Ukrainaren aldeko omenaldi batek irekiko du BOSen hurrengo denboraldi "eklektikoa"
Bilboko Orkestra Sinfonikoak bere hurrengo denboraldia, 2022/2023, aurkeztu die gaur kazetariei, eta aurreratu du urriaren 6an abiatuko duela kontzertu sorta hori, Brucknerren Bederatzigarren Sinfoniarekin eta Reinhold Glièr konpositorearen, Erik Nielsen Bilboko orkestraren zuzendari titularraren hitzetan "Kiev hiriak eman duen garrantzitsuenaren", Bigarren Sinfoniarekin.
Denboraldi berrian, taldearen mendeurrena ospatzen jarraituko du BOSek, ekainaren 10ean Joaquin Achucarro maisuaren kontzertu batek itxiko duen denboraldi honetan bezala. Gerora etorriko dira txistuari, Bilboko Udal Bandari eta zinemari eskainitako emanaldiak, azken hori Eraztunen Jauna zinemako trilogiako musikaz osatua.
Halaber, denboraldi berrian ere, euskal konpositoreen lanak izango du bere isla: Andres Isasiren bi poema sinfoniko, Die Sünde eta Zharufa, interpretatuko dituzte, eta 2023ko ekainaren 12an, denboraldia ixteko, Gabriel Erkorekak BOSen beraren eskariz konposatutako Pianorako Kontzertua estreinatuko dute.
Musika klasikoaren zaleek Maasaki Suzukik zuzendutako eta Iruñeko Orfeoiko ahotsek kantatutako Mozarten Requiemaz ere gozatu ahalko dute, baita Brass for Africa elkarteak eskainiko duen emanaldiaz ere, zeina Ugandako, Liberiako eta Ruandako gazteen bizitza aldatzen ari baita musikaren bidez, Wynton Marsalisen, Alison Balsomen eta beste hainbat musikariren laguntzaz.
Guztira, musika sinfonikoko 17 programa izango dira, 34 kontzertu eta 31 bakarlari eta zuzendari gonbidatu, Ibon Aranbarri Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusiak "eklektikotzat" eta berritasunez eta errepertorio handietako lanez betetakotzat jo duen denboraldian.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko