IZARO Lekeitiora itzuliko da, "Nora"ren eskutik
IZARO musikariaren eta "Nora" pelikularen bideek bat egingo dute berriz Lekeition, uztailaren 3an, larunbatarekin.
"Libre", "Invierno a la vista", "Paris" eta beste hainbat kantu arrakastatsuren egileak kontzertua eskainiko du egun horretan Bizkaiko udalerriko Abaroa jauregian, 20:00etatik aurrera, eta "Nora" pelikularako berariaz konposatu zuen kantua estreinatuko du bertan, nola zuzenean, gaueko kantuen zerrendan sartuta, hala pantailan, Marina Palaciok kantu horretarako grabatu duen bideoklipa estreinakoz erakutsita.
Han izango dira, gainera, Lara Izagirre filmaren zuzendaria, Ane Pikaza zinemetan irailaren 3an estreinatuko den road trip argitsuaren protagonista eta Amaia Aberasturi, filmean parte hartzen duen aktorea.
IZAROk azaldu digunez, kontzertu akustikoa izango da larunbatekoa: "Garazi, Iker eta hirurok joango gara. Lehen aldia izango da 'Nora' abestia jotzen duguna gure setlist akustikoaren barruan, eta, egia esan, oso gogotsu gaude kantua gure kantutegian sartu eta berataz gozatzeko".
Gainera, musikariak zirkulua itxiko du nolabait "Nora" filmarekin, non eta Lekeition bertan. Izan ere, mallabitar musikariaren kontzertu bat da, hain zuzen, iaz Donostiako Zinemaldian erakutsi zen filmaren lokalizazioetako bat: Ane Pikazaren pertsonaiak bere buruaren bila egiten duen bidaiako pasarte bat IZAROren emanaldi batean girotuta dago.
"Lekeition grabatu genuen pelikula ere; beraz, hasiera polita da guretzat", azaldu digu. "Superpozik gaude pelikularen estreina gero eta gertuago ikusteaz, urte zaila izan da filmarentzat eta bertan lan egin dutenentzat ere, eta pozgarria da martxa polita hartu duela ikustea".
Lara Izagirre "Nora"ren zuzendariak azaldu digunez, kontzertua filmatu zenekoa errodajeko gau berezienetakoa izan zen: "Nire urtebetetzearen biharamuna zen, eta hori ospatzeko modu bikaina zen kontzertua. Ekin! esan genuenean, zoragarria izan zen IZARO eta taldea kantua jotzen entzutea, publikoaren laguntzarekin".
Orduan filmatu zuten, halaber, larunbateko kontzertuan estreinatuko duten bideoklipa, Marina Palacioren zuzendaritzapean. "Pelikularako materiala grabatu eta gero, beste ordubetez gelditu ginen bideokliperako materiala jasotzen. Uste dut atariko ona dela IZAROren kontzertu baterako edo Nora-ren emanaldi baterako", esan digu Izagirrek.
"Nora" kantua
Lekeitio agertoki nagusi izan duen harreman hau, baina, Donostian jaio zen, "Nora" filmatzen hasi baino hilabete batzuk lehenago: "Lara eta bere bi lankiderekin gelditu nintzen goiz eguzkitsu batean Donostian gosaltzeko. Bertan kontatu zidaten pelikula nola jaio zen, nondik zetorren, nondik eraldatu zen, zergatik eta nora. Nora", azaldu digu IZAROk.
Erabateko konexioa izan zen bi sortzaileen artekoa: "Prozesu horretan haurrak izan zituen Larak, erditu berri zegoen nirekin gelditu zenean eta mahai hartan hain ondo ulertu nuen pelikulan kontatu nahi zutena, eta hain ondo ulertu nuen beraien lan egiteko modua, beraien filosofia, hain ondo ulertu nuen beraien pasioa, eta amatasuna eta lana eta kontziliazioa eta libre izatearen gatazka eta kanporako zaintza eternala eta (barka binomioa) gizonentzat egindako mundu baten emakume izatea eta bizitza eta adina eta dena".
Baiezkoa eman zion IZAROk pelikularako kantua idazteko proposamenari, eta berehala hasi zen sortzen, "ikusi berria nuen paisaia hari erantzunez. Bizikletaz itzuli nintzen etxera, eta esaldi bat jaio zitzaidan indartsu: ez dezatela esan maite ez nintzenik".
Baina gatazkatsua izan ote zen, nork bere buruari jarritako mugez haraindi askatasunez sortzera ohitutako artista batentzat, enkarguzko zerbait sortzea? Argi du IZAROk: "Egia esan, uste baino errazagoa izan zen. Hasiera baten pentsa dezakezu muga batzuk planteatzen zaizkizula kantua sortzeko, baina ez du zertan horrela izan".
"Zirrara eta energia"
IZAROk, "Nora" filmaren unibertsoak eta Lekeitiok bat egingo dute, beraz, larunbatean, 20:00etatik aurrera, ostera ere. Kontzertua perfektua izango ote den galdetu diogu IZAROri, baina errealitateak, ia beti bezala, letra larriko esaldia hondatu digu: "Kontzertu perfektua ez dakit existitzen den, denak dira hain ezberdinak, denetara heltzen zara zu hain ezberdin. Benetako gauzak gertatzen diren kontzertuak maite ditut nik, eta perfekzioa ez dut uste oso benetakoa denik. Kontzertuetan sortzen den zirrara eta energia, hori da estimatzen dudana".
Jarraituko dugu, bada, hitzez, musikaz eta irudiez perfekzioaren bila, aurrera bultzatuko gaituzten gauza inperfektuak sortzeko bada ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Lorca eta Falla batuko ditu Nafarroako Unibertsitateko Museoan
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Manuel de Falla konpositorea eta Federico García Lorca poeta batuko ditu De lo local a lo universal kontzertuan, otsailaren 5ean, Nafarroako Unibertsitateko Museoan (MUN). Musika proposamena Fallaren jaiotzaren 150. urteurrenarekin bat dator, eta XX. mendeko abangoardiak aztertzen ditu. Ignacio García-Vidalek zuzendutako entsegua bisitatu dugu.
Bad Bunnyk historia egin du Grammy sarietan, eta ICEren aurkako aldarria egin du: "Ez gara basatiak, gizakiak gara, eta amerikarrak"
Bad Bunny abeslari puertorricarrak ICEren ekintzak gaitzetsi ditu Grammy saria jasotzean: "Jainkoari eskerrak eman aurretik, ICE kanpora esango dut". Billie Eilishen hitzaldia ere argia eta zuzena izan da: “Inor ez da ilegala lapurtutako lurraldean”. Beste batzuek ere salatu zuten Trumpek migratzaileekin eta horren kontra protestatzen ari direnekin duen jokabidea.
Grammy sarien 68. edizioko palmaresa
Kendrick Lamarreck bereganatu ditu sari gehien Grabazio Arte eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia Nazionalaren sarien gauean.
Grammy sariak irabazi dituzten artistek ICEren aurka egin dute oholtza gainetik
Grammy sarien 68. edizioa egin dute bart, Los Angelesen, eta Bad Bunnyk, Billie Eilishek eta beste hainbat artistak ICE kritikatu dute oholtza gainetik. Kendrick Lamarrek batu ditu sari gehien, eta Olivia Dean izendatu dute artista berri onena.
Bruce Springsteenek ICE Minneapolisen zabaltzen ari den indarkeriaren kontrako abestia argitaratu du
Streets of Minneapolis bi egunean idatzi eta grabatu du New Jerseyko musikariak, “hiria suntsitzen ari den Estatu-izuaren” aurrean, eta “bizilagun migratzaile errugabeei eta Alex Pretti eta Renee Goodi”, AEBko Immigrazio Kontrolerako eta Aduanetarako Zerbitzuaren esku hildako herritarrei, eskaini die.
Neil Youngek bere musika doan jarri du groenlandiarren eskura
Kanadar musikariak bere katalogoa Amazon Music plataformatik aterako duela ere iragarri du, eta kantu horiek eta hainbat film Groenlandiako herritarrei urririk lagatzea erabaki du, AEBren anexio mehatxuaren aurrean.
Elkar argitaletxea zigortu dute, Hertzainak taldearen kantuak baimenik gabe ustiatzeagatik
Donostiako merkataritza epaitegi batek 21.473,05 euroko kalte-ordaina aitortu die taldeko hiru kideri, “kalte ekonomiko eta moralagatik”. Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez daiteke Gipuzkoako Auzitegian.
Zea Mays disko berria grabatzen hasi da, Ingalaterran
Errekaldeko taldeak hainbat kantu landu ditu Dave Izumi ekoizlearekin batera, eta grabazioa datozen hilabeteetan osatuko du, hainbat estudiotan, urte amaieran disko berri bat argitaratzeko helburuarekin. Laukoteak Dave Izumi ekoizlearekin (Billy Bragg, Natalie Imbruglia, James Bay...) lan egin du grabazioaren lehen fase honetan. Taldeak aurreratu duenez, lan berriak "etapa berri bat markatuko du taldearen ibilbidean, 30 urteko ibilbidera hurbiltzen ari baita".
Abian da Euskal Herriko Orkestra Barrokoa
Euskal Herriko eta kanpoko musikariez zein musika barrokoaren interpretazioan formatzen ari diren gazteez osatuta dago taldea. Otsailaren 26an Arriaga antzokian (Bilbo) eta otsailaren 28an Kursaalen (Donostia), "Masquarade" ikuskizuna aurkeztuko dute. Enrike Solinis zuzendari artistikoak gidatuta, entsegu irekia egin dute Galdakaoko Torrezabal kultur etxean.
Gontzal Mendibil: “Ekitea gustatzen zait, eustea baino gehiago”
Zeanuriko musikariak mende erdiko ibilbide musikala ospatuko du asteazkenean, urtarrilak 21, Arriaga Bilboko antzokian. Kantu zerrendan, ez dute huts egingo “Bagare”, “Herria maitatzeko” “Kapitalismoak” eta “Merezi ote”ren mailako kantu historikoek, eta abesti berriagoak ere entzungo dira. Aurrerago jarraipena izango duen formatu honetan (kontzertu gehiago egongo dira), zortzi musikari, bi korista, Beti Jai Alai dantza taldea eta Easo abesbatza izango ditu lagun Mendibilek. Emanaldiaren atarian, entsegu betean harrapatu eta berarekin hitz egin dugu, honetaz eta hartaz.