eta otsailaren 28an Kursaalen (Donostia), "Masquarade" ikuskizuna aurkeztuko dute. Enrike Solinis zuzendari artistikoak gidatuta, entsegu irekia egin dute Galdakaoko Torrezabal kultur etxean.
Gontzal Mendibil: “Ekitea gustatzen zait, eustea baino gehiago”
Zeanuriko musikariak mende erdiko ibilbide musikala ospatuko du asteazkenean, urtarrilak 21, Arriaga Bilboko antzokian. Kantu zerrendan, ez dute huts egingo “Bagare”, “Herria maitatzeko” “Kapitalismoak” eta “Merezi ote”ren mailako kantu historikoek, eta abesti berriagoak ere entzungo dira. Aurrerago jarraipena izango duen formatu honetan (kontzertu gehiago egongo dira), zortzi musikari, bi korista, Beti Jai Alai dantza taldea eta Easo abesbatza izango ditu lagun Mendibilek. Emanaldiaren atarian, entsegu betean harrapatu eta berarekin hitz egin dugu, honetaz eta hartaz.
Soziedad Alkoholika eta The Toy Dolls, Bonus Track Durangoko jaialdian
Landako Guneak jaialdiaren bigarren edizioa hartuko du apirilaren 18an, eta oholtza gainean izango dira Segismundo Toxicómano, Kaos Urbano, Kaotiko, Josetxu Piperrak, Juantxo Skalari, El Último Ke Zierre, Manifa, Alfredo Piedrafita, Dinamita eta Disolventex.
ABAOk “Werther” Jules Masseneten opera taularatuko du urtea hasteko
Celso Albelo, Annalisa Stroppa, Lucía Iglesias eta Angel Odena izango dira frantziar erromantizismoaren lan gailenaren lau emanaldiotako (urtarrilak 17, 20, 23 eta 26, Euskaldunan) protagonistak.
Euskadiko Orkestrak Strauss, Brahms eta Arriaga interpretatuko ditu denboraldiko bosgarren programan
Rachel Willis-Sorensen sopranoa eta Jaime Martin flauta-jotzaile eta zuzendaria izango ditu lagun euskal orkestrak urtarrilaren 12tik 16ra Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon egingo dituen emanaldietan.
Hamar urte David Bowie gabe
“Kameleoia” duela hamar urte zendu zen, ondare gaitz eta pizgarria utzita.