Rafael Berrio musikari donostiarra hil da
Rafael Berrio rock musikaria hil da astearte honetan, Donostian, 56 urte zituela. Lehenagotik zuen gaixotasun larri baten eraginez hil da. Bere azken diskoen produktorea izan den Joserra Senperenak eman du Berrioren heriotzaren berri, Twitter bidez, mezu honekin: "Faltan botako zaitut. Betira arte lagun maitea".
1964an Donostian jaio zen Rafael Berrio, eta Estatuko musikari prestigiotsuenetako bat izan zen, 80ko hamarkadatik gaur egunera arte izan duen ibilbideari esker. Iaz plazaratu zuen bere azken diskoa, "El Niño Futuro" izenekoa.
Berriok UHF taldearekin atera zuen bere lehen diska 1981. urtean. Ondoren, bigarren diska atera zuen Amor a Traicion taldearekin, 90eko hamarkadan. Bi album gehiago plazaratu zituen 2001. eta 2005. urteetan Deriva izenpean, eta disko horien ostean ekin zion bakarkako ibilbideari, Rafael Berrio izenarekin.
Joserra Senperena izan zen Berrioren azken lanen produktorea; "1971" diskoa grabatu zuen 2010ean, "Diarios" 2013an, "Paradojas" 2015ean, eta "El Niño Futuro" 2019an. Zinemarako ere lan egin zuen Jonas Truebaren eskutik "La Reconquista" (2016) filmean paper txiki bat egin eta filmari musika jarri ziolarik.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko