Imanol oroitzeko kontzertu bat antolatu dute haren lagunek
75 urte beteko zituzkeen Imanol Larzabalek aurten, 2004an 56 urte zituela Orihuelan (Alacant) hil izan ez balitz, eta data hori gogoratzeko Imanolen Lagunak elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu azaroaren 11 eta 12rako.
Azaroaren 11n, 19:00etan, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, "Imanol. Azken kontzertua" EITBren parte-hartzea duen dokumentala proiektatuko dute. Sarrera doakoa izango da, eta gonbidapena gaurtik aurrera, azaroak 8, hartu ahal izango da Victoria Eugenia Antzokiko, Antzoki Zaharreko eta Lugaritz kultur etxeko leihatiletan, baita Donostia Kulturaren webgunean ere.
Azaroaren 12an, larunbatarekin, bestalde, trikitilariek lagundutako Kantu Jira bat abiatuko da 12:00etan Antiguako Benta Berri plazatik, eta 19:00etan kontzertu berezia izango da Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan. Honako artista hauek hartuko dute parte Imanolen memoriaren aldeko emanaldian: Amaia Zubiria, Olatz Salvador, Maria Amolategi, Olatz Prat, Joxan Goikoetxea, Txema Garces, Iosune Marin, Telmo Trenor eta Beñat Mujika.
Kontzerturako sarreraren prezioa 9 eurokoa da.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko