Gorka Urbizuren "Hasiera bat", kantuz kantu
Ia bost urte dira Lekunberrin emandako prentsaurreko hunkigarri batean, Gorka Urbizuk iragarri zuenetik Berri Txarrakek "geldialdi mugagabea" egingo zuela 25 urteko bide emankor eta etengabearen ondoren, berak aurrera egiteko taldea gelditu behar zuela azaldu zigunetik.
Lau urte baino gehiago dira Nafarroa Arenako energia oldean zintzilik gelditu zela talde nafarraren azken oihuaren oihartzuna, batzuen babestoki eta besteren erregai -hala bedi-. Orain iritsi zaigu, ezustean, aurrerapenik eta zarataren aroan ohikoak diren aurrerapenen aurrerapenik gabe, Hasiera bat Gorka Urbizuren bakarkako lehen diskoa.
Barnera gaitezen tempo geldo(ago)ko eta digestio luzeko disko xume, biluzi baina sakon honek proposatzen dizkigun hamar kantuetan.
"Maitasun bat"
Kulunka egiten dio ongietorria bere unibertsoaren dimentsio berri honetara Gorkak entzuleari, ez astinaldika; kadentziatsu egiten digu diosala gitarrista eta abeslariak hasiera berri honetan (gora hasierak!), ez distortsioak lagunduta.
Jakinguraz play botoia sakatzen duen entzuleari soul izpiak helduko zaizkio diskoa biraka (denbora lerroa aurreraka) hastearekin bat: lehen doinuek bateria laztankariak, baxu soinu lehor eta opakua eta, lehen kantu honen azken laurdenean, koro harmoniatsuak eskaintzen dizkigute; nabarmena da Jordi Matas ekoizleak eta Joan Pons haren laguntzaileak Gorkaren konposizio landu, musikalki aberats eta interesgarriekin egindako lan eskerga.
Lehen abesti honek erakusten duenez, etenek, isilaldiek eta dinamika gorabeherek pisu handia hartzen dute diskoaren kontzepzio xumean, eta konplize funtsezkoak izan dira musikariontzat "kantuak euren soiltasuna agerian utzi arte erantzi, hustu eta kimatzeko" –hala azaltzen dute prentsa oharrean– egin duten ahaleginean.
"Teoria bat"
Diskoko lehen singlea erritmo biziagoko kantua da, eta jario arinago hori hobeto iltzatzen da pop rock ezagunenaren kanonetan. Melodia itsaskorragoa du horretarako lagun, gainera, baita aurrera proiektatzen zaituen bateria erritmo oso eraginkorra ere, aleak inarrosiz jotako perkusioak lagunduta tarteka. Gorkaren luma finak gogoan iltzatu ohi dituen esaldi gogoangarri horietako bat uzten du, gainera, opari ale honek: "Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude".
"Tren bat"
Batek baino gehiagok azalean tintaz urratuko duen esaldi horietako beste bat, laneko hirugarren kantua abiatzeko: "Ikusmenak itsututa gaude".
Kantu eutsiagoa da erritmikoki "Tren bat"; trenak berak bezalatsu, kolpeka egiten du aurrera leloan, bateriaren kaxa kolpe bakoitzarekin.
Trenetik, mundu okerrari kantatzen dio Urbizuk, baten batek jasoko duen mundu aldrebesari ("aukeratu zure drama / titiburuak pixelatuta / pistolak prime time-an / hauxe da jasoko duzun mundua). Artista, Rafael Chirbes valentziar idazleak esan zuen moduan, "bere garaiko tentsioak erakartzen dituen tximistorratza bezala".
Bizitzan, nolanahi den, dena ez ei da erabatekoa, eta kantaren ni lirikoak kantu bat egin digu "gauzak okertzen diren unerako". "Agian bada zerbait / mendi gailurrez pixka bat harago".
"Toki bat"
Diskoko kanturik laburrena interesgarrienetakoa ere bada. Baxuak ireki eta gidatzen du, lan osoan tresna honek duen paper funtsezkoaren erakusgarri (erraldoia da Jordi Matasen lana, lau hariak gobernatzen), eta konposiziorako erabaki onen katalogo gisa balio du musikarientzat: gitarren sartu-irtenak eta dinamika gorabeherak, amaierako gitarren galde-erantzunak, tarteko tonu igoera kromatikoa… Labur bezain aberatsa.
"Janela bat"
Kantu malenkoniatsu eta soilak (bai, soilak berriz ere) ahotsari eta gitarrari eskaintzen die erdigunea, baina inolaz ere baxu-baterien babesik gabe, ezpada horiek melodiari zentro dotore eta goxoa eskainiz.
Isabel Etxeberria Ramírez itzultzaileak X-en jaso duenez, gainera, jende asko bultzatu du hiztegietara, "janela" zer den argitze aldera.
"Kolore bat"
Barka bekit Berri Txarrakekiko erreferentzia, baina zilegi da entzuleari "26 segundotan" beraien kantuaren hasiera burura etortzea, "Kolore bat" abiatzearekin bat. Dena dela, egiazki, Urbizuren ahots doinuaz eta unibertso lirikoaz haratago, Denbora da poligrafo bakarra monumental horren bigarren EPan bukatzen dira Berri Txarraken eta Hasiera bat-en arteko antzekotasunak, espero zitekeen gisara, eta horrekikoak ere ez dira oso agerikoak.
Kulunka eta soul gustu horiek hegaka dabiltza berriz kantu honen soinu-erritmoetan, eta aberastasuna nabari da, ostera ere, konposizio eta ekoizpenean: esker onez jasotzen ditu belarriak elkarrekin gurutzatzen doazen baxu lerro eta gitarra arpegioak eta, batez ere, bigarren minututik aurrera gitarrak marrazten dituen akorde tentsiodunak.
"Lilura bat"
Pop doinu alegeragoak dakartza bueltan, nola hitzetan hala melodian, kantu honek zabaltzen duen hego haizeak. Gainera, lanaren etorkiko naturaltasun eta soiltasuna hitzetara ere lerratzen da honakoan.
Soiltasun eta epikarik ez horren erakusgarri, kantariaren aldarri zintzoa: "Ibaiertzean utzi ditut / ezpata eta ezkutua / bi-biak".
Eguzki printzez argitzen du gogoa kantuak, eta ez da urrun, dir-dir, "Here comes the sun" georgeharrisondarra.
"Etxe bat"
Raymond Carver idazleak kantuak idatzi izan balitu, horrelakoak ziratekeen.
Gitarraren reverbak proiektatutako espazio honetan, kostunbrismoa eta soiltasunaren esanindar bortitza sartzen dira.
Gitarra, ahotsa eta poesia, teklatuak hedatzen duen ohantzearen gainean tarteka. Besterik ez, kantu monumental baterako.
"Sute bat"
Goitik behera erabiltzen du diskoko azkenaurreko kantuak entzulea, bere xumean, etenak joan eta kortxeak etorri. Ederra da gitarra estalien eta arpegioen uztartze indartsua, hasiera-amaieretan.
Bateriako erritmo herrenak, gainera, dinamika apurtu, eta pausoa aldarazten dio entzuleari kantu honetan.
Gainera, "irazeki" hitzaren esanahiaren berri jaso du kantu honen bidez, Euskaltzaindiaren Hiztegia tarteko, iruzkin hau sinatzen duenak. Daitort.
"Besterik ez"
Diskoa alderik alde zeharkatzen duen biluztasun muturrekora buelta dakar diskoko kantu luzeena den honek. Biluztasuna eta soiltasuna, baina, ez dira errazkeriarekin nahasi behar. Biluztea janztea baino zailagoa da ia beti.
Hirugarren minutua jota sartzen dira baxua eta bateria, disko osoan zehar bezain zehatz baina bridak laxaturik, kantuak hedatuz eta inoiz ez hertsatuz. Beraien erritmo-doinuek eta gitarrak gidatuko gaituzte hasiera honen amaierara, "besterik ez"; besterik ez, baina nahiko eta gehiago.
Entzun eta entzun, hazi egiten den disko horietako da Hasiera bat. Gorka Urbizuk berak prentsa oharrean nik egingo nukeen baino hobeto deskribatu duenez, jarraibide hauei fidel entzuteko aproposa da: "Gelditu eta entzun. Barrutik soilik ireki daitezkeen ateak ireki. Garbitu zarata. Beharrezkoa dena esan, besterik ez. Soiltasunaren ederra lortzen ahalegindu, sortuko denaren beldurrik gabe".
