EHZ: kokapen berria, betiko oinarriak
Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta, Lekorne, Irisarri eta, ostiralean abiatuko den ediziotik aurrera, Arberatze-Zilhekoa; 2024ko edizio honetan, egoitza berria izango du EHZ (Euskal Herria Zuzenean) jaialdiak, eta, muntaketa lanetan, itxura ona hartu diote antolatzaileek espazio berriari: "Espero dugu jendea hurbilduko dela Arberatzera eta orokorkiago Amikuzeko lurraldera. Hasteko, muntaketa hasi dugunetik, itxura biziki ona hartzen ari da gunea", azaldu digu Julen Oillarburu antolakuntza taldeko kideak.
Jaialdiaren eta berori hartzen duen lurraldearen arteko harremanean sakondu nahi dute, gainera, festibalaren arduradunek: "Amikuzeko dinamika kulturalen hauspotzea dugu helburu, xumeki gure harria ekarriz. Arberatzek eta Amikuzek EHZri zerbait ekarriko dioten moduan, pretentsiorik gabe, ikusiko dugu zer harri pausatzen ahalko dugun. Amikuzeko eragileekin elkarlanean hainbat proiektu eramanen ditugu", azaldu digu Oillarburuk.
Arberatzeko herritarrei, esaterako, oinarrizko euskara ikastaroak eskaini dizkiete ehztarrek, eta herriko eskolarekin, ikastolarekin, musika eskolarekin eta dantza taldearekin elkarlanean ari dira.
Luxuzko kartela prestatu dute, gainera, EHZk Donapaleutik 5 km-ra dagoen herrian egingo duen lehen ekitaldirako: denetarik, denontzat eta kalitatea dela irizpide nagusia. "Lehenik, euskal kulturatik sortzen diren taldeak lehenesten ditugu EHZn, arreta handia emanez sorkuntza berriei: RTZ kolektiboak joan de apirilean atera duen EP berria aurkeztuko digu", azaldu digu Oillarburuk.
"Horrez gain, programazioan saiatzen gara festibalari guztiek gustuko duten musika atzeman dezaten; heavy metal zaleek Su Ta Garen kontzertuaz gozatu ahalko dute, swinga dantzatu nahi dutenek Octopussy taldea izango dute ikusgai eta Belako, post-punka edo rocka gustuko dutenentzat. Azkenean, gure helburua da plaza bat eskaintzea Euskal Herriko taldeei, baina aldi berean munduko beste musika unibertsoak deskubritzea publikoari".
Egitarauaren ugaritasun horren erakusgarri, ostiralean entzungo dira Broken Brothersen metal hotsa; Janus Lesterren funk, soul eta popa; Sei Segaren eskola zaharreko punka; Auhen Ødei rap kantariak sortutako seikotea; EHZren antolatzaileek aipatutako Belako; Donostialdetik, nork bere estiloan, aurtengo euskal disko onenetako bi argitaratu dituzten bi talde, Bananas hardcoreak (melodiak tartea handiagoa hartu du Errekak nola diskoan) eta Pelax pop rockeroak ("Bat" eta "Bi" baino kantu hobe gutxi argitaratzen dira hemen eta orain); eta, dantzan bukatzeko, Tshegueren, Benizzeren (Basati EHZren beraren, Elkarren eta Antxeta Irratiaren bekari esker grabatutako diskoa aurkeztuko du) eta Meuleren erritmoak. Itzela.
Bigarren eguneko proposamena ere ez da makala. Plazan, urririk, bertso musikatuak, Honky Tonky Trio, Anari eta Punttu Kakotx elektrotxarangaren kontzertuak izango dira, besteak beste, eta Arberatze eta Zilhekoa agertokietan, 17:00etatik aurrera, Libe (Azal ezten diskoa aurkeztuko du), RTZ Kolektiboa, Lysistrata noisea, post rocka eta melodia ederki uztartzen dituen frantses hirukotea, Harat, Gorka Urbizu (Hasiera bat diskoa aurkeztuko du), Su Ta Gar (zer esan, hogeita hamabost urte baino gehiagoko bidearen ondoren Alarma disko biribila ateratzen duen talde batez?), Nakar post punk elektroniko ilunak eta Süne Josune Arakistainen (Huntza) trikitixa elektroniko alaiko proiektua. Ke Lepok eta Vox Lowk itxiko dute eguneko programazioa.
Igandean, jaialdia ixteko, Raimundo el Canastero, Gozategi klasikoak, Octopussy swing taldea, Rüdiger, Vincen García valentziar baxu-jotzaile ikusgarria, Ezezez punk rock taldea, Bloñ duela gutxi agertoki gainetik aho zabalik utzi gintuen garaztar talde zoragarria, Ü DJa eta Old School Funky Familyren funka, besteak beste.
Musika isildutakoan, asteleheneko bilanean, ohi bezala, bigarren maila batean geldituko dira zifrak, EHZren antolatzaileek azaldu digutenez: "EHZrentzat arrakasta ez da zifretan edo sarrera kopuruetan oinarritzen. EHZ arrakastatsua izanen da jendea egin ahala gozatzen badu festibalaz, giro seguruan eta erosoan denentzat. Festibalari guztiak eroso eta aske sentitzea hiru egun horietan".
Arrakasta, oraingoz, boluntarioak bilatzeko lanean erdietsi dute: "Laguntzaileen izen ematea arrakastatsua izan da aurten ere, Ipar Euskal Herriko hainbat gaztek eman baitute izena hiru egunez esku ukaldi baten emateko. Urtean zehar, 60 bat laguntzaile ari gara lanean EHZren prestaketan, eta festibalean bertan 500 laguntzaile behar ditugu gutxi gorabehera".
Egitaraua, nola musikari hala antzerkiari eta hitzaldiei (Palestinako egoera, migrazioa, laborarien protesta eta aldarrikapenak, polizia indarrek teknologiaz egiten duten erabilera, musika jaialdien eredua… hartuko dituzte mintzagai) dagokiena, prest dago; has dadila musika!
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko