Euskadiko Orkestrak Pascal Gaigneren bi lan estreinatuko ditu
Euskadiko Orkestrak "Urutiko arimak" eta "Urruneko azalak" Pascal Gaigne soinu banden egile ospetsuak (Goya saria irabazi zuen "Handia"n egindako lanagatik) pandemia garaian konposatutako lanak estreinatuko ditu denboraldiko programako bigarren kontzertu sortan.
Bi pieza horiek Euskadiko Orkestrak urriaren 28tik azaroaren 4ra eskainiko duen kontzertu programan izango dira, Donostian (Kursaal, urriak 28 eta 29), Gasteizen (Principal antzokia, azaroak 2), Bilbon (Euskalduna jauregia, azaroak 3) eta Iruñean (Baluarte, azaroak 4).
Pandemia garaian, Pascal Gaignek orkestrari proposatu zion bi obra idaztea, bata orkestraren musika tresnen erdirako eta bestea orkestraren musika tresnen beste erdirako, biak batera edo bakoitza bere aldetik jo zitezkeenak.
Baina gainera bitxiena da bi piezak gainjarri egin daitezkeela eta, ondorioz, orkestra osorako den hirugarren obra bat sortzen dela.
Gaigneren lanez gain, Jaume Santonja zuzendari elkartuak Txaikovskiren bi sinfonia goiztiar aurkeztuko ditu kontzertu sorta honetan: lehenengoa eta hirugarrena. Ez dira bere azken trilogia famatua osatzen dutenak bezain ezagunak, baina ezinbestekoak dira edozein orkestraren programazioan funtsezkoa den egile errusiar horren sormen bilakaera ulertzeko, Euskadiko Orkestratik azaldu dutenez.
Zure interesekoa izan daiteke
BIMEk musika arloko ehunka profesional bildu, eta 70 kontzertu eskainiko ditu Bilbon
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da