Eskertuko duzue.
Zure interesekoa izan daiteke
ZETAKen Mitoaroa III ikuskizun historikoa, zuzen-zuzenean, larunbatean, San Mamesetik, ETB2n eta ETB ONen
Ostegun honetan, Mikel Reparaz kazetariak Pello Reparazi elkarrizketa zabala egingo dio. Ikusgai izango da ETB1en (21:45ean) eta ETB2n (23:15ean), "Bizi Natura" saioaren ondoren
Azkena Rock Festival: rock-and-rolla besterik ez, baina atsegin dugu
Ostegunean hasiko da, Gasteizen, euskal rockzaleen urteko hitzordu behinena, kutsu klasikoz, ohi bezala, Alice Cooper, The Adicts, Circle Jerks, Evaristo, Superchunk, Therapy? eta Social Distortionen eskutik berbarako, baina gaur-gaurko taldeekin ere, hala nola Carpenter Brut, Hallas, 70eko oihartzunak gorabehera, Alcalá Norte eta Sleaford Mods.
Peiremans+ taldeak abenduko birako kontzertuetako sarrera guztiak saldu ditu
Gorka Urbizuk, Imanol Ubedak, Marino Goñik eta Txikik osatzen duten taldeak minutu gutxian saldu ditu Biarritzen, Azpeitian, Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Bilbon eskainiko dituzten emanaldietarako txartel guztiak.
Honelakoa izango da Juanes, Antonio Orozco, Rigoberta Bandini eta Süneren kontzertua ostiral honetan, Bilbon
Emanaldiak Casilda Iturrizar parkean izango dira ostiralean, ekainak 12, 16:00etatik 22:00etara, eta 23:00etatik 23:30era 1.500 dronek ikuskizuna egingo dute Bilboko zeruan.
Kode: “Mugatuak sentitzen ginen hastapenean genuen rock estiloan”
Kode bikoak “Suntsitu.001” EPa kaleratu du, punk rockaren bizitasuna, elektronikaren espantsioa eta lelo biribilen erakarmena uztartzen dituzten lau kantuko bilduma. Eki Arizaga eta David Lakarra taldekideekin hitz egin dugu.
BOSek 2026-27 denboraldia aurkeztu du, "Basoa" lelopean
17 kontzertu sinfoniko programatu dira, eta 10 ganbera kontzertu. Leire Bilbao poetak testu proposamenak egingo ditu hainbat kontzertutan, Guernica opera berreskuratuko dute, Xabier Anduaga eta Vanessa Goikoetxea arituko dira bi kontzertutan, ET filma zuzeneko musikaz ikusi ahalko da eta Juanjo Mena BOSera itzuliko da bere agurreko denboraldian, 1999tik 2008ra zuzendu zuen orkestrara.
Bilbao BBK Livek urtebetetze festa ospatuko du igandean Kobetamendin
Mendian jardunaldiak musika eta umorea eskainiko ditu hilaren 7an Bilbao BBK Live jaialdia hartzen duen eremuan, Musika Tresna Birziklatuen Cateura Orkestraren, Suakai Philharmonic nafar taldearen eta Grison musikari eta umoristaren eskutik.
Musika Bulegoa Sariek euskal musikaren sormenerako gaitasuna goretsi dute
Biarritzen egindako ekitaldi batean, sektoreko elkarteak Olaia Inziarte, Jon Sáenz, Maite Ruiz de Erentxun, Sara Zozaya, Maite Larburu, Izaki Gardenak, Ezezez, Ødei, Fermin Muguruza, Javier Corral “Jerry” eta Xabi Aburruzaga saritu ditu.
'Otsaila', Eñaut Elorrietaren abesti berriaren bideoklipa
Milaka lagunek gozatu dute BECen El Ultimo de la Fila taldearen kontzertuan
Manolo Garcia buru duen taldeak bere abestirik ezagunenak eskaini ditu emozioz betetako hitzordu honetan, nostalgia protagonista nagusi zelarik.