Euskadiko Orkestrak artearen bidez sortzen eta eraldatzen duen gizakiari begiratuko dio 2023/2024 denboraldian
Euskadiko Orkestrak 2023/2024 denboraldia aurkeztu du gaur, maiatzaren 31n, Orkestrak Donostian, Miramonen, duen egoitzan. Han azaldu dutenez, "sortzen eta eraldatzen duen gizakiengan jarri nahi dugu arreta, bizi-esperientzien bidez mundua mugitzen duen pertsonengan".
Abonu denboraldia 2023ko irailaren 29an hasiko da, Gasteizen, eta 2024ko ekainaren 7an amaituko da Donostian. Guztira 12 abonu programa egingo dituzte denbora horretan, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean; orotara, 50 emanaldi.
Kontzertu horietan guztietan, Mahlerren Hirugarren Sinfonia, Brucknerren Zazpigarren Sinfonia, Dutilleuxen Correspondances, Richard Straussen Aus Italien eta Symphonia Domestica obrak, Rakhmaninoven Hirugarren Sinfonia eta Pianorako Bigarren Kontzertua, Prokofieven Alexander Nevski lana, Dvoraken Zazpigarren Sinfonia eta Rudi Stephanen Die ersten Menschen opera entzungo dira, azken hori Arriaga Antzokiarekin lankidetzan ekoitzia Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoarekin.
Doinu horiek zuzentzeaz arduratuko dira Robert Treviño zuzendari titularra (lau programaz arduratuko da), Stanislav Kochanovsky, Riccardo Frizza, Marie Jacquot, Lina Gonzalez-Granados, Baldur Bronnimann, Juanjo Mena, Juraj Valcuha eta Pablo Gonzalez, eta bakarlari arituko dira Federico Colli, Markus Schirmer (pianoa), Sergey Khachatryan (biolina), Olesya Petrova (mezzosopranoa), Alban Gerhardt (biolontxeloa), Justina Gringyte (mezzosopranoa), Alfonso Gomez (pianoa), Elena Sancho Pereg (sopranoa) eta Clara Mouriz (mezzosopranoa).
Denboraldi berrian, hiru euskal abesbatza batuko zaizkio Orkestrari: Bilboko Koral Elkartea (Mahlerren Hirugarren Sinfonia), Donostiako Orfeoia (Prokofieven Aleksander Nevski) eta Gasteizko Vocalia Taldea (Debussyren Nocturnes).
Euskal musika
Hurrengo denboraldiari begira, Euskadiko Orkestrak obra bat enkargatu dio Antonio Lauzirikari, Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko: Chillida-Elogios.
Gainera, Itziar Viloria bizkaitarraren Oihartzun gorriak ere estreinatuko dute, baita Saskia Venegas euskal-belgikar musikagileak Egeo itsasoko errefuxiatuen arazoa gogoan konposatu duen At the Aegean Shores (Egeo itsasoko kostaldean) lanaren berrikuspena ere. Errenteriako Musikasteren aurreko edizioan estreinatutako lana da, baina Venegasek berridatzi egin du.
Ramon Lazkanoren Mugarri ere joko du Orkestrak 23/24 denboraldian, eta, sortzaile garaikideez haraindi, denboraldiko hirugarren kontzertu programan Gabriel Pierné konpositorearen Ramuntcho (Pierre Lotiren liburuan oinarrituta) eta Maurice Ravelen Concerto en sol joko dute.
Halaber, euskal musikaren erregistro diskografikoaren atalean, Gabriel Erkorekaren lanen grabazio bat egingo du Euskadiko Orkestrak denboraldi honetan, Ondine diskoetxearekin.
Bira
2024ko otsailean, Salzburgora, Mozarten jaioterrira, eta Linzera joango da Euskadiko Orkestra, kontzertuak eskaintzera.
Abonuak eta sarrerak
Abonuak ekainaren 5etik aurrera erreserbatu ahalko dira, 10 kontzerturako 80 eta 235 euro artean, webgunearen bitartez, 943 01 32 32 telefonora deituta edo mezu elektroniko bat bidalita abonatuak@euskadikoorkestra.eus helbidera.
Sarrera solteak irailaren 1etik aurrera jarriko dituzte salgai.
Zure interesekoa izan daiteke
Juan Diego Florez tenor perutarraren emanaldia eta bederatzi ikuskizun, Donostiako Musika Hamabostaldia abiatzeko
Gaur hasi eta abuztuaren 30era arte, 60 kontzertu baino gehiago izango dira Kursaalen, Victoria Eugenian eta Tabakaleran. Ikuskizun aipagarrien artean, "Arriaga harrigarria", Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua, eta Natxo de Felipek agertokietara egingo duen itzulera, Arantzazun izango den emanaldiarekin.
Zita bikoitza etxean
“Tantas cosas que contar” Amaia Montero abeslaria La Oreja de Van Gogh taldera itzuli izana ospatzen duen bira Donostiara iritsiko da asteburuan. Iluben, Donostia Arenan, dago jarrita hitzordua, ostiral-larunbatetarako.
Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin
Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.
Ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan den Miguel Martin omendu dute Donostian
Donostiako Jazzaldia saria eman zioten bart Miguel Martini, ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan denari. Orain arte berak ematen zien Trinitate Plazan sari hori musikariei, eta aurten berak jaso du errekonozimendu gorena. Jon Insausti Donostiako alkateak eman zion saria.
ETSk hasiera bikaina eman dio Donostiako Jazzaldiari
En Tol Sarmiento talde arabarrak Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa inauguratu du bart. Kontzertuaren irudiak zuzenean proiektatu zituzten Kursaaleko fatxadan.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Jazzaldia abiatzeko ETSk gaur hondartzan emango duen kontzertu jendetsua Kursaaleko fatxadan ikusi ahal izango da
Asteazken honetan ekingo diote doako kontzertu jendetsuei, Keler Gunean. Arabako talde ezagunak joko du 23:30ean, eta, aurretik, LP artista estatubatuarraren musika izango da protagonista. Datorren egunetan Danielle Nicole, Kokoshca, Emma-Jean Thackray, Nøgen eta HOFE igoko dira Zurriolako oholtzara, besteak beste.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.
Jazza ozen Donostian, Pat Metheny, Diana Krall eta Marcus Millerren eskutik
Donostiako 61. Jazzaldiak 77 kontzertu eskainiko ditu uztailaren 22tik 26ra, horietako 47, doakoak. David Murrayk, Joe Lovanok eta, jaialdia gidatuko duen azken urtean, Miguel Martín zuzendariak jasoko dituzte Donostiako Jazzaldia sariak.
Madonna, Shakira, Ronaldinho edo Ronaldo Nazario, izar nagusiak Super Bowl kutsuko Munduko Kopako finalean
Justin Bieberrek Everyyhing Hallejujah interpretatu zuten, gitarraz lagunduta. Harmailetan beste izar batzuk zeuden; hala nola Beyonce, Dua Lipa, Rihanna, Timothée Chalamet eta Matt Damon.