Andeka Gorrotxategik euskarazko operaren lagin aukeratua taularatuko du
Andeka Gorrotxategi bizkaitar tenorrak, Ana Otxoa Pando sopranoaren eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Elkarte Koralaren laguntza bereziarekin, “Alare! Euskal Operaren Urrezko Bristadak” kontzertua eskainiko du gaur, abenduak 30, Euskalduna jauregian, Oliver Diaz maisuak zuzenduta.
Emanaldian bildutako dirua ongintzazko jardueretara bideratuko du Walk On Project Fundazioak, eta grabatu egingo dute, Juan Ángel Vela del Campo idazle eta musika kritikariaren lana ere erakutsiko duen CD baten argitalpenaren parte izateko.
Kontzertuaren errepertorioari dagokionez, Andekazaleak elkartetik adierazi denez, ia bi urte eman dituzte partiturak ikertzen, aurkitzen, aztertzen eta berrikusten, Jesus Mª Sagarna musikariaren laguntzaz.
Hegoaldeko eta Ipar Euskal Herriko antzerki lirikoen emanaldia Euskalduna jauregiko 0B Aretoan gozatu ahal izango dute bertaratutakoek, 20:00etatik aurrera.
Kontzerturako sarrerak salgai daude Euskaldunaren webgunean, 52 euroan. Gainera, Getxoko Muxikebarri aretoan ere ikusi ahalko da kontzertua, urtarrilaren 4an.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko