Rafa Rueda: “Oso biluzik agertu nahi nuen, gitarra, ahots eta elektronikarekin”
Diskoko kantu baten izenburuak dioen bezala, “leun” dator Rafa Ruedaren bakarkako seigarren diskoa, mamia eta, Rueda izenaren pean, azala ere aldatuta oraingoan. Jon Agirrezabalaga musikari eta ekoizlea (WAS, Gari) izan du alboan berriz mungiarrak, PiLTeko kide ohi eta Lou Topet eta Mikel Urdangarinen taldeko gitarristak, Rueda diskoaren zortzi kantuetako gitarra eta ahotsak jantzi elektroniko sotil eta goxoz beztitzeko.
Sintetizadoreek eta, tarteka, bateria programatu apalek euskarria eskaintzen diete gitarra eta ahots melodia ezti eta inspiratuei, ordu erdiko lanean. Ruedak hezurdura horretan bermatuta haragitzen ditu hainbat poetari hartutako eta eskatutako hitzak, hala nola Elena Olaveri, Iñigo Astizi, Joseba Sarrionandiari, Mari Luz Estebani, Josu Goikoetxeari, Audre Lorderi eta Inge Mullerri. “Bide erdian” kantuaren hitzak, berriz, Ruedarenak bereak dira.
Rafarekin hitz egin dugu, Rueda honetaz gehiago jakin nahian.
Mamira jo aurretik azaletik hasita, Rueda izena jarri diozu diskoari. Zergatik?
Aspalditik nenbilen izenari buelta batzuk eman nahian, eta aukera ona iruditu zitzaidan proiektu hau oso berezia zelako. Oso biluzik agertu nahi nuen, gitarra, ahots eta elektronikarekin bakarrik. Izena ere aldatzeko momentu ona izan zitekeela pentsatu nuen.

Eta, bestalde, aspaldiko kontu bat ere badago atzean. Umetan pilotan ibiltzen nintzen, eta karteletan abizenekin agertzen ziren jokalari guztiak: “Bilbao”… Ni, ostera, “Rafa” nintzen, ez dakit oso ondo zergatik, agian abizen ez euskalduna delako.
Horregatik guztiagatik, lan berrirako izen aproposa iruditu zitzaidan, hemendik aurrera “Rueda” modura agertzeko, eta aspaldiko kontu horrekin ere arantza kendu dut, gainera.
Oso produkzio sotila, delikatua, eman diezu kantuei, Jon Agirrezabalagarekin batera. Zer bilatu duzue?
Bada, ekoizle batengan bilatzen dena bilatu dut Jonengan, beste belarri pare bat, hasiera-hasieratik, eta, bestetik, kantuak hazteko aukera ematen didan pertsona baten ekarria.
Jonekin aurreko lanean izandako esperientzia oso positiboa izan zen, baina bigarren honetan ere, lana beste bide batetik eraman dugunez eta moldea errepikatu ez dugunez, lehen aldiko txinparta piztu da bion artean berriz, nahiz eta zaila izaten den hori gertatzea pertsona berarekin errepikatzean.
Inteligentzia musikal oso garatua du Jonek, eta badaki nirea bezalako proiektuak maneiatzen. Esperientzia oso-oso positiboa izan da.
Diskoko kantuak soilak dira, minimalistak. Estudioan lan handia egin duzuela igartzen da.
Bai. Lanaren zatirik handiena pandemia erdian egin genuen, eta egunero ibiltzen ginen, bakoitza bere etxetik, elkartrukean kantuak maketatzen, konponketak proposatzen… Agian horrek ere eragina izan du emaitzan. Sukaldeko lana oso nabarmen gelditzen da, beharbada, lehen entzunalditik.
Harreman etengabean ibili gara, eta bai, lan handia dago konposizioaz aparte.
Ahotsa oso plano altuan dago disko osoan, eta asko landu dituzue harmoniak. Zenbait kantutan, gainera, (“Ihes puntua”, “Zahartzeko modurik onena”) iragazki batzuk gaineratu dizkiozue ahotsei. Zer bilatu duzue?
Esperimentatzen hasten zarenean aurkitzen dituzun errekurtsoak dira. Kasu batzuetan, “Ihes puntua”n adibidez, oso argi neukan zelako ahotsa nahi nuen eta horrelaxe proposatu nion Joni. Eta “Zahartzeko modurik onena”ren kasuan, feedbacka berea izan zen, autotune edo hardtune hori jartzeko.
Gauzekin jolasteko eta patxadaz lan egiteko astia izan dugu, eta ahotsekin lan berezi bat egiteko asmoa proiektuaren hasierakoa da.
Beste idazle batzuen testuak erabili dituzu kantuotan. Zer ikusi behar duzu testu batean, kantu batera eramateko?
Elena Olaverena eta Iñigo Astizena espresuki egindakoak dira, baina beste guztiak aurretik publikatutakoak dira eta horien gainean sortu ditut musikak.
Ez dakit ondo definitzen zerk eramaten nauen poema bat kantu bihurtzera. Argi dago zeure burua identifikatuta ikusi behar duzula; Sarrik oso ondo definitu zuen Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuaren izenburuan.
Beste harreman sakonago bat ere egon behar da, agian, melodiak errazago agertzen direlako poema batean beste batzuetan baino. Baina oso kontu intuitiboa da, definitzeko oso zaila.
Elena Olaveren kasuan, adibidez, bere poema liburua asko gustatu zitzaidan, eta bertan bildutako poemen gainean kantuak eraikitzen saiatu nintzen, baina erdibidean gelditu nintzen, ezin guztiz borobilduta. Eta azkenean kontrako prozesua egitea erabaki nuen: nik kantua sortu eta berari testua eskatzea.

Egoera orain dagoen moduan dago, baina pentsatu duzu disko hau zuzenera eramateko moduaz? Zer asmo dituzu?
Horretan nabil, ez dago guztiz definituta. Baina uste dut diskoaren egitura oso malgua dela eta kantuek defendatzeko aukera asko ematen dituztela. Bandarekin egiteko asmoz ari naiz prestatzen, baina guztiz itxi barik. Ez dakit zenbat musikarirekin arituko naizen ere.
Egoerarengatik, imajinatzen dut bakarka ere hainbat kontzertu egin beharko ditudala, baina, esan bezala, zehazten ari naiz oraindik.
Izurdeen lekua Mikel Urdangarinen diskoan, Durangoko Azokaren beste berritasunetako batean, ere jo duzu, gitarra. Zer konta diezagukezu disko horretaz?
Mikelen diskoaren kasuan, aurreko lanekin alderatuta, alderik nabarmenena da Koldo Uriartek berak, Mikelen taldeko teklatu-jotzaileak, ekoitzi duela.
Musikari berberak dauzka inguruan Mikelek oraingoan, baina Koldok jakin du konponketa bakoitza hori egin behar zuen musikariari bideratzen, eta emaitza kontsekuenteagoa da. Aspalditik genbiltzan lanean elkarrekin, Koldok oso ondo ezagutzen zuen taldea eta musikari talde hau ondoen zukutu duen diskoa da orain arte.
Gainera, Mikel pianoarekin hasita dago, eta horrek beste ate batzuk zabaltzen dizkio konposatzeko orduan. Horregatik, nahiz eta Mikel nortasun handiko musikaria izan, beste ñabardura batzuk hartu dituzte kantuek.

Zure interesekoa izan daiteke
Sigur Rós talde islandiarrak Bilbon joko du irailaren 15ean
Emanaldia Euskalduna Jauregian izango da, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera. Kontzertua Robert Ames zuzendariarekin eta tokian tokiko orkestrekin egiten ari diren biraren parte da.
Basoa eta Lasai Bilbao BBK Live jaialdiko guneek osatu dute aurtengo kartela
2manydjs (DJ set), Donato Dozzy, Erol Alkan, Meritxell de Soto, DJ Koze, Somadamantina (live) eta beste hainbat disko-jartzaile arituko dira jaialdiko bi gune elektronikoetan.
Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimenaren bigarren edizioa Euskaldunara iritsiko da gaur
Aurten 132 abeslari ez profesionalek parte hartuko dute ekimen honetan, orkestrarekin eszenatokian zuzenean abestuz. Gaur Bilbon arituko dira, Euskalduna Jauregian, eta datorren astean bi emanaldi eskainiko dituzte Donostian, Kursaal Jauregian.
Juanjo Mena, euskal batuta unibertsala
Musikari gasteiztarra Bilboko Orkestra Sinfonikoaren, BBCko Orkestra Filarmonikoaren eta Cincinnatiko Maiatzeko Jaialdiaren zuzendari titularra izan da, eta Arabako Urrezko Domina eta Gasteizko Seme Kutunaren izendapena jaso ditu.
Euskal orkestra-zuzendariak bideo hau kaleratuta eman zuen jakitera alzheimerra zuela
Nazioartean ospe handia duen zuzendariak 2025ean eman zuen diagnostikatu zioten gaitz horren berri, eta "lasaitasunez eta musikarekiko esker onez" aurre egingo ziola esan zuen.
Juanjo Menak agur esango dio publikoari aurten
Gasteizko orkestra-zuzendariaren aurtengo kontzertuak “podiumetik” egingo dituen azkenak izango dira, eta egindako bidea gogoratu nahi du berorietan. Alzheimerra detektatu ziotela iragarri zuen 2025eko urtarrilean.
Eñaut Elorrieta diskoa grabatzen ari da, Bryce Dessner eta David Chalmin ekoizleekin
Musikaria The National taldeko gitarristarekin eta Triple Sun taldeko kidearekin ari da bere hurrengo lana ontzen, Senperen. Bon Iver, Sufjan Stevens, Bruce Springsteen, Nick Cave, Taylor Swift eta Madonna musikariekin zein Labèque ahizpekin aritutako musikariek parte hartuko dute saioetan.
Bilbao All Star Blues Band, Travellin’ Brothers eta The Cherry Boppers, Bilbao Blues Festivalen
Festibalaren bosgarren edizioan Bilbao All Star Blues Band taldeak joko du, jaialdirako propio sortua eta Bob Stroger baxu-jotzaileak eta Willie Buck abeslariak osatzen dutena, besteak beste.
Gure Ahotsak zikloak Clara Peya, La Tremendita, Chica Sobresalto, Mirua eta Neomaken kontzertuak eskainiko ditu
Emanaldi errenkadak emakume musikarien kontzertuak antolatu ditu berriz Donostian, martxoaren 3tik 7ra.
ETS, Nøgen, Hofe, Danielle Nicole eta Ibibio Sound Machine, Zurriolan Jazzaldian
Donostiako 61. Jazzaldian Zurriolako hondartzan, Keler Gunean, doako kontzertuak eskainiko dituzten talde eta artisten izenak iragarri dituzte. Uztailaren 22tik 25era, zortzi kontzertu izango dira